-

Joxe Rojas

2009ko Ekainaren 05a

Honezkero okindegiko elkarrizketetan ere hitz egiten da prentsaren krisiaz. Eta aurreiritziak ere aise zabaltzen ari dira krisi horren jatorriaz: askok Interneti begiratzen diote kopetilun, eta hari egozten diote errua.

Hango eta hemengo azterketek diotenez, betiko egunkarien kontsumoaren jaitsiera parez pare doa Internet bidezko albiste kontsumoaren hazkundearekin. Paperaren gainbehera eta digitalaren «loraldia» batera gertatzen ari dira beraz, baina... bata bestearen ondorioz, ala biak ere hirugarren fenomeno baten ondorio paralelo gisa?

Zaila da jakitea, baina egin dezagun ariketa. Ezin ukatu Interneten zabalkundeak ohitura aldaketa nabarmenak ekarri dizkigula albisteak eskuratzeko ohituretan, baina egunkarien gainbehera askoz ere lehenagotik dator: Ameriketako Estatu Batuetako Egunkarien Elkarteak dioenez, 80ko hamarkadaren lehen erdian hasi zen gaur arte etenik izan ez duen beherakada, hala kaleratzen den argitalpenen kopuruan nola haien tirada globalean.

Garai hartan, 1984 eta 1985 urteetan, Internet zientzia-fikzioa zen, literalki. Ordenagailu pertsonalak oso-oso urriak ziren artean. Beste hamar-hamabost urte pasatu ziren Internet benetan ezaguna izaten hasi arte (nork hitz egiten du gaur egun «informazioaren autopistaz»?), eta beste pare bat gutxienez albistegi digital serioak sortzen hasi arte. Hala eta guzti ere, egunkarien produkzioa eta zirkulazioa ehuneko hamabost inguru murriztu ziren tarte horretan.

Prentsaren gainbehera, beraz, ez da -ez soilik- sarearen errua. Beste eragileren bat egon behar du, Internet bera baino lehenagokoa eta, akaso, prentsari kalte egiten dion neurri berean albistegi digitalen alde egiten duena. Eragile transbertsala seguruenik, gure bizitzako alderdi asko bustitzen dituena, prentsaren inguruko eragina ia ikusezin bihurtzeraino.

Termino horietan pentsatzen hasita, erabat inguratuta gaituen logika kontsumista izan daiteke eragile horietako bat. Albisteak kontsumo gai bihurtu dira/ditugu/dizkigute. «Erabili eta bota» filosofiak albiste kontsumitzaile konbultsibo bihurtu gaitu, eta gero eta gehiago nahi dugu denetik. Are gehiago: supermerkatuan mermelada klase bakar bat egotea gustatzen ez zaigun bezalaxe, albiste iturri edo mota bakar bat izateak ere ez gaitu asebetetzen. Kontsumitzailearen «aukeratzeko askatasuna» da gure gizarteko zutarrietako bat, eta askatasun hori egiteko, derrigorra da produktu mota bakoitzeko eskaintza zabala izatea. Supermerkatuko apalean mermelada marka bakar bat egoteak, beti erosten dugun berbera bada ere, kontsumitu nahi duguna aukeratzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena da.

Eta noski: idatzizko prentsak nekez erantzun ahal dio filosofia horri. Egunkaria estatikoa da, beti berdina, goizeko bederatzietan zein gaueko hamaiketan begiratu. Irratiak eta telebistek, berriz, eduki dinamikoagoa dute, aukera gehiago: programa ezberdinak, kate ezberdinak... Errazago jartzen digute kontsumitu nahi duguna aukeratzea.

Albistegi digitalak pausu bat harago doaz: edukiak ez daude parrilla edo ordutegi jakin baten arabera ordenatuta, supermerkatuetako apaletan bezala baizik. Albiste bakoitzeko hamaika bertsio ezberdin (itxuraz, gutxienez), apalategi erraldoietan bata bestearen ondoan, eta guk geuk aukeratzen dugu zein eskuratu nahi dugun. Berdin da barruko mermelada berdin-berdina bada ere, gauza da apalategian pote asko egotea, tamaina, kolore eta itxura ezberdinetakoak.

Albisteen kontsumo masiboa errazteko, beraz, komeni da kontsumitzaileak ahalik eta informazio iturri gehien izatea, edo inpresio hori jasotzea behintzat, eta, ahal dela, eskuratzen dituen albisteak ahalik eta laburrenak izatea. Eta eredu horri nekez erantzun diezaioke prentsa idatziak, ez orain, ez duela 20 urte. Beharbada, hari horretatik ere tiratu beharko da apur bat egunkarien gainbehera ulertzeko.