Ramon Sola
2009ko Ekainaren 05a
Hunkigarria da hitza. Sentimendu hori aitortu dute Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna ekimeneko kanpainako ekitaldietara hurbildu diren pertsona askok. Egunkari honetan ez ezik, errealitate hori ukatu nahiko luketen beste hedabide batzuetan ere ezkutaezina izan da hautagaitzak erakarri duen jendetza. Baina hunkimena ez da partaidetzako datu hotzetan oinarritzen, barruko sentimenduetan baizik. Larunbatean Iruñeko Anaitasuna polikiroldegian Doris Benegas hautagaiak isuri zituen malkoetan, adibidez. Alfonso Sastreren ibilbideak pizten duen miresmenean. Arnaldo Otegi udazkenerako iragartzen ari den itxaropenean.
Boz guztiek balio berdina dute, noski, baina guztiak ez dira indar berdinaz ematen. Gehienak inertziaz sartzen dira hautestontzietan, ohituraz, ia-ia tradizioz. Ez da hau II-EHren kasua, ekimena berria delako, orain arte ikusi gabea eta neurri batean pentsaezina. Angeles Maestro hautagaiak eta EBko diputatu ohiak nabarmendu duenez, 1936ko gerran ere ez zen honelako indar metaketarik lortu, euskal independentistak eta Estatuko ezkerreko sektore ezberdinak elkarrekin. Bitxia bada ere, orduan lubakietan kide izan zuten PSOEri eskertu beharko zaio mirari txiki hau, PPri baino gehiago. Alderdi Legearen etengabeko estutzeak ahalbidetu du.
Botopapera estreinatuko dute igandean milaka eta milaka lagunek, eta horregatik bakarrik balitz ere haize freskoa sumatzen da hauteskunde giroan. Paradoxikoki, hegoaldetik iritsi da freskotasuna, Ebroz bestaldetik: Gaztelatik, Galiziatik, Kataluniatik, Andaluziatik, Kanariar Uharteetatik... Ezker abertzalea inoiz ez dela joan eta inoiz ez diela hautestontzietako erronkei bizkarra eman egiaztatzea albiste nagusia izango da igande gauean. Baina horren gainetik, II-HEk euskal alderdiei eman dien astindu ideologikotik dator freskotasuna.
EAJ, EA, Aralar eta abarreko zuzendaritzak biluzik utzi ditu Iniziatiba Internazionalistak. Debeku faxistei aurre egin eta ezker abertzaleari dagokion ahotsa ematea ez zen hain zaila. II-HEko bultzatzaile eta kideek erakutsi dute, eta honek balio erantsia du hainbat arrazoirengatik: Euskal Herriko arazoa ez delako -ez lukeelako izan behar- bere kezka nagusia, ezker abertzalearen hainbat planteamendurekin bat egiteak betoa jasateko arriskua ekartzen zielako, eta maila pertsonalean ere egoera oso deserosoak eragiten dizkielako (ultraeskuindarrak mehatxuka hasi dira Valladoliden, Valentzian...). Baina benetako demokraziarekiko konpromisoa eta ausardia erakutsita gainditu dute hori guztia.
Errebeldia, desobedientzia zibila, duintasuna erakutsi dute. Euskal Herria errebeldearen mitoa ere kolokan jarri du ekimenak; bada kanpoan norengandik ikasi. Ondo begiratuta, haien posizioa ez da berria: jakin bagenekien Benegasek, Maestrok edo Frabettik -zer esanik ez Sastrek- pentsatzen zutena. Euskal Herria da azken urteotan itxuraz aldatu dena. Frankismoari aurre egiteko lehenengo lerroan izatetik neofrankismoaren «putxerazo» guztiak irenstera eraman dute, Legebiltzarrak faltsutzeraino eta ukiezina zirudien Ajuria Enea lapurtzeraino.
Orain II-HEk egin duena egiteko sei aukera, sei, alferrik pasatzen utzi dituzte euskal alderdiek. Hauteskundeak izan dira 2003an, 2004an bi aldiz, 2005ean, 2007an, 2008an eta 2009ko martxoaren 1ean. Haize freskorik ez da izan horietan, bolada nahasiak, trumoiak eta sargoria baino ez. Hitz merkeetara mugatu dituzten kontzeptu horiek -intsumisioa, desobedientzia zibila, bai eta erabakitzeko eskubidea ere- ekintzetara eraman dituzte Ebroz bestaldetik. Eta honekin bidea markatu dute, beraiek ere ibil dezaten. Udazkenetik hasita.




