Mugitu.com proiektua -

Joseba Alberdi eta Endika Esteibar EHUko Informatika ikasleek tresna erabilgarri eta erraza sortu dute garraio publikoa sustatzeko. Mugitu.com ez da ikasgai bateko praktika bat bakarrik, potentzial handiko webgunea da, interes handia piztu duena eta jende anitzentzat baliagarria izan daitekeena. Zumarragako gazteek ideia piloa dute garatzeko.

Maider Iantzi

2009ko Maiatzaren 22a

Erabiltzaileak bi herri aukeratzen ditu eta sistemak bien arteko ibilbidea kalkulatzen du. Momentuz, Gipuzkoako datuak sartu dituzte www.mugitu.com webgunean. Bi herrien arteko lotura zuzenik ez baldin badago, lineak konbinatzen ditu ibilbide bat eskaintzeko. Ordutegiak osorik ere deskarga daitezke pdf artxibo batean eta mapan markatuta ikus daitezke ibilbideak. Hainbat irizpideren arabera ordena daitezke emaitzak: irteteko edo iristeko ordua, prezioa, iraupena eta garraioa.

«Sinplea egin nahi genuen eta sinplea atera da, eta nahiko intuitiboa. Gehienbat, erabilgarria izatea bilatzen genuen, mundu guztiarentzat izateko, ez ordenagailuan ibiltzeko ohitura daukan jendearentzat soilik», azaldu dute Zumarragako gazteek. Garraio publikoa egunero erabiltzen duten pertsonentzat baino gehiago, autobusa edo trena noizbehinka hartzen dutenentzat egin dute proiektua, sarri ez dutelako jakiten zer herritatik zer herritara joan daitezkeen garraio publikoan. Turistengan ere pentsatu dute, jendea kanpotik etortzen denean toki bakarra edukitzeko ordutegiak begiratzeko, ez konpainia bakoitzarena leku batean eta modu edo formatu batean. Datu guztiak formatu berean eskaini nahi izan dituzte eta lan handia eta garrantzitsua izan da hori.

Mugikorrek gero eta gehiago ematen dute Internetera konektatzeko aukera eta Josebaren eta Endikaren interfazea sinplea eta arina denez, mugikorretik kontsulta daiteke. Html aplikazio estandarrak errespetatzen ditu eta horrek nabigatzaile mota guztietan ongi ikustea ahalbidetzen du. Horregatik da dispositibo txikientzat ere onargarria.

Orain astegunetako ordutegiak bakarrik dituzte jarrita, baina asteburuetakoak ere paratu nahiko lituzkete, bestaz besta ibiltzen diren lagunek ere Mugitu.com atariak ematen duen zerbitzua erabil dezaten eta autoa etxean utzi ahal izan dezaten.

Google maps izeneko mapak erabili dituzte ibilbideak markatzeko. Gehienbat geltokiak non dauden adieraztea eta geltoki bakoitzetik trena edo autobusa noiz pasatzen den kalkulatzea da asmoa. «Gure ordutegiak herritik herrirakoak dira eta geltoki bakoitzean zer desfase egongo den jakinarazi nahi dugu. Adibidez, Donostiatik autobusa seietan ateratzen bada, Antiguatik ez da seietan aterako, seiak eta laurden edota hogeian baizik», argitu du Endikak. «Jarrita daukagun adibidea Hernanitik Donostiarakoa da; ibilbide horretan geltokiak markatuta dauzkagu, baina beste guztietan ez daukagu ezer eginda momentuz. Kontuan eduki behar da proiektua lau hilabeteko ikasgai bateko praktika bat izan dela eta asko daukala garatzeko», erantsi du Josebak.

Eguneratzeko asmoa

Hasteko, zerbitzu on bat eman nahi dute Gipuzkoa mailan eta eguneratuta eduki nahi dute zerbitzua. Falta zaien elementu garrantzitsu bat eguneratzeko modu automatiko bat sortzea da eta hoberena garraio enpresekin harremanetan jartzea izanen litzateke, garraioan arazorik edo aldaketarik badago, egunean bertan emateko aldaketa horren berri Mugitu.com atarian. «Baina hori pixka bat amets egitea da...», aitortu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundian mapez eta kartografiaz arduratzen den pertsonak proiektuarekiko interesa erakutsi du eta lankidetza aztertzen ari dira. Aldundiko mapetan garraio publikoak dituzte sartuta eta trenbideak eta geltoki guztiak markatuta, eta hori webgunean sartu nahiko lukete gazteek.

Azken helburua zerbitzua Euskal Herri guztira zabaltzea izanen litzateke, baina lan handia da hori.

Badira herriak ez daukatenak garraio publiko bat ere eta horietan ohartxo bat jarri dute erranez ez dagoela. Adunan, Beizaman eta Larraulen ez dute deus aurkitu. Gazteen lanak garraio publikoaren sareak dituen gabeziak ikusteko eta hobetzeko balio dezake. Jendeak herri batetik bertzera joateko kontsultak egiten baditu, horrek adierazten du linea eginen balute herritarrek erabiliko luketela. Ordu tartea mugatzeko aukera ere ematen du zerbitzuak eta, beraz, kontsulta anitz badaude hamabietatik ordu bietara, erran nahi du hor behar handia dagoela.

Lana eginda atera duten ondorioetako bat da beti badela herri batetik bertzera garraio publikoan joateko aukera, agian ez da modurik azkarrena, baina jendeak uste duena baino garraio gehiago daude. Donostia sarearen erdigunea da askogatik, Debagoienan 140 autobus daude egunean eta Renfek 27 tren ditu noranzko bakoitzean egunero. Herri batzuk badaude pixka bat galduta daudenak, egunean linea pare batekin, baina beharra baldin badaukazu herri horietara joateko normalean joatea badaukazu. Beti egon ohi da joateko bideren bat, nahiz eta agian hiru garraio hartu behar dituzun. Autobusa hagitz merkea dela iruditu zaie, Donostiatik Tolosara joatea euro bat da Lurraldebus txartelarekin eta bestela 1,70 inguru.

Lanak izan duen harrerak harritu ditu, jendea joan baita eurengana galdetzera. Lehenbizi, Arraytxiki.com-ekoek webgune publiko gisa jartzeko aukera eman zieten. Sustatukoek ezagutu zuten, gero telebistara igaro zen, jarraian Informatikari Euskaldunen Bilkuran harrera ona izan zuen eta Gipuzkoako Foru Aldunditik ere interesa erakutsi dute. Arraytxikikoek Interneten jarri eta segituan jaso zuten erantzuna. «Anaiari mezu elektroniko bat iritsi zitzaion: `Begira zer egin duten EHUko bi ikaslek'. Ona izan da», kontatu du Josebak.

Gustura egoteko moduan dira, batez ere jendeak erabiltzen badu, jendeari balio badio egin dutenak. Izugarri gustatuko litzaieke aurrera egitea.

Tauletatik, gidariei galdeka... datuak biltzen

Endikak eta Josebak ez zuten aurkitu Mugitu.com-en antzeko proiekturik; horregatik egin zuten. «Momentu hartan Lurraldebusen webgunean ere ez zegoen ezer ez. Hori izan da arazoa; horregatik egin dugu. Web orriek pdf bat daukate edo taulatxo bat edo kontsultatzeko tresna bat, guk bezala, baina formatua edo modua beti da desberdina. Beste batzuetan, adibidez, Donostiatik Pasaiara, autobusak ordu erditik ordu erdira daudela badakizu, baina ez dakizu zer ordutan ailegatzen den».
Informazio bilketa bitxia izan zen. Batez ere webguneetatik atera zuten informazioa, posta elektroniko mezuak ere bidali zituzten eta baten batek erantzun zien; beste batzuekin telefonoz egon ziren, herri batetik bertzera zenbat denbora pasatzen den galdetzeko gehienbat, web orri anitzetan ez dutelako informazio hori ematen. Bertze batzuetan, kalera atera ziren koadernoarekin tauletan begiratu eta orduak apuntatzera eta gidariei galdezka ere ibili ziren. Konplikatua da, nahaste nahikoa dago eta proiektuak benetan ongi funtzionatzeko garraio enpresek edo Aldundiak informazioa bidali beharko liekete. Eurek ibili behar badute enpresen atzetik ordutegiak jakiteko ez daukate zereginik; egokiena formulario bat prestatzea eta enpresek informazioa ematea izanen litzateke. Izan ere, egun batean errepidea mozten badute, autobusa ez da hortik pasako eta zerbitzuak ez du balioko datu hori ematen ez baldin badu.