-

Uxue Alberdi

2009ko Ekainaren 05a

Espia esan, eta gabardinak imajinatzen ditugu. Betaurreko beltzak. Grabagailuak. Bideo-kamera txikiak ezkutatzen dituzten ordulariak. Argazkiak. Watergate. Espainiako PP. Seme-alaben logelak kameraz zelatatzen dituzten guraso postmodernoak. Sekretak. Egunkari orrien atzean ezkutaturiko begiradak. Telefono zulatuak. Sarraila bat bainugelan.

Inor ez da bere barneko espia txikiarekin akordatzen.

Umetan, arreba nagusiaren gelako giltza-zulotik begiratzen zuen. Aita-amen arteko sexu-harremanak zelatatzen zituen nerabezaroan. Eta orain? Orain, bikotekidearen sakelakora iristen diren mezuak miatzen omen ditu. Bai, aizue, biztanleriaren %31k omen du bikotekidearen mezuak irakurtzeko ohitura (batez ere, amoranteren bat dutenek zelatatzen dute ondokoa, lapurrak denak lapurtzat omen ditu...). Gehienek bikotekidea dutxan dagoen uneak probesten omen dituzte espioitzarako. Ur txorrota entzutearekin batera, mezuak azkar-azkar irekitzen dituzte, eta sakelakoa lehenbailehen zegoen lekuan uzten, ea pantailako argia itzaltzen zaion bikotekidea ur tantak darizkiola itzuli aurretik. Eta deskubritzen omen dituzte maitale zaharrak eta berriak, ezkutuko drogazaletasunak, pasio ezezagunak... Eta esango duzue. Zertarako? Zertarako zelatatu bestearen intimitatea horrek min egingo badigu? Ba, argi dago: geronen intimitatea zelatatzea baino errazagoa delako.

Nork jarri ditu kamerak Bilboko San Frantzisko auzoan? Nork, Leioako kanpusean? Kontrolaren aldeko horiek onartuko al lukete begiluzerik euren etxeetan diruditena bezain hiritar zintzoak ote diren egiazta dezagun?

Galdera errazago bat: nork ez du sekula igerileku batean pixik egin? Plazer ezkutu horietako bat da, eta plazer ezkutu guztiak bezala beldurrari lotuta etorri ohi dena. Urliak uretan pixa egitea erabaki du, baina lehenengo beldurra: igarriko balidate? Eta pixa igerian ari den bitartean egitea erabaki du, beso bat eta gero bestea, disimuluan, igerilekuko erabiltzaile eredugarria balitz bezala, txano eta betaurreko eta guzti. Baina hirugarren besakadan, alarma gorria: eta gernua detektatzen duen tindu hori izango balu igerilekuak? Pixa eginez gero ura berde jarriko balitz? Igerian doala pixa geldiarazten saiatu da urlia, etorriari eusten, tantei tira egiten, barrurantz. Kontu handiz, bira egin eta egindako bideari erreparatu dio: arrasto berderik ez. Lasai hartu du arnasa, baina jada ez du pixa egiteko gogorik.

Ezkutuko larru-jotzeen antz apur bat badu, ezta?

Eta galderekin jarraituz: zergatik dute halako arrakasta reality showek? Zergatik gustatzen zaigu pertsonak jaten, kaka egiten, negarrez, larrua jotzen ikustea? Zergatik gustatzen zaigu pertsonak jaiotzen eta hiltzen ikustea? Ez ote da -bitxia dirudien arren- gutxitan ikusten dugulako? Pertsonok animaliekin parekatzen gaituen edozer ezkutatzeko joera dugulako? Lehengo batean aipatu nuen Larrua hotz liburuko beste perla bat datorkit gogora: basakeriaren eta zibilizazioaren arteko muga bizarra ondo egitea moduko gauza txikien menpe dago. Edo Eta galderekin jarraituz: zergatik ez kamerak atxiloketa zentroetan? Zergatik bai nerabeen logeletan? Zergatik ez epaileen komunetan? Zergatik bai dendetako korridoreetan? Zergatik ez enpresaburuen despatxuetan? Zergatik bai? Zergatik ez?

Ez gara geure buruari begiratzen ausartzen, eta sarrailetatik kirika egiten dugu. Urduri. Gabardina jantzita. Nor bere etxeko Watergate txikian. Eta halako batean ohartzen gara: munduko sarraila guztietatik gure zilborra ikusten da.