infraganti -

Ipar Euskal Herriko euskaldun askok «Herria" astekariarekin ikasi dute euskaraz irakurtzen. 65 urte bete ditu. 3.000 zenbakira iritsi da. Hori ospatzeko Hazparneko Xuri Atea jatetxean bildu ziren astekaria kudeatzen duen elkartea eta berrogei bat berriemaile. Urte osoan egiten duten lanaren ordaina omen da bazkaria. Zuzendariarekin egon ginen.

Joxean Agirre

2009ko Ekainaren 05a

Baionako Jacques Laffitte kalean «Herria» astekariak duen egoitzak zaharkinen xarma du: zeruraino luzatzen diren sabaiak, karranka egiten duen zorua, paperez kargatutako mahai sendoak. Han ari da lanean Mari Jan, astekariko administrazioa daraman emakumea, eta han aurkitu genuen Jan Battitt Dirassar, zuzendaria.

Hazpandarra da. «Herria» astekarian zorroztu zuen luma, 18 urte zituenean, eta idaztetik bizi izan da geroztik, Paueko «L'Eclair Basque»n egin baitzuen lan lehenik eta, ondoren, «Sud-Ouest»en, erretreta hartu zuen arte. Frantsesez idazten eman zituen urte horietan ere harreman zuzena izan zuen «Herria» astekariarekin eta erretiratu zelarik, zuzendari izateko deitu zioten.

Jan Battitt Dirassar 1937an jaio zen, Hazparneko baserri batean. «Hegiko bordatik» izeneko liburu batean bildu zituen haurtzaroko oroitzapenak. Elkarrek argitaratu zuen, 1995ean. Liburu horretan kontatzen du, eta «Herria»ren egoitzan aipatu zuen berriro, Francok zeharka bada ere egin zion mesedea.

«Francori zor diot osasuna. Urte eta hilabete batzuk nituen, bakarrik eritu nintzen eta etxera etortzen zen Mathieu medikuak, euskaldunen eta iheslarien alde hainbeste lan egin zuen Clemant Mathieu apezpikuaren anaiak, ez zidan asmatzen, ahalegin guztiak alferrik izan ziren. Sendatu ezinik nenbilela, Bilboko mediku abertzale bat etorri zen Iparraldera ihesi, Francok haizaturik, eta Mathieuk etxean hartu zuen. Ni gaixoturik nenbilen batean gure etxera ekarri zuen eta hark emandako erremedioari esker sendatu nintzen. Geroztik, beti esan dut mesede handi hori egin zidala Francok», hasi zen Jan Battitt Dirassar bere haurtzaroko gertakari zenbait gogoratzen.

Ez du familiarik Hazparnen, baina etxe txiki bat badute sorlekutik gertu eta askotan biltzen dira han, bi seme eta alabaz gain, bost biloba baititu dagoeneko. Seme zaharrena, Panpi Dirassar, ABko bozeramailea da.

40 berriemaile

Ereduren baten bila hastekotan, Gipuzkoan «Arantzazu»k bete du antzeko zeregina eta «Karmel»ek Bizkaian, bi agerkari horiek baserri guztietara iristen baitziren lehen, eta askotara iristen baitira oraindik ere. Badago, ordea, ezberdintasun bat, askok besterik uste badute ere, «Herria» ez baita elizarena. «Erlijio kutsua badu, atal bat eskaintzen zaiolako erlijioari, baina ez da elizarena eta ez da inoiz izan. 1944an sortu zen «Herria», «Eskualduna» astekaria desagertu zenean. Alemanak hemen nagusi ziren urteetan sortua zen astekari hori eta alemanak joan zirelarik, desagerrarazi egin zuten, beste agerkari asko bezala. Orduan, euskaltzale multzo batek erabaki zuen euskarazko beste astekari bat sortu behar zela, aurrekoaren segida izango zena. Talde horrek Piarres Laffitteri eskatu zion lan hori bere gain hartzeko eta honek, apaiza izaki, gotzainari baimena eskatu behar ziola erantzun zuen. Horregatik, askok uste izan dute apezpikutegiko astekaria dela. Baina ez da horrela, nahiz eta ni sartu arte zuzendari guztiak apaizak izan diren. Egia da, bestalde, ez garela kontrakoak ere izan. Astekaria kudeatzen duena kultur elkarte bat da», jarraitu zuen kontatzen.

Bi mila eta bostehun ale banatzen ditu «Herria»k Ipar Euskal Herrian. Horrek esan nahi du euskal familia askotara iristen dela eta garai batean baserri gehienetan hartzen zutela. «Hutsuneak baditugu, Zuberoan batez ere, baina familia euskaltzale gehienetara iristen da eta banaketa harpidetza bidez egiten dugu», esan zuen.

Formatu handiko bi orrialde zituen Jan Battittek ezagutu zuen garai bateko «Herria» hark. Orain zortzi orrialde ditu eta hamabikoa atera nahi dute tarteka. «Garai hartan ez zuen argazkirik. Orain, nahi beste sartzen ditugu. Lau orrialdera pasatu ziren eta orain zortzirekin gabiltza. Lau orrialdetan kolorea sartzen dugu», erantsi zuen.

Atal finko samarrak ditu astekariak. Lehen orria bi berri nagusirekin eta editorial batekin zabaltzen dute. Joan den asteko zenbakian, esaterako, korsikarrekin egindako kultur topaketak eta Baigorri aldean aurreko asteburuan izandako lasterketak izan ziren albiste nagusi. Nazioarteko gertakariak eta Estatu frantsesekoak datoz bigarren orrialdean, baina bi horiei adina leku ematen zaie Hegoaldeko berriei ere. Astekariaren atal nagusia, hala ere, herriz herri berriemaileek osatzen dutena da. «Berrogei bat berriketari ditugu. Denetik da horien artean, badira gaztetxoak eta badira zaharrak ere. Sarakoa genuen zaharrena, 97 urte zituen eta aurten hil da. Iaz arte lanean jardun zen eta 96 urterekin idazten zuen. Paul Delpech zen bere izena», esan zuen. Badu «Herria»k diasporako berriak ematen dituen atala ere. Herriz herriko atalean, bakoitzaren euskara errespetatzen dute.

Bizitza osoa idazten

Bizitza osoa eman du Jan Battitt Dirassarek idazten. «Nik lehen idazlanak orain 54 urte egin nituen, 18 urte nituenean. Jean Iriart-Urrutik bazekien idazteko zaletasuna banuela eta galdetu zidan ea nahi nuen pilotari buruz «Herria»n idatzi. Zergatik nuen idazteko zaletasuna? Hori ez dakit, ene baitatik jaiotzen zitzaidan zerbait zen. Beti esaten nuen berriketari lanetan edo berriemaile lanetan arituko nintzela eta hortxe hasi nintzen, ez baitzegoen orduan euskaraz idazteko beste aukerarik, beste agerkari guztiak frantsesez ari baitziren osoki», esan zuen. Laffittek aspaldidanik nahi omen zuen pilotari buruzko sail hori abian jarri, baina ez zuen idazlerik. Zerbait berezia zegoenean berak idazten omen zuen.

Soldadu joan zen Bordelera, baina asteburuetan sarri etortzen zen etxera eta jarraitu zuen pilotari buruzko sail hori egiten. Gero, Pauen ateratzen zen «L'Eclair Basque» erdarazko egunkarian hasi zen lanean eta hamar urteren buruan sartu zen «Sud-Ouest»en. «Gai xumeekin, tokian tokiko gaiekin ibili naiz beti, Baionan bost urtez eta hogei urtez Donibane-Lohizunen. Ni gaztea nintzenean, Iparraldeko albisteentzat bi orrialde zituen bakarrik eta gehituz joan da geroztik. Tamalez, hemengo edizioan Zuberoa kanpoan uzten dute eta Paueko edizioan sartzen dute. Duela hamahiru urte hartu nuen erretreta. 72 urte ditut dagoeneko. Nik beti kolaboratu izan dut «Herria»rekin. Gero eta sail gehiago egiten ari nintzen eta modu naturalean etorri zitzaidan zuzendari lana ere orain sei urte», esan zuen.