Rosa Jove, psikologoa -

«La crianza feliz» liburua kaleratu du, beharrezkoa ikusten zuelako izenburu baikorra zuen liburu bat. Izan ere, garbi dauka gehiago salduko dela «Diktadore txikia" izenburua duen liburua «Beren etxea nola eraman ez dakiten sututako gurasoak" izenekoa baino. Zergatik? Liburuak gurasoek erosten dituztelako eta izenburu horiek ondo sentiarazten dituztelako

Amagoia Mujika

2009ko Ekainaren 05a

Zoriontsu haztea lor daiteke. Hori da zure liburuaren abiapuntua. Beharrezkoa al da hori nabarmentzea?

Bada, egia esan, oso beharrezkoa. Liburutegietan buelta bat emanez gero, azkar konturatzen gara haurren inguruko liburu gehienek oso titulu ezkorrak eta izugarriak dituztela: «Lagundu, seme-alaba nerabe bat daukat», «Diktadore txikia», «Ondo portatu. Bai, ama» eta mota horretako beste asko. Izenburu horiek seme-alabak izatea gauza izugarria balitz bezala azaltzen dute. Horregatik, nire ustez, beharrezkoa zen izenburu «zoriontsua» zuen liburu bat kaleratzea, zoriontsu haztea posible dela gogorarazteko.

Gainera, haurren inguruko gero eta liburu gehiago dago.

Haurren inguruan asko eta asko idazten dugu gaur egun eta autoreen eta liburuen arteko lehia handia da. Zein liburu saltzen dira gehien? Bada, normalean, haurrentzat izenburu peioratiboak dituztenak eta gurasoak ondo sentiarazten dituztenak. Beti gehiago salduko da «Diktadore txikia» izenburua duena «Beren etxea nola eraman ez dakiten sututako gurasoak» izena duena. Zergatik? Liburuak gurasoek erosten dituztelako, ez haurrek. Autore askok joera horrekin bat egin dute eta oso izenburu deigarriak erabiltzen dituzte, errua haurrei bota eta gurasoak ondo sentiarazteko. Baina errealitatea ez da horrelakoa, zorionez. Noski, guraso batek esango du bereak ez duela ondo jaten eta beste batek bereak ez duela ondo lo egiten, baina guraso izatea ez da hain gauza izugarria eta haurrak ez dira diktadore hutsak.

Esan duzun bezala, haurrei buruzko gero eta material gehiago dago. Egun, ezin al dira haurrak hazi libururik irakurri gabe?

Nahiago nuke horrela balitz! Horixe litzateke onena. Haurrei buruzko liburuak beharrezko ez direnean, zoriontsua izango naiz, neronek ere horrelakoak idazteko beharrik ikusten ez dudanean. Bihotzari kasu egin behar zaio. Familia bat elkar maitatzen duten lagunek osatzen dute eta familia hori ondo moldatzen bada, kito, ez da besterik behar. Nik beti esaten dut, eta barkatu zakarra baldin banaiz, norbait ezkontzen denean ez dela joaten estatistika institutura gehiengoak astean zenbat koito egiten dituen jakiteko. Bikote bakoitzak nahi duenean jotzen du larrua eta kito. Bikote bati ondo doakiona da zuzena eta ez du inongo estatistikaren beharrik. Bada, familia batean, berdin. Familia batentzat ona bada elkarrekin lo egitea, egongelako mahaian afaltzea... bada, egin dezala. Familia bakoitzak bere zoriontasuna bilatu behar du eta inork ezin dio esan zer dagoen ondo eta zer gaizki.

Aldiz, liburu askoren eta telebistako saio askoren helburua ereduak finkatzea da.

Noski, aholku horien guztien atzean produktu bat dagoelako, interes komertzialak daudelako. Liburu bat saldu nahi dute, metodo bat aurrera eramateko materiala saldu nahi dute edota ikus-entzuleak erosi nahi dituzte. Finean, kontsumo helburu batzuk dituzte. Izan ere, gurasoei beren bihotzaren arabera jokatzeko esanez gero, horrekin ezin dute ezer saldu, hori oso merkea da eta ez da baliabide handirik behar.

Gurasoei begira, informazio gehiegi izatea kaltegarria gerta al daiteke?

Nik ez dut sekula esango informazioa txarra denik. Gurasoek informazioa izan behar dute, baina, hortik abiatuta, beharrezkoa da irizpide batzuk izatea, egokia zer den eta zer ez den erabakitzeko. Baina, batez ere, informazio horren aurrean iragazki bakarra bihotza da. `Nire familiari hau ondo dagokio eta beste hau ez'. Hori izan behar dute buruan gurasoek.

Hitz egin dezagun zure liburuari buruz. 0-6 urtera arteko tartea hartu duzu kontuan.

Oso garrantzitsua delako adin-tarte hori. Noski, besteak ere garrantzitsuak dira eta 15 edo 20 urte bitarteko hazibiderari buruz idatz genezake. Baina, tira, 0-6 urtera arteko tartea funtsezkoa da.

Ohituren eta errutinen garrantziari eskaini diozu lehen zatia.

Ez daukate batere garrantzirik. Nire ustez, ohiturazko eta ohiko bizimodua daramatenak dira bizitzaz gutxien gozatzen dutenak. Ezusteko txikiak dira bizitzaren alderdirik politenak. Bizitzak berez sortzen dizkigu ohiturak, ordutegiak ezartzen dizkigu, ez ditzagun gehiago jarri guk! Gutxieneko ohitura batzuk behar dira, gure bizitza erritmora moldatzeko, baina ez dezagun dena errutina eta ohitura bihurtu. Haurrek badituzte dagoeneko ohiturak eta ordutegiak. Errutina horiek haustea da politena, horretarako daude oporrak eta asteburuak. Esaterako, asteburuetan lanarekin ahaztu ezin den jendea oso arriskutsua da.

Gutxitxo jaten duten haurrak. Horri buruz ere aritu zara.

Hori iritzi edo uste bat besterik ez da. Gure artean ez da haurrik hil ez jateagatik. Egia da badirela oso haur argalak; horietako batzuk ondo jaten dute beren gurasoen ustez, eta beste batzuek ez. 0-6 urtera bitarteko anorexiak ez dira existitzen. Gertatzen diren kasu urrien atzean trauma oso gogorrak izaten dira eta, horietan, garrantzia gutxien duena haurrak gutxi jatea da. Baina, normalean, kasu horiek ez dira gertatzen. Badira gutxi jaten duten haurrak, baina behar dutena jaten dute eta horietako inor ez da hiltzen. Ameriketako Elikadura Akademiaren azken txostenak garbi esaten du haur batek ondo eta osasuntsu jateko nahikoak direla hiru baldintza: gurasoek modu osasuntsuan jatea, haurrari eskaintzen zaizkion elikagaiak osasuntsuak izatea eta, hortik aurrera, haurrak erabaki dezala zer, nola eta noiz jan.

Kasketak eta biraoak ere aipa-tzen dituzu liburuan.

Biraoak ikasitakoak izaten dira beti. Katalunian, esaterako, haur askok biraoak esaten dituzte, katalanez edo gazteleraz. Ez dut ezagutzen Katalunian biraoak alemanieraz botatzen dituen haurrik. Alegia, biraoak haurrak entzun eta ikasi egiten ditu. Hortik abiatuta, erakutsi behar zaio badirela beste modu batzuk bere haserrea adierazteko. Finean, haurrak bere haserrea adieraztea ondo dago. Baina `ama, tonta' esan beharrean `zurekin asko haserretu naiz eta ea konpontzen dugun' esan dezakeela erakutsi behar diogu. Beraz, biraoak ikasi egiten ditu haurrak eta landu beharreko kontua da.

Kasketena beste kontu bat da.

Kasketak ez dira ikasten eta ez dira arrazionalak. Haur guztiek dituzte kasketak, toki guztietan eta kultura guztietan. Normalean, bi urtetik aurrera, haurra independentzia adierazten hasten da, desioak adierazten. Eta, batzuetan, desio horiek eta gurasoenak kontrajarriak dira. Aditu batzuen arabera, kasketa bat hauxe da: espazio berean elkartzen diren bi desio kontrajarri. Haurrak gauza bat asko desio du eta bere gurasoek ez. Orduan, haserretu egiten da, berak asko maite dituen pertsonek ez dutelako bere desioekin bat egiten eta anbibalentzia horrek zirkuitulabur bat eragiten dio. Orduan kolapsatu egiten da eta negar egiten du. Bere gurasoekin bezain haserre dago bere buruarekin. Haurra oso txikia bada, urtebete ingurukoa -oso gutxik dituzte kasketak adin horretan- gerturatzea eta lasaitzea da onena. Helduagoa denean eta hitz egiten duenean, kasketak errazago konpontzen dira. Haurra ulertu beharra dago eta bere desioan arrazoia duela esan behar zaio, nahiz eta horrek ez duen esan nahi desio hori lortuko duenik. Baina nahi duen hori zergatik ezin duen lortu agertu behar zaio. Hortik aurrera, akordio bat bilatu beharra dago, haurraren eta gurasoen desioen arteko erdibide bat.

Haurrak pertsona bezala tratatu behar direla nabarmentzen duzu zure proposamen guztietan. Askotan ez da horrela gertatzen, ezta?

Adibidez, denbora asko ematen dugu haurrei jostailuak jasotzen irakasten. Eta gero, helduak direnean, haurrik ez baldin badute, irakaspen horrek ez die ezertarako balio izango. Aldiz, erabakiak hartzen ez diegu irakasten eta beren bizitza osoan hartu beharko dituzte erabakiak.

Anai-arreben arteko jeloskortasunaz ere aritu zara.

Anai-arreben arteko jeloskortasuna ez da jeloskortasuna. Zelotipia bezala ezagutzen dena, indarkeria matxistaren kasuan asko gertatzen dena, beste gauza bat da. Kasu horretan, pertsona batek uste du beste bat bere jabetzakoa dela eta ez du inorekin konpartitu nahi, ez du beste inork begiratzea edo ukitzea nahi. Eta anai-arreben arteko arazoa ez da hori. Haurrak ez dauka arazorik bere anai-arreba konpartitzeko. Haurrek izaten duten jeloskortasunari psikologian moldaketa-nahasketa esaten zaio. Aldaketa bat gertatu da bere bizitzan eta horretara moldatzen ari da. Hartara, anai-arreba txikiaren etorrerak ekarritako aldaketak ahalik eta samurrenak izan daitezen egin behar da lan. Horretarako, ondo legoke haur helduena txikiarekin egiten diren ekintzen parte bihurtzea, prozesuaren parte dela senti dezan. Eta hori, askotan, ez da ondo egiten. Guraso askok esaten diote helduari, `bihar, txikia amonarekin utzi eta biok parkera joango gara'. Eta helduenak pentsa dezake, `orduan, ni eskolan uzten nautenean, agian txikiarekin parkean egoten dira'. Ez da komeni bereizketa horiek egitea. Denok familia bat gara eta elkarrekin egiten ditugu gauzak, hori da ideia.

«Zoriontasunak lasaitasuna eta beldurrik eza emango dio». Oso erraza dirudi.

Baina horrela da. Eduard Punsetek garbi esaten du bere liburuetan: `Beren bizitzan estresik ez duten pertsonak, hipotekaren beldurrik ez dutenak, bikotekideak utziko dituen beldur ez direnak... horiek zoriontsuak dira. Estresik eta beldurrik gabeko bizitza da benetako zoriontasuna'. Bide horretan, gure seme-alabaren beldurrak gutxitzea lortzen badugu, haur lasaia izatea lortzen badugu, edozein unetan bere gurasoen laguntza izango duela sinestarazten badiogu, haur hori zoriontsua izango da. Batzuetan, pentsatzen dugu haur guztiak zoriontsuak direla eta ez da egia. Baina haurrak oso onak dira eta azkar ahazten dituzte gertatzen zaizkien gauza txarrak. Bi eta zazpi urte bitarteko haurren antsietatea neurtuz gero, gehienek antsietate dezente daukate. Eta berdin bost-zortzi urte bitarteko haurrek. Badira horretarako prestatutako neurketak eta horietan garbi ikusten da haurren antsietate maila.

Hori horrela izan da beti edo aldatu egin da azken hamarkadatan?

Ez da beti horrela izan, baina azken 30 urteotan aldatu egin da, haurrak behartu egiten ditugulako. Nire amak, esaterako, familia ugaria izan du. Seme-alaba batzuk hamaika hilabeterekin hasi ginen ibiltzen eta beste batzuk 13-14-15 hilabeterekin. Berdin zitzaion, bazekielako azkenean denak hasiko ginela ibiltzen. Baina, orain, gure haurra ez bada ibiltzen hasten hamabi hilabeterekin larritzen eta kezkatzen hasten gara. Gurasoengan eta haurrengan sekulako presioa egiten dugu, denek gauza berdinak egin ditzaten aldi berean, eta hori ezinezkoa da. Normala da haurrek antsietatea izatea, egoerak hori sortzen duelako.

 

DATUAK  Rosa Jove Montanyola (Lleida, 1961), psikologoa da. Haurren eta gaztetxoen psikologia klinikoan espezializatuta dago, baita psikopediatrian ere. Historian eta Geografian lizentziatua da eta hazkuntza antropologian espezializatua. Haurren inguruko artikulu eta liburuak idatzi ditu, “Dormir sin lágrimas” liburu arrakastatsua, tartean. Duela gutxi, “La crianza feliz” liburua kaleratu du, 0 eta 6 urte bitarteko haurren ingurukoa.