-

Nagore Amondarain

2009ko Ekainaren 05a

Cristina Narbonak Gasteizko berrogeita bost kilometrotako bizikleta ibilbidea, Eraztun Berdea deiturikoa, inauguratu zuen egunean ikusi genituen Alfonso Alonso eta lagunak bizikleta laranja batzuen gainean ibiltzen. «Harrez gero, bost urte pasa dira eta Euskaltelek emaniko bizikleta horiek ugarituz doaz Gasteizen. Alfonso Alonsoren garaiak utziriko herentzia onena dela esan genezake. Hiriko iparraldean hartu eta hegoaldean utz dezakezu, horrela nahi beste aldiz. Hiriaren ingurumaritik ibil zaitezke, baina ezin zara hiritik nahi beste urrundu. Arau zorrotzak aizu! Baina esango nuke ez direla oso arau betearazleak, ea nork hartzen dien kargu bizikleta laranjak aldean hartu eta Marokora joan diren horiei. Horrela dela esaten baitute, Marokoko herriak Gasteizko bizikleta laranjaz josita daudela.

Baina bizikleta horiez gain, auzokoen bizikletak behatuz gai horretan espezialista bihurtzen da bat. Betiko mendi bizikletak dituzte gure auzokoek, bata astean zeharrerako eta bestea domeketarako. Hemen ere lehen eta bigarren graduko janzkerak. Diskretua izan beharra dago hirian nonahi bizikleta kateatzeko orduan, ohikoa baita eserlekurik gabe edo bizikletarik gabe geratzea horrelako geldialdi batean. Hortxe egoten dira denak bakar antzera kateatuak, figura estua duen pertsona hanka bati bezala kateatuak. Bizikleta batek bestea nola «gorteiatzen» duen imajina dezakegu batzuetan, katearen nahas-mahas horretan, albokoaren katearekin bat eginda, korapilatuta. Askatzea zaila izaten da batzuetan, ez badira behinik behin biak aldi berean askatzen, eta horrela, ugazabei aukera ematen euren «gorteiatze» propioa egiteko.

Antzinako era imitatzen duten bizikleta beltzak ugari ikusten dira azkenaldian, gune komertzial handietan beherapenetan eskaintzen baitituzte zientoka. Ez da erraza izaten zein den zeinena asmatzen. Baina enkantu bereziagoa dute, zahar erako benetako pieza zaharrek, ongi begiztatu dezakezu urrutitik zurea zein den, hirian bi berdin ez baleude moduan. Tabernara sartu aurretik badakizu zein bizikletaren ugazaba iritsi den dagoeneko.

Usaimenarekin arrastoa segitzea baino eraginkorragoa den teknika. Zahar ukituarekin nahikoa ez eta tuneatzeko ohitura ere badago, otzara bat jarriz aurrean edo lonazko zorroak atzealdean.

Sektorea ere krisian omen dago. Errubera zulatu eta bizikleta dendaren kanpoan ikusi berri dut bizikleta zale amorratu bat, denda atarian errubera aldatzen. Horrelako eskulan erraza ordaintzea bekatua baita garaiotan. Udaletxea aipatzen hasi eta bukatu behar dugu gaurkoa. Argi ondoriozta daiteke bizikleta zale hiria dela hau, adibide bat gehiago, udaletxeak abian jarri duen Txirrindu proiektu berria. Beharrei men egin beharko lieke udaletxeak, orokorrean horrela balitz... Giza izter formakoetara kateatu beharrean gauez bizikletak, Aiztogile kalean lonja bat ireki dute, bizilagunek bi urteko epean bertan utz ditzaten bizikletak.

Alde zaharreko bizikleta zaleek ez dute etxeetara igotzen ibili beharko euren bizikleta, ez hirugarren, ez laugarren solairurik... hutsik zeuden sotoak erabiliko dituzte, beraz, horretarako.