Komunikazioa -

Unai Gorrotxategi

2009ko Maiatzaren 22a

Pasa da jada maiatzaren 21erako Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan deituriko greba orokorra. Baina ez da edonola pasa. Izan ere, orain arte egin diren jarraipen informatibo herritarretatik gauzak zerbait aldatu direla ikusi dugu. Salto kualitatiboa eman dugu.

Teknologia berriak, herritarrok erabiltzeko moduan jarri ditugu oraingoan. Lortu duguna agerikoa da: XXI. mendeko greba orokor hau, XXI. mendeko teknologiarekin lagundu dugu. Helburu horrekin, maiatzaren 18an Bilbon www.grebaorokorra.info webgunea aurkeztu zen blogari eta kontrainformazio proiektuetan dabiltzan herritarren eskutik. Herritarrek egina, herritarrentzako.

Bertan, greba orokorrean parte hartzeko beste modu bat proposatu zitzaigun. Helburua, greba orokorraren inguruan informatzea zen. Bakoitzak bere auzoan, bere herrian bildutako informazioarekin, grebaren jarraipen herritar eta parte hartzailea egitea. Bakoitzak bere neurrian eta ahal duen moduan, erreportarien sare bat osatuz. Mass media erraldoietan esango dutenaren zain egon gabe, martxan jartzea izan da erabakia.

Grebaorokorra.info webguneak funtzio ezberdinak eduki ditu. Interneten eskura ditugun tresnekin, greba orokorraren inguruko informazioa biltzeko eta kudeatzeko lan bikaina egin du. Parte hartze zabala helburu duen ekimena izanik, erabili beharreko tresnen erabilera ezagutzeko, tailerra ere antolatu zen maiatzaren 1ean. Bertara joandako guztiek erabiliko ziren tresnen erabilera ikusi eta ikasi ahal izan zuten.

Ekimena koordinatzeko posta zerrenda eta wiki bat erabili dute. Grebari buruzko webgune eta blogetako albisteak bildu dituzte. Twitterreko mezuak jarraitu ahal izan dira, Facebook atarian taldea sortu da, flickr.com eta argazkiak.org zerbitzuetan igotzen ziren argazkiak pilatu dira, bideoak biltzeko ere youtube.com edo euskaltube.com erabili dira, grebari buruzko kantutegia osatu da... Eta hori guztia modu parte hartzailean.

Edukiak sailkatzeko, eta filtratzeko, grebaorokorra etiketa erabili da Interneteko zerbitzu eta eduki horietan guztietan. Horrela, etiketa hori zuten eduki guztiak modu automatikoan filtratu ditu greba orokorraren webguneak, eta uneoro pasatzen ari zenaren berri izan dugu, audio, bideo, testu eta argazkien bidez. Herritar bakoitzak, modu errazean norberaren etxetik baina baita kaletik ere, parte hartzeko aukera izan du modu erraz batean.

Hori guztia gutxi balitz, gainera, webgunean telebista bat ere egon da martxan. Internetetik mundu osora ikusgai izan diren zuzeneko albistegiak egin dira. Zuzeneko konexioak ere egin dira hiriburuetako manifestazioetatik. Hori guztia, gainera, inolako ekipo berezirik gabe egin da. Antena parabolikodun furgonetarik gabe, bideokamerarik gabe. Gaur egun eskuragarri ditugun tresnekin egin da den-dena. Interneterako konexioa, ordenagailuak eta 3G konexiodun mugikorrak. Inolako aurrekontu potolorik gabe.

Herritarrok demostratu dugu ahal dela. Baina hau hasiera besterik ez da izan. Tresna hauek erabiltzera ohitzen garen heinean, hobeto zabalduko dugu gure mezua. Borondatearekin eta guztiok batera, gauza handiak egin daitezkeela ikusi dugu aste honetan.

Oraingoan GOerreportariak izan garen moduan (Greba Orokorreko erreportariak), hurrengoan beste izenen batekin aterako gara agian plazara, baina betiere asmo berarekin: gure kaleetan gertatzen diren gauzez guk geuk informatzea.