Zigortzaileak -

Beti erasoka dabiltzan ikaskide batzuei aurre egitea erabakiko du neska talde batek. Zigortzaileak izeneko taldea sortu eta mendeku txikien bitartez mutil erasotzaileak zigortuko dituzte. Hauxe Arantza Ibarrak eta Alfonso Arandiak datozen asteetan Portugaleten errodatuko duten filmaren abiapuntua.

Xole Aramendi

2009ko Ekainaren 05a

Portugaleteko Gazte Aretoan aurkitu dugu «Zigortzaileak» filmaren lantaldea, casting-aren azken txanpan. Dagoeneko 1.100 haur pasa dira euren begien aurretik eta pantaila handian agertuko diren aktore taldea zehazten ari dira.

Protagonistak bederatzi ume dira, 9-11 urte bitartekoak: Leire, Ainara, Sandra, Leo eta Angel, besteak beste. Neskak aurkitzea errazagoa izan da, baina mutilen kasuan zalantzaren bat dutenez, badaezpada nagusitxoagoen bila hasi dira. «Kosta egiten da, eurek daramatelako pelikularen pisua. Eta adin nahiko konplikatuak dira. Badakigu zer nahi dugun, baina gaitza da aurkitzea. Eta hori suertea izan dugula, milatik gora ume ikusi baititugu. Baina pelikula hasteko eguna badator eta oraindik sabelean korapiloarekin gaude», kontatu digu Loli Astorekak. Erraztasuna eskatzen zaie umeei. «Euskaraz hitz egiteko erraztasuna, askatasunez jolastea, antzeztea eta egotea», laburbildu du Astorekak. Eta ez da erraza. «12-13 urteko ume ba-tzuei eskatu behar zaie gaizto papera egiteko. Eta hainbeste jende begira daukatenean, lotsatu egiten dira», jarraitu du aktoreak.

Casting-aren lehen zatian, oinarrizko galdera batzuetatik abiatu dira. Hurrengo saioan, sekuentzia txiki bat antzezteko eskatu diete. Une horretan, gaztetxoen izaerarekin eta portaerarekin filmeko pertsonaiak ezkonduz joan dira. Umeek euren artean kamera aurrean zer inpresio eragiten duten ere aztertu dute. «Orain elkarrekin puzzle bat sortu behar dugu», dio.

Pantaila handian irakasle rola beteko du Astorekak. Gaztetxoek daramate pisua eta inguruan Anne Igartiburu, Carlos Sobera eta Xabier Elorriaga izango dituzte. Rafael Amador espainiar dantzariak ere proiektuan parte hartuko du.

Gaia interesgarritzat jo du Astorekak. «Casting-era datozen ume batzuek esaten digute euren eskolan ezagutzen dutela era honetako egoerarik. Beti gertatu da, baina ez modu berean. Lehen etxera joan eta gurasoek zaplasteko bat ematen ziguten. `Maisuak zigortu bazaitu, zerbaitegatik izango zen', esaten ziguten. Orain, irakasleen aurka jotzen dute gurasoek. Pelikula honek erreflexiora bultzatuko du, seguru».

Lehenengo esperientzia

Lehenengo esperientzia du Astorekak casting-ean. «Gustukoa dut, baina uste dut modurik gaitzenean hasi naizela; aktore heldu profesionalekin errazagoa da. Dena den, lasai nago, bai Arantzak, bai Alfonsok, eurek dute azken hitza eta».

Arantzarengana jo dugu. Pozik dago, hainbat urte gidoia atez ate aurkezten eman ondoren. «Publizitate arloan egin dut lana hamar urtean, sortzaile moduan. Baina beti eduki dut barruan nituen kontuak konta-tzeko gogoa. Ipuinak eta gidoiak idazten hasi nintzen. Hasieran gidoiak ziren, animaziozkoak batez ere, eta ondoren ipuinak, marraztea ere gustukoa dut eta», azaldu du.

«Zigortzaileak» pelikularen gidoiarekin duela hiru urte hasi zen. «Beti entzuten dugu inguruan gai honi buruzko konturen bat. Eta beti drama bezala planteatzen denez, beste ikuspuntu batetik abiatzea pentsatu nuen. Ume normalak pantailaratu nahi nituen, baina denak batuta gaiztoei aurre egiteko gaitasuna daukatenak. Eta gaiztoei zigorrak ezarriko dizkiete, gaiztakeria gehiago egin ez ditzaten», esan du.

Hasieran, geldirik daude, baina pixkanaka rol aktiboa hartuko dute. «Filmaren hasieran ikusten da taldea nola sortzen den. Narratzailea eta protagonista neska bat da, kung-fu egiten duena. Mutil bat ere badago, ordenagailuarekin izugarri abila dena. Eta oso dantzari ona den neska bat, kolpeak-eta emateko oso ondo datorkiona», kontatu du. Ez du gehiegi aurreratu nahi, baina taldeak jarritako zigorrak oso xelebreak direla dio Ibarrak. «Pelikula honetako gaiztoak benetan gaiztoak dira», baina Ibarra seguru dago kasu honetan ere errealitateak fikzioa gainditzen duela eta «okerragoak» izango direla.

Izan ere, zuzendariak bere burua neurtu du kontu honetan, helburua ikusleak entretenitzea baita. «Guk ez dugu draman sartu nahi, umeak zinetik pozik atera daitezen nahi dugu», gaineratu du. Hala ere, gozarazteaz gain, Ibarrak mezu bat zabaldu nahi du: «Umeei esan nahi diet ez direla bakarrik geratu behar. Gurasoek eta irakasleek ez dakitenez zer gertatzen den (haurrek ez dietelako arazoaren berri ematen), haurrak batu egin behar direla eta aurrera egin. Zinematik atera eta guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketa sorraraziko balu, hainbat hobeto».

Casting-a Ipar Euskal Herrira ere zabaldu dute, «Zigortzaileak» taldeko kideetako bat bertakoa baita. «Euskal Herri osoko kultura islatu nahi dugu», azaldu du. Pertsonaia hauxe da filmean bakartuta dagoena. «Mutil argia da eta berarekin sartzen dira, baita neska batzuekin ere. Ikusiko da taldekideen lagun egingo dela eta errazagoa izango zaiola egoerari aurre egitea».

Adituen iritzia

Gidoia bukatutzat eman aurretik, zirriborroa pedagogo eta psikologoei eman die, euren iritzia jaso asmoz. «Zazpi bider berridatzi behar izan dut gidoia, adituen iritziak kontuan hartuta. Bi urte eta erdi eman ditut testua berridazten -esan du-. Gai zaila da eta kontuz ibili behar da, baina fikzioa da, ez errealitatea, superheroiak tartean izanik». Nahiz eta bullying gaia tratatu, ez da garrantzitsuena».

Galtzak bete lan dabil Ibarra. «Detaile txikiak ere ondo atera-tzea nahi dugu», esan du. Hala ere, zuzendaritza lana Arandiarekin batera partekatzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen dio. «Nire lehenengo esperientzia da, baina bera telebistan eta zineman ibilia da eta lasaitasuna ematen dit», kontatu du. Aste honetan bukatu dute casting-a. Entseguak dituzte aurretik, sei asteko errodajeari ekin aurretik. Ekainaren 29an dute eguna jarrita.

«Ni etengabe ari naiz gidoiak bidaltzen. Ziento bati bidali nion «Zigortzaileak» filmarena ere. Batzuek erantzun ere ez dute egiten. Hamar urte daramatzat honela», esan du. Azkenean, Txete Lara ekoizleak interesa agertu zuen. «Zaila da gure proiektuaren aldeko apustua egingo duen norbait aurkitzea. Pazientzia handia eduki behar dugu. Segi eta segi beste biderik ez daukagu, zoratu egiten gara -aitortu du-. Eusko Jaurlaritzari bidali genion gidoia, diru-laguntza eskatzeko asmoz. Gero EITBren laguntza etorri zen».

Estetika berezia izango du pelikulak. «Orain, superheroien arropak egiten ari dira jostunak. Z handi bat eramango dute zigortzaileek jantzietan», azaldu du.

Ibarrak berak egin ditu jantzien zirriborroak eta arropaz gain musika ere bere gain hartu du. «Baneuzkan bizpahiru kantu (hitzak barne) eginda eta orain beste bat idatzi dut propio», adierazi du, «pozik nabil saltsan».