Isidro Esnaola
2009ko Ekainaren 05a
Europar hauteskunde bezperan egongo gara hau publikatzean, baina ez dut gogorik horretaz idazteko. Ameriketako Estatu Batuetako General Motors-ek porrot egin duela iragarri du ekainaren batean. AEBetako Gobernuak enpresaren zati handiena erosiko du. Kanadako Gobernuak beste zatitxo bat erosiko du eta enpresa nazionalizatuko da. Betiko lez, etekinak pribatizatu eta galerak sozializatzeko bidea hartu du AEBetako Gobernuak. Horretaz idazteko ere gogo handirik ez. Azken astean albiste interesgarriagoak izan dira Espainiako bankuekin loturik.
Batetik, Madrilgo Kongresuan, IU-k hipoteken inguruan proposamen bat aurkeztu du eta ezustean PP-k babestu du. Beste herrialde batzuetan ez bezala, Estatu espainolean hipoteka bat sinatzen denean, etxebizitza erosteko kasu, hipoteka eskatzen duenak bere ondasun guztiak jartzen ditu berme gisa. Horregatik, hipoteka bat sinatzerakoan, batzuetan bankuek abal-emaileak ere eskatzen dituzte, hau da, gauzak okertzen baldin badira, hirugarren batek, abal-emaileak, ordaindu beharko du hipoteka. Egoera xelebrea. Hipoteka, hain zuzen ere, ondasun bat kreditu baten berme gisa jartzea da. Ezin bada kreditua bueltatu, kreditu emailea ondasunarekin gelditzen da eta kito. Bada, Estatu espainolean, ez; galtzen duzu ondasun hori, etxebizitza adibidez, eta ez bada nahikoa kreditua kitatzeko, jarraitu behar duzu ordaintzen. Kreditu emailearentzat arriskua zero da, hau da, bankuek ez dute inoiz galduko. Orain, etxebizitzen prezioen gainbeherarekin, oso inportantea izan daiteke familia askorentzat egoera honekin bukatzea.
Baina ez hori bakarrik. Pasa den astean hainbat egunkaritan agertu da zenbait bankuren beste praktika xelebre bat. Hipoteka-kredituak ematerakoan, kreditu hartzailea beste seguru edo kontratu bat sinatzera behartzen zuten. Horren arabera, interes-tasa muga batetik gora igotzen bazen, bankuak bezeroari diru bat bueltako zion. Baina, interes-tasa jaisten bazen, beste muga batetik behera, bezeroak ordaindu beharko zion bankuari diferentzia. Orain, interes-tasa jaitsierarekin, hainbat pertsonak ikusi dute kreditua jaisten ari dela, baina konpentsazio bat ordaindu behar diotela bankuari. Banketxeen azpijokoak amaigabeak dira.
Hau gutxi izanik, beste zenbait banku hasi dira «lehentasunezko» bonoak jaulkitzen. Horrekin, banketxeek euren kapital ratioak hobetzeko fondoak lortzen dituzte, hau da, ikuskaritzek erabiltzen dituzten mugak gainditzeko eta, hala, aurrera egiteko gaitasuna dutela erakutsi nahi dute, ez daudela porrot egiteko arriskuan. «Lehentasunezko» jaulkipen horiek bi arazo dituzte. Bata, norbaitek nahi badu bere kapitala bueltan jaso, bankua ez dagoela behartuta bono horiek berrerostera. Aukera bakarra burtsan saltzea da, baina horrek suposatzen du galtzea, balioaren erdia gutxi gorabehera, inork ez duelako nahi horrelakorik. Bestea, banketxeak porrot egiten badu, bono horien jabeak hartzekodunen zerrendan azkenetarikoak izango direla euren zorrak kobratzeko. Dena galtzeko arriskua oso handia da.
Honetan guztian interesgarriena da normalean horrelako jaulkipenak inbertsore instituzionaletara bideratzen direla, hau da, beste banketxeetara, aseguru etxeetara eta abar, baina suposatzen da gertatutako guztiaren jakinaren gainean egongo direla eta, oraingo honetan, inbertsore indibidualentzat jaulki dituzte, ziria sartzea erraza delako.
Batzuk «kasino ekonomia» deitu dute gaur egungo sistema kapitalista. Nire ustez, motz gelditu dira. Estatu espainolari dagokionez, nire ustez, zuzenagoa izango zen «arrakeroen joko-etxea».




