Ez da dena ardoa eta garia Arabar Errioxan. Orain mende erdi bat arte olibondo sailak eta olio-errotak ikus zitezkeen herri gehienetan. Mekanizazioak eta ardoaren izendapenak baztertu zuen olioa, baina loaldi horren ondotik berriro indartzen ari da. Adora elkarteko Alberto Alecharekin egon ginen. Italiako Toskana dute eredutzat.
Joxean Agirre
2009ko Ekainaren 05a
Ardoaren sukarrak erabat baztertu zituen olibondoak 60ko hamarkadan. 32.000 olibondo geratu ziren bizirik eta hiru trujal (olio errota), bat Oionen, Moredan bestea eta Lantziegoen hirugarrena. Adora elkarteak 60 nekazari biltzen ditu eta bertako teknikariak, Alberto Alechak, kontatu zigunez, bost bat urte barru 100.000 olibondotara iristeko asmoa dute. «Oso denbora gutxian 200 hektareatik 300era pasatu gara, eta gure helburua bost urte barru 500 hektarea izatea da», esan zuen. Adora elkarteko teknikariak badaki olibondoa ez dela sekula mahatsari itzal egitera iritsiko, 12.000 hektarea mahasti baitaude Arabar Errioxan, baina olibondo sailak gehitu nahi dituzte. «Gure eredua Toskana da. Han mahastiak eta olibondoak elkarren ondoan bizi dira. Arabar Errioxan ere olioa ardoaren osagarri bihurtu nahi genuke».
Arroniz mota
Garia, mahatsa eta olibondoa izan dira mendeetan Arabar Errioxak eman dituen generoak. «Eusko Ikaskuntzak egin zuen ikerketa batean Arabar Errioxako herri bakoitzean olibondoak eta trujal-ak zeudela ikusten da. Moredan, esaterako, lauzpabost dolare zeuden. Joan den mendearen erdialdera arte iraun zuen egoera horrek. Mekanizazioa iritsi zelarik, ordea, goialdeko lur sail txikiak elkartu egin zituzten, traktorearekin gari sail handiak erein ahal izateko, eta tartean harrapatu zituzten olibondo guztiak desegin zituzten. Hegoaldean, ardoaren izendapenak bazter guztiak mahasti bilakatu zituen. Desagertzeko zorian egon da, ondorioz, olibondoa», jarraitu zuen Alechak.
Bai Nafarroan eta bai Araban olibondo gehienak Arroniz motakoak dira. «Berandu loratzen den mota da eta hemen udaberrira arte egiten dituen izozteak saihesten ditugu horrela. Lehen Arroniz motak zapore mikatzeko olioa ematen zuen eta bizitasun puntu bat zuen ahoan, polifenol asko dituelako; baina egin ditugun ikerketen ondorioz, olio orekatuago bat lortu dugu, kalitate izugarrikoa», jarraitu zuen Alberto Alechak.
Adora elkartean badago gipuzkoar bat ere, Hondarribiko Beheko Errota jatetxearen jabea, Felix Urdanpileta. «Bidanian ere froga batzuk egiten ari dira, baina leku umelegia da beharbada olibondoarentzat», erantsi zuen.
Alberto Alecharen ustez, milioi bat litro egingo dira gehienez mundu osoan Arroniz motarekin eta hori beti ere abantaila bat omen da. «Gu ezin gintezke Andaluziako Picual motarekin lehiatu. Arbequina mota ere mundu osoan ari dira sartzen. Maila oneko olioa litroko lau eurotan ari dira saltzen. Gureak polifenol asko du eta antioxidatzaile ugari, osasunerako ezin hobea da, baina garraztasuna arindu behar zaio eta hori almazara-n (olio-errota) gutxiago estutu, bidean litro batzuk galdu eta tenperaturarekin jokatuz lortzen da. Guk lurrin berde eta freskoak dituen olio bat ateratzen dugu», zehaztu zuen.
Intuizio kolpe baten ondorio
Orain hamar urte hasi ziren Mendikoi erakundeko teknikariak olioaren berreskurapenaz gogoeta egiten. «Artean ez zegoen ardoaren soberakinik merkatuan, baina urrutira begiratzen zuen jendea zen eta etorkizunean arazoak egon zitezkeela ikusi zuten. Hala, ardoaren osagarri gisa turismoa eta olioa planteatu zituzten. Olibondoa ez zegoen asmatu beharrik, hortxe zeuden. Horretan aitzindariak izan ziren. Lan talde bat sortu zuten. Interesa zuten nekazariekin jarri ziren harremanetan eta upategi batzuk ere sartu ziren proiektuan. Arroniz mota etxeko beharretarako bakarrik erabiltzen zela ikusi zuten eta merkatura begira lehen pausoak ematen hasi ziren. Hori da egin den lanaren historia», esan zuen Alechak. Ingeniari agronomo honek gauza bitxiak ere gogoratzen ditu begirada atzera bota duen bakoitzean. Remelluriko jabeak, Jaime Rodriguezek, ikerketa bat egiteko enkargua eman omen zion urte batzuk lehenago. Madrildik etorri zen ingeniari talde bat eta Remelluriko lurretan zegoen mota Empeltre zela ondorioztatu zuten. Absurdoa da hori, berrehun metrora ikusten baita Arroniz eta Empeltre ezberdinak direla», argitu zuen.
Arabar Errioxa osoan 60.000-70.000 litro ekoizten dira. Nafarroan milioi bat ekoizten diren bitartean. Arabar Errioxako produkzioa, beraz, tanta bat baizik ez da. «Nafarrek, noski, kooperatiba handiak dituzte eta Unibertsitateak ere leku bat egin dio olioari, baina 2002an elkartea sortu zenetik pauso handiak eman ditugu eta gauza batzuetan haien pare jartzen ari gara, eta kalitatean gehiago garela esango nuke», esan zuen.
Azkar ikusi zuten Adorakoek merkatuan ezin zutela prezioan lehiatu eta kalitatean lehiatu behar zutela. «Gure olioa Corte Ingleseko gourmet klubean egongo litzateke, erreferentzia bat aipatzearren. Klub horretan dauden olioak ez dira litro erdiko 7 eurotatik jaisten. Gu ere 7-8 eurotan gabiltza. Klub horretan sartzen diren olio gehienak 10, 12 eta 14 eurotan saltzen dira litro erdiko. Gurea ez da olio birjin estra soilik, zerbait gehiago da. Gurea esentzia batetik oso gertu dabil. Gutxirekin zapore asko ematen dio platerari. Entsaladaz gainera, txokolate izozkiarekin erabili izan dugu».
Arabar Errioxako olioaren izen orokorra Adora da, eta gero badaude lauzpabost marka, upategiei lotuak gehienak (Martin Cendoya, Amaia o Virginal esaterako). Alberto Alecha dastaketak egiten erakusten ari da han eta hemen. «Etorkizunera begira, Arroniz mota beste mota batzuekin nahastu nahi dugu. Labelaren arautegiak %20an beste mota bat sartzeko baimena ematen digu eta Arbequina landatzen ari gara», esan zuen Adorako teknikariak.




