-

Herritarrok erabakiak hartzeko prozesuetan esku har dezagun nahi dute Europa eraikitzeko demokrazia garatu nahi dutenek. Bide horretan, gobernuz kanpoko erakundeak izango dira, seguru asko, urrats gehien egin dituztenak.

Jose Angel Oria

2009ko Ekainaren 05a

EB Europar Batasuneko herrialdeen egoera ez da aldaezina. Gaur ondo dagoena bihar oso gaizki egon daiteke, eta alderantziz. Egoera horrek hobera egin dezan izaten da GKE gobernuz kanpoko erakundeen helburua, eta horretan saiatzen dira. Egunotako hauteskundeei begira ere lan asko egin dute, herritarren esku-hartzea bultzatu nahian. Horietako batzuek CSCG Civil Society Contact Group taldean egiten dute lan, Europar Batasuneko erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeak elkarrengana hurbiltzeko asmoarekin.

GKEek badakite gaur egungo Europako erabaki ugari Europar Batasunak hartzen dituela. Beraz, egoeran nolabaiteko eragina izan nahi badute, oso kontuan hartu behar da hogeita zazpi estatu biltzen dituen erakundea. «EBk azken urteotan izan duen bilakaera eta Batasunak gobernuz kanpoko erakundeen lanean duen eragina ikusita, talde horietako askok estrategiak aldatu egin dituzte», idatzi dute Elodie Fazi eta Raluca Petrescu CSCGko kideek.

Civil Society Contact Groupek gida moduko bat argitaratu du, gobernuz kanpoko erakundeetako kideek Europar Batasunari buruzko informazioa izan dezaten, eta gobernuz kanpokoek nola egiten duten lan azaltzeko. Makina bat aholku ere ematen ditu, baina kontuan hartu behar da herrialde batetik bestera asko aldatzen dela GKEen egoera, eta arlo batekoek ez dutela beste arloetakoen berri izaten. Beraz, norberak egokitu behar du gidak dioena.

Bat eginda, indartsuago! Edonork ulertzeko moduko ideia horretatik abiatuta, gobernuz kanpoko erakundeek plataformak osatu izan dituzte azken hogei urteotan. Herrialde jakin batean lan egiten duten erakunde indartsuenek EB ondo ezaguten duten funtzionariak izaten dituzte, eta Bruselan bulegoa. Nazioarteko erakunde handiek ere (Amnesty International, Greenpeace eta Oxfam, besteak beste) izaten dute ordezkaritzarik Bruselan.

Beste kasu batzuetan, gai beraren inguruan lan egiten dutenek, nahiz eta herrialde ezberdinetakoak izan, koordinazio erakunde edo tresna berriak sortzen dituzte, esaterako, Europako Ingurumen Bulegoa edo Pobreziaren aurkako Europako Sarea. Gauzak ondo ateraz gero, koordinazio maila horrek gora egingo du. Eta behar zehatzen bat sortuz gero, Zeharkako Taldeak sortzen dituzte. CSCG Civil Society Contact Group, esaterako, horietako bat da, eta demokrazia eskuhartzailearen printzipioekin bat egiten duten zazpi plataformarik handienak elkartzen ditu.

Edonola ere, gobernuz kanpoko erakundeak ez dira EBko agintariei presio egin nahi dieten bakarrak. Ikerketa baten arabera, Bruselan 1.500 presio taldek dute presentzia. Batzuek negozio pribatu jakin batzuk atera nahi dituzte aurrera, besteek aholkuak eskaini nahi dituzte, eta eskualde zehatzetako ordezkariek interes zehatz horien alde egiten dute lan. Asko jota, presio talde horien heren bat izango dira gobernuz kanpoko erakundeak. Kalkulu horiek egitea ez da beti lan erraza izaten, askok ez baitute egoitzarik Bruselan bertan.

Erabakiak hartu behar dituzten agintariak estutzeko, gobernuz kanpoko erakundeek beraien proposamen propioak egiten dituzte, txostenak eta prentsa oharrak prestatzeaz gain. Informazioa jaso eta sailkatzen dute, Bruselan gertatzen denaren berri herrialde guztietara irits dadin. EBri buruzko trebakuntza ikastaroak ere antolatzen dituzte, herrialdeetako taldeek Europan eragin handiagoa izan dezaten. Hala ere, bide honetan hasierako urrats txiki batzuk baino ez dituzte egin, gehienek onartzen baitute oraindik Brusela urrutiegi dagoela, baita amestutako Europa berria ere.

 

Lehentasunak

Oinarrizko eskubideak

CSCG Civil Society Contact Groupen esku hartzen duten gobernuz kanpoko erakundeen zortzi plataformen arabera, hiru dira Europako Parlamentuko kide berriek jorratu beharreko gai garrantzitsuenak: oinarrizko eskubideak, garapen iraunkorra eta gizartearen esku hartzea. Oinarrizko eskubideen atalari dagokionez, CSCGkoek diote gaur egungo munduak dituen erronka nagusiei aurre egiteko (klima aldaketa, pobrezia, sexuaren araberako diskriminazioa eta giza eskubideen bortxaketa), Europako agintariek koherentzia handiagoa behar dutela. Bestalde, erronka horien inguruko lanean EBk benetako lidergoa izan behar du –AEBen posizioa edozein izanda ere–, eta lidergo hori zilegia izan dadin, herritarrok onartzen ditugun printzipioetan oinarritutakoa izan beharko du.
Gauzak horrela, hautagaiei eskatzen diete giza eskubideei beti lehentasuna emateko (gatazkak saihesteko, bakea eraikitzeko eta energia eta segurtasuna bermatzeko garaian), sexuaren araberako bazterketaren, emakumearen aurkako indarkeriaren eta giza eskubideen bortxaketen aurka borroka egiteko, eta Europar Batasunak onartzen dituen aurrekontuak balore eta lehentasun horien araberakoak izateko konpromisoa hartzeko.


Garapen iraunkorra

Gure planeta suntsitzen ari diren joerak aldatzeko lana egin behar du Europar Batasunak, CSCGren arabera. Garapen iraunkorrean oinarritutako globalizazio prozesua defenditu behar du EBk. Gainera, azken hilabeteotako krisiaren harira, epe motzera lortu beharreko helburu ekonomikoak alde batera utzi behar direla uste dute gobernuz kanpoko erakundeek, «gauzak horrela egiteak ez baititu ditugun arazoak konpondu, ez injustizia eta ez giza eskubideen bor-txaketa».
Gobernuz kanpoko erakundeekin ondo konpondu nahi duten parlamentariek, beraz, epe luzerako helburuak inoiz ahaztu gabe egin beharko dute lan, energiaren eta gainerako baliabideen erabilera egokia bultzatzeaz gain. Gainera, ingurumena eta bioaniztasuna babestu beharko dituzte, bizi-kalitatea, elkartasuna eta bakea lortzeko bidean. Batasuneko aurrekontuen helburu nagusia garapen iraunkorrari eustea izango da. Gainera, CSCGkoen eskaerak kontuan hartuz gero, parlamentariek beti neurtu beharko dituzte hartutako erabakien eraginak, hainbat arlotan: osasunean, ingurumenean, herrialdeen arteko elkartasunean...

Gizartearen esku-hartzea

Arlo honetan gobernuz kanpoko erakundeek esaten dutena ezin esangura-tsuagoa da: «Gizarte zibilaren esku-hartzea bermatzeko bidean, Europar Batasuneko erakundeek zintzotasuna erakutsi behar dute». Orain arteko jarrera nolabait salatzen du esalditxoak. Gainera, urte askotan, Europar Batasuneko aurrekontuak estatuen arteko negoziazioen ondorio izan dira, eta negoziazio horietan estatu bakoitzak bere interes propioak defenditzen ditu. Horixe da adituek askotan salatu izan duten fenomenoa, Europa herritarrongana hurbildu beharrean, urrundu egiten baitu. Aurrekontuak prestatzeko prozesua gardentasun osoz egitea nahi dute.
Europako Parlamentuko kide berriei gizarte zibileko taldeen esku-hartzea bultzatzeko eskatzen diete, batez ere, politika berriak egiteko garaian. Baita Parlamentuaren zeregina defenditzeko ere, Kontseiluak eta Europako Batzordeak bere ahalmen guztiak xurgatzeko joera baitute. Azken finean, herritarron iritzia entzuteko ahalegina egiteko eskatzen dute gobernuz kanpoko erakundeek, batez ere, dirua non eta nola gastatu behar den erabakitzeko garaian.