Abortu Legearen erreforma proposamenak hautsak harrotu ditu. 16 urteko gazte batek gurasoen baimena behar ote duen edo ez, 14 aste bitarteko abortu librea egokia den edo ez... Abortatzeko eskubidearen alde lanean dihardutenek garbi daukate eztabaidaren mamia beste bat dela: emakumearen erabakitzeko eskubidea.
Amagoia Mujika
2009ko Ekainaren 05a
Geure gorputza, geure erabakia. Horixe izango da larunbatean, hilaren 6an, Bilbon Arriagatik abiatuko den manifestazioaren leloa. 18:00etan dago jarria hi-tzordua eta, seguru aski, hainbat belaunaldi batuko dira aldarrikapen horren atzean. Zergatik? Abortatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak dagoeneko bide luzea egina duelako, 30 urtetik gorakoa. Hartara, bide hori hainbat belaunaldiren arteko bidegurutzea bihurtu da derrigor.
GAUR8k Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzarreko hiru lagunekin egin du hitzordua, manifestazioaren aurretik. Begoña Zabala da beteranoena eta lehen lerrotik jarraitu du azken 30 urteotako borroka. Oihana Lopez eta Zurine Altable gazteagoak dira, baina borroka berdinean segitzeko beharra ikusi dute.
Aldatu dena. 70eko hamarkadan hamaika emakume epaitu zituzten Basaurin, abortatzeagatik edo abortuak egiteagatik. Gaur egun indarrean den legea 1985. urtean ezarri zuten eta inoiz ez ditu asetu mugimendu feministaren eskaerak eta aldarrikapenak. Begoña Zabalak gertutik jarraitu zituen Basauriko epaiketa haiek. «Funtsean, orduan eta orain, arazoa berdina da: emakumeak bere gorputzaren gainean erabakitzeko duen ezintasuna. Hala ere, badira aldaketa nabarmenak. Basaurin auzipetutako haiek emakume ezkonduak ziren, etxekoandreak, behartsuak, dagoeneko laupabost seme-alaba zituztenak eta antisorgailurik erabiltzen ez zutenak. Ezinezkoa zen antisorgailuak lortzea». Emakume horiek ez ziren zentro pribatuetara joaten abortatzeko, bestelako teknikak erabiltzen zituzten. «Perrexila, puntua egiteko orratza, mota guztietako pilulak, xaboiak... Metodo haiek erabiltzen zituzten eta horretarako ingurukoen eta gizartearen onespena zeukaten. Jendeak oso ondo ulertzen zuen emakume horien egoera eta egiten zutenarekin ados zegoen. Orain, nire ustez, eztabaida interesgarriagoa eta errealagoa da. Emakumeok abortatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu ez pobreak edo zoritxarrekoak garelako, gure gorputzaren gainean erabaki nahi dugulako baizik. Ordutik egindako bidean elementu hori txertatzea lortu dugula uste dut eta hori baikorra da». Horri buruz hitz egin nahi dute feministek, Zabalak dioenez. «Gu ez gara abortistak, emakumearen eskubide sexualez eta ugalketa eskubideez hitz egin nahi dugu. Eta eskubide horien artean dago abortua».
Alegia, lehen, seme-alabez jositako etxekoandreen abortatzeko aukera irudikatzen zen. Eta, egun, harreman sexual promiskuoak dituzten 16 bat urteko neska gazteak irudikatu nahi dituzte sektore eta komunikabide eskuindarrenek. Oihana Lopez ez dago batere ados zabaldu nahi duten irudi horrekin. «Gazteak, oro har, arduratsuak dira. Esaten da babesik gabeko gero eta harreman sexual gehiago dituztela gazteek eta nik ez dut uste hori horrela denik. Hala ere, hori horrela balitz, eran-tzukizuna ez litzateke gazteena, politika publikoena baizik. Azken urteotan, atzerapauso larriak eman dira hezkuntza sexualaren eta antisorgailuen alorrean. Hartara, harreman ez seguruak ugaritu baldin badira, ez da gazteak eroagoak direlako, politika desegokien ondorioa da. Gauza asko aztertu behar dira: antisorgailuak eskuratzeko zailtasunak, informazio eskasa eta txarra, oso maskulinoa den sexualitate eredua, emakumeen eta gizonen arteko harreman ez simetrikoak...».
«Guk egindako ikerketetan sumatu dugu gehiengoak pen-tsatzen duela gaur egun gazte guztiek ezagutzen dituztela antisorgailuak, informazioa ona dela eta edonork eskura ditzakeela horiek. Eta ez da egia. Bada sektore bat, gazteena eta behar handiena duena, sekulako zailtasunak dituena antisorgailu horiek eskuratzeko eta daukan informazioa ere txarra da», gaineratu du Zurine Altablek.
Aldatu ez dena. Arlo juridikoan eta osasun arloan segurtasun eza zegoen lehen eta halaxe jarraitzen du orain ere. Hori da azken 30 urteotan aldatu ez dena. «85eko legeak hiru egoera despenalizatu zituen eta beste mordo bat penalizatu. Osasun arloko langileen aurkako jazarpena ere sekulakoa zen eta da. Egoera horrek, tamalez, bere horretan jarraitzen du», esan du Zabalak. Mugimendu feministak indar handia jarri izan du beti abortua Kode Penaletik ateratzeko. «Emakume guztiek beren sexualitatea askatasunez bizi dezaten eta antisorgailuak eskura izan ditzaten egiten dugu borroka. Baina bada bazter arriskutsu bat, Kode Penala, behartsuenak eta baztertuenak jipoitzen jarraitzen duena. Eta horien alde aritu behar dugu batez ere. Benetan esanguratsua da; gizarteak ez ditu baliabide ideologiko nahikoak emakumeak kontrolatu eta beren amatasun librea eta desiratua eragozteko. Eta baliabide ideologikoen faltan, Kode Penala sartzen du joko horretan. Hori izugarria da. Abortuak delitu bezala sortzen duen estigma sozialarekin bukatu behar da lehenbailehen eta eskubide bat dena Kode Penaletik atera beharra dago», jarraitu du Zabalak.
Legearen erreformak ez du despenalizatzen. Zapateroren gobernua 1985eko Abortuaren Legearen erreformarekin ari da. «Lege berriak ez du abortua despenalizatuko. 14. astera arte abortua librea izango da, baina ez dute Kode Penaletik aterako. 14. astetik aurrera, egoera oso zehatzetan eta bi profesionalen baimenarekin egin ahal izango da. Eta 22. astetik aurrera, malformazio oso larriak ematen direnean eta adituen lantalde batek horrela erabakita. Finean, 14. astetik aurrera, epaile batek edo mediku batek erabakiko du, betiere Kode Penalaren baitan. Egoerak erabakiko du, ez emakumeak», azaldu du Lopezek.
«Datuek garbi esaten dute abortuen %80 inguru lehen 12 astetan egiten direla. Baina, normalean, estatistika horretatik ateratzen diren kasuak dira zailenak, baztertuen daudenak, babes gutxien dutenak. Eta horiek existitzen dira, errealitatea da. Gainera, malformazio asko geroago detektatzen dira. Guk abortu librea defendatzen dugu, edozein unetan egin ahal izatea. Izango dira 14 astetik aurrera abortatu nahiko duten emakumeak eta oso zaila izango dute lege berriarekin», agertu du Lopezek.
«Gainera, lege berriak ez du ondo zehazten zein diren malformazio larriak edo gaixotasun sendaezinak. Diabetesa, esaterako, sendaezina da. Abortatzeko arrazoia al da hori? Berriz ere eztabaidaren mamira goaz. Zein da abortatzeko arrazoia, haur hori osasuntsu ez jaiotzea edo emakumeak haur hori desio ez izatea? Zer dago jokoan haur horren etorkizuneko osasuna edo emakumearen erabakitzeko eskubidea? Esaterako, bortxaketa bat abortatzeko arrazoia dela esaten da. Ez, beti eta beti emakumearen erabakia da abortatzeko arrazoia», gaineratu du Zabalak.
Lege berriaren eztabaida, desbideratua. Legea aldatzeko proposamenak hautsak harrotu ditu azken asteotan. 16 urteko neska batek abortatzeko gurasoen baimena behar duen edo ez, zenbat astera arte izan behar duen abortuak librea... Nafarroako Batzarreko kideen ustez, komunikabideetan eta sektore eskuindarretan izan den eztabai- dak ez dio heldu benetako mamiari: emakumeak bere gorputzaren gainean duen erabakitzeko eskubidea. «Nire ustez aten-tzioa desbideratu nahi dute benetan garrantzitsua denetik. Azken finean, eztabaidaren ardatza ez da emakumeek erabakitzeko eskubidea dugun edo ez dugun. Zein baldintzatan dugun eskubidea eztabaidatzen ari dira eta baldintzak baldin badaude, dagoeneko ez da eskubidea. Lege berria adabaki bat baino ez da izango, ez dituelako gure aldarrikapenak kontuan hartzen. Oraindik ez dute onartu eta dagoeneko motz geratuko da legea, aurreikusten ez dituen kasu asko eta asko gertatzen direlako errealitatean», esan du Altablek.
Lege berriaren alderik baikorrena. Begoña Zabalaren ustez, Zapateroren gobernuak proposatutako lege berria ez da egin daitekeen onena, baina badu alderdi onik. «Legeak badu gauza oso on bat: emakumearen eskubide sexualak eta ugalketa eskubideak aipatzen ditu eta hori oso ondo dago. Ideia ona da. Lehen aldiz onartu dute emakumeen osasun sexuala eta ugalketa eskubidea eskubide direla. Hori bai, Estatuak abortua eskubidea dela onartzen badu, eskubide hori gauzatzeko beharrezko baliabideak jarri beharko ditu. 1985eko legearekin zer gertatu zen? Esaten zen hiru egoera horiek osasun publikoaren barruan sartuko zirela, baina, gero, errealitatean, ez da horrela gertatu. Guk asaldatuta esan izan dugu Nafarroako osasun zentro publikoetan ez dutela aborturik egiten. Baina Estatu espainoleko datuen arabera, abortuen %3 bakarrik egiten dituzte zentro publikoetan. Zergatik? Bada, zentro publikoetan ez dagoelako baliabide nahikorik eta, bide batez, zentro pribatuak negozioa egiten ari dira».
Publikoa, librea eta doakoa. Abortu publikoa, librea eta doakoa. Kontsigna ezaguna da, baina, gaur gaurkoz, errealitatetik urrun dago. Mugimendu feministak garbi dauka zein litzatekeen egoera ideala, «eskubide publikoa baldin bada, erakunde publikoek ziurtatu behar dute hori aurrera eramateko modua. Ez da zaila eta egin daiteke. Osasun sexualaren eta ugalketa osasunaren barruan kokatu beharko litzateke, eremu zabalean. Zentro publikoetan, beharrezkoak dira neurri hezitzaileak eta prebentziozkoak, eta egun sendaketa neurriei begirakoak dira gehiago. Heziketa, informazioa eta zentroetan antisorgailu eskuragarriak biltzea defendatzen dugu. Eta horietan, noski, abortatu nahi duenak horretarako modua izan behar du, baina berdin-berdin haurdunaldiarekin aurrera egin nahi duenak ere. Ez ditugu sendagile abortistak nahi, abortuetan espezializatutakoak. Zergatik? AEBetan berriki hil dute abortuak egiten zituen mediku bat eta ez dugu nahi hemen horrelakorik gerta-tzea. Osasun sexualaren eta ugalketa osasunaren inguruan lan egingo duten profesionalak nahi ditugu, osotasunean hartuta», bukatu du Begoña Zabalak.
Oraindik ere bide luzea egitea geratzen dela ikusten dute. Horregatik, Bilboko manifestazioan jarri dute bide horretan bidaide izan nahi dutenentzako elkargunea.
Kontserbatzaileenek ere badute heziketa sexual propioa
Berriro ere ozen entzun dira sektore eskuindarrenen eta kontserbatzaileenen ahotsak. Baina, zein heziketa sexual mota defendatzen dute? «Zalantzarik gabe, haiek ere badute beren heziketa sexual propioa. Bikote monogamoak defendatzen dituzte, ezkontzaren baitan harreman sexualak dituztenak. Lehen, Elizaren bedeinkapena behar zuten, baina, orain, ezkontza zibilak ere ontzat ematen dituzte. Eta antisorgailuak ere onartzen dituzte. Dagoeneko ez dituzte Jainkoak bidalitako seme-alaba guztiak hartzen. Baina antisorgailu jakin batzuk baino ez dituzte onartzen, estrogenoak eta hormonak dituztenak. Horiek dira, hain juxtu, emakumearengan ondorio sekundario larrienak dituztenak eta, bide batez, industria farmazeutikoari diru-sarrera gehien ekartzen dizkietenak. Hori bai, kondoia ez dute onartzen. Beraien esanetan, harremanak beti bikotearen barruan izanez gero, ez dago gaitz benereoak eta horrelakoak hartzeko arriskurik. Horregatik, kondoirik ez. Finean, beren arazo larriena harreman promiskuoak dira. Horiekin asaldatu egiten dira eta, bistan denez, harreman promiskuoak dituzten 16 urteko neskatoak ez dira beren eskeman sartzen. Horientzat ez dute alternatibarik», agertu du Begoña Zabalak. «Aldaketa batzuk izan dira, ezinbestean. Egun ez da ohikoa bost seme-alaba izatea eta bikoterik kontserbatzaileenek ere onartu dute hori. Baina aldaketa horietatik emakumeari dagozkion eskubide guztiak ematera tarte handia dago. Proposatu dituzten aterabideak ez dira errealak. Esaten dute hor daudela metodo antisorgailu guztiak, baina, gero, ez digute erakusten nola erabili behar diren. Eta desio ez diren haurdunaldiak gertatzen direnean, asaldatu egiten dira», jarraitu du Zurine Altablek.




