Kaskoa jartzen den unean zerbait pizten omen da. «Ikarak hartzen dituzu, momentu txarrak ere izaten dituzu, edo kolpeak. Baina gehiago nahi duzu. Hainbeste gogorekin prestatzen duzu eta gero eguna segituan pasatzen zaizu». Monika Arratibel eta Alazne Apalantza rallyzaleek elkarrekin korritzea dute amets.
Maider Iantzi
2009ko Maiatzaren 22a
Haurra zelarik, osabek lasterketak ikustera eramaten zuten Monika Arratibel. Beti egoten ziren autoak eta motorrak osaben garajeetan eta hagitz gustura ibiltzen zen horietan Ataungo neskatoa. Kadet batean ikaragarri gustura ibiltzen zela oroitzen du 19 urteko gazteak. «Gero, Gabiriako rallysprintera joaten ginenean oso-oso ondo pasatzen nuen autoak ikusten bakarrik», ekarri du gogora.
Monikak bezala, Errezilgo Alazne Apalantzak ere lagun izan ditu txikitatik motor hotsak. Etxean hamaika auto izan dute eta aitak beti eduki du motorra. «Gogoratzen naiz 1 Formula ikusten egoten ginela etxean lehengusuak eta anai-arrebak; bi bizitzako etxean den-denak elkartzen ginen. Gogoan dut izenak entzun eta zer ziren ere ez nekiela; adibidez, Golf GTI 16 balbula. Baina horrelako gauza txikiak normaltasunez ikusten nituen. Gero anaia hasi zen parte hartzen, gero aita, gero ama eta, amak ezin zuenean, aitari entrenamenduetara-eta laguntzen hasi nintzen. Notak egiten eta berarekin pixka bat kantatzen ikasi nuen, eta `egun baten aterako zara!' esaten zidan. Gure herritik bertatik lasterketa bat pasatzen denez, notak ondo kantatzen jakitea ez zen beharrezkoa eta hor debutatu nuen aitarekin. Erretiratu egin ginen, eta orduan, konpentsatzeko, hurrengo karreran atera nintzen. Gero ama eta biok txandaka ibili ginen eta anaia gazteenak ere lehengo urtean debutatu zuen», oroitarazi du 23 urteko gazteak. Iaz bostek hartu zuten parte lasterketa batean. Alazne Euskadiko Txapelketan ibili da kopilotu hiru urtez; aurtengoa laugarrena du.
Olaberriko zirkuituan
Astearte arratsalde batez elkartu gara Monikarekin eta Alaznerekin, beren herrietatik hurbil, Olaberriko zirkuituan. Ez motor zaratarik, ez gasolina usainik, ez animo oihurik; lasai-lasai dago ingurua, txakur bat bakarrik dago, siesta egiten. Baina geroago, elkarrizketa egiten ari garela, Vilariño aita-semeak etorri dira, Andres eta Ander.
Autoek elkartu zituzten bi neska gazteak, 2007ko Ikasberriko rallysprintean, eta elkarrekin korritu nahiko lukete. Oraindik ez dakite zein izanen den pilotu. Angela Vilariñok erran die erakutsiko diela pixka bat gidatzen eta irrikatzen daude gozatzeko. Emakumezko pilotu euskaldun bakarrari ez ezik, Aintzane Goñi Lesakako kopilotuari ere esker ona erakutsi nahi diote. Eredutzat dituzte.
Karrera bakoitzerako notak prestatzen dituzte pilotuak eta kopilotuak. «Jendeak kopilotuarekin lotzen ditu notak, baina berez-berez pilotuarenak dira. Pilotuak esaten dizuna idazten duzu. Agian egun eguzkitsu baten hartzen dituzu notak, edo alderantziz, euritan, eta pentsatu behar duzu zer gertatuko den eguzkia ateratzen bada. Erreferentziak hobetzen dituzu eta karrerako egunean pilotuak zuri entrenamenduetan diktatutakoa esaten duzu», argitu du errezildarrak.
Rally edo rallysprint denak ordutegi eta arautegi batekin antolatuta daude eta horiek betetzeaz arduratzen da kopilotua. Rallyzale gazteen arabera, pilotu onek berezko abilezia dute eta teknikarekin hobetzen dute. Gainera, lasterketa ona egiteko, kopilotuak eta pilotuak elkarrenganako konfiantza behar dute. Kopilotuak seguru sentitu behar du; autoa bertzeak eramaten du eta berak ezin du ezer kontrolatu, eta pilotuak ere kopilotuak erraten dionaz fidatu behar du. Hainbeste ordu elkarrekin pasata, konfiantza, konplizitatea eta konexioa ere egon behar du azkenerako. Erreflexuak, ikusmena eta ezustekoen aurrean erreakzionatzeko gaitasuna ere garrantzitsuak dira.
«Kaskoa jartzen den momentuan zerbait pizten da. Bideoak ikustean askotan esaten duzu `hor hori egin banu', baina momentuan izaten duzun gogoarekin, beroan, beste modu batera ikusten dituzu gauzak. Askotan arriskua ikusten duzu eta gustatu egiten zaizu arrisku puntu hori. Adrenalina puntu horrekin zaude, baina buruarekin gidatu behar duzu, oreka lortu. Azkar joate horrek ematen dizun sentsazioak engantxatzen du; abiadurak, zaratak, ikuskizunak, gauza on asko ematen dizkizu», deskribatu du Alaznek.
Abiadura auto motaren araberakoa izaten da. Badaude batzuk 250 kilometro orduko ibil daitezkeenak errepide zuzen eta garbietan. Errezildarrak hartu duen abiadurarik handiena 212 kilometro ordukoa izan da. «Ez dakit sentsazioak nola azaldu, badakit gustatu egiten zaidala eta zortea izan dudala autorik onenetakoetan eta eskurik onenekin parte hartzeko. Bizi egin behar da. Azkenean engantxatu egiten du, ikarak hartzen dituzu, momentu txarrak ere izaten dituzu, edo kolpeak, eta une askotan zapuzten zara, baina gehiago nahi duzu. `Hemendik bi astera rallya', hainbeste gogorekin prestatzen duzu eta gero eguna segituan pasatzen zaizu».
Neskak izateagatik ez dute trabarik izan. «Agian gehiago maite gaituzte, batzuek behintzat!», bota du Monikak. Orokorrean berdin tratatzen dituzte. «Neska gutxi gaude eta egia da asko auto onenetan ibili garela; batzuek esango dute mutilei aukera hori kendu diegula, baina azkenean berdintasuna eskatzen dugu eta neska izateagatik ez daukagu meritu gehiago. Gero denetariko iritziak daude, eta aitortu edo ez, egongo dira gustatzen ez zaienak ere. Kontuak kontu baina, gero eta neska gehiago gara. Aukera edukiz gero, gustuko gauza bat baldin baduzu, berdin du mutila edo neska izan, saiatu behar duzu», nabarmendu du Alaznek.
Orain nahiko proba daude, hainbat kategoriatan, txapelketak ere bai. Olaberriko zirkuitua daukate ikasteko eta jakin berri dute Rally Irun berreskuratzen ari direla. Jende gaztea sartu da, talde ugari dago eta Hondarribian bertze bat sortu dute, Sardara. Dirua da falta dutena. Zaila da babesleak lortzea eta azkenean bakoitza bere poltsikotik saiatzen da gauzak egiten. Eskatzen ari diren bertze gauza bat automobilismoari buruzko telebista saio bat egitea da eta sinadurak biltzen ari dira. Izan ere, istripuak daudenean bakarrik agertzen da telebistan automobilismoa. «Hori ez da bidezkoa. Jende piloa aritzen da lanean, parte hartzen eta ikusten, segurtasun neurriak handiak dira eta probak oso ondo antolatzen dituzte. Agian, ahaztutako kirola da».
Euria, kazkabarra edo eguzkia, ez da falta izaten bide bazterretan neska ilegorri bat autoan doazenak animatzen. Izan ere, zale fina da Monika. Alaznek ez du hain gustuko ikustea, nahiago du ateratzea, kaskoa jantzi eta zerbait piztea. Bata Haur Hezkuntza ikasten ari da, bertzea fisioterapeuta da; ez dute helburu profesionalak izatea edo lasterketa piloa irabaztea, gozatu egin nahi dute, hori bakarrik eta hori dena...




