Indautxun dago, toki estrategikoan. Euskal Herriko lehen herri denda eta bakarra da, beste herrietan martxan jartzen direnak ez bezala, urte osoan zabalik dagoelako. Askotariko materiala topa daiteke bertan, kamisetak, pegatinak, pinak, liburuak, CDak. Guztiek dute mezua, ezkerrekoa eta eraikuntza nazionalari begirako mezuren bat.
Amagoia Mujika
2009ko Maiatzaren 22a
Euskal Herriko lehen herri denda eta bakarra. Horrela definitzen dute Indautxun (Maria Diaz de Haro kalean), joan den abendutik zabalik dagoen Inpernuko Hauspoa denda.
Lehena eta bakarra? «Herrietan izaten dira horrelako dendak, normalean Gabonetako bueltan edo uda aldean. Baina ez dira iraunkorrak eta Inpernuko Hauspoa bai, urte osoan izango da zabalik», kontatu du Sergio Gartzia Sergeik, dendako arduradunak.
Askotariko materiala topa daiteke Indautxuko dendan; kamisetak, bestelako arropa, liburuak, pegatinak, pinak, artisau-lanak eta diskoak, besteren artean. «Hala ere, oso dinamikoa da denda. Bertako materiala etengabe berritzen da», esan du Gartziak. Material guztiak dauka ezaugarri komun bat, «ezkerretik eta eraikuntza nazionalaren alde lanean ari diren taldeek eta kolektiboek sortutako materiala da». Dendako material guztiak dauka, beraz, mezu edo aldarrikapen bat.
«XXI. mendean gaude eta esparru sozio-politikoa zabaltzeko eta aldarrikatzeko tresna berriak erabiltzeko beharra ikusi dugu. Garai berriak dira eta tresna berriak behar dira, orain arte baliatu direnak agortuta daudelako edo dagoeneko ez direlako hain baliagarriak», jarraitu du.
Inpernuko Hauspoa dendan topa daitekeen materiala lehendik ere existitzen zen, baina barreiatuta zegoen. Tabernetan, kalean jarritako postuetan, herriko festetan zabaldutako dendetan eta halakoetan topa zitekeen material hori. Orain, hori guztia gune bakarrean biltzea lortu dute. «Egia esan aurretik sekula ez dugu izan hainbeste talde eta kolektiboren materiala elkartuta, gune bakarrean salgai. Hori berrikuntza nabarmena da. Eta bestetik, propio material hori saltzeko toki finko bat izatea ere gauza berria da», agertu du Gartziak.
Euskal Herrian ohikoa da mezua duen moda. Aldarrikapenak janzteko ohitura ez da atzo goizekoa. Egia da, hala ere, azken urteotan asko zabaldu dela esparru hori, gero eta aukera gehiago daude, desberdinagoak, eta kamiseta sinple-sinpleetatik jantzi modakoagoetara egin da salto. «Taldeek eta kolektiboek aurrekontu murritzak izan ohi dituzte eta ez dute askotan produktu oso garestiak egiteko aukerarik izaten. Horregatik, normalean kamiseta sinpleak egiten dituzte. Baina egia da gero eta gauza desberdinagoak ere egiten direla eta gaur egun modan joatea eta mezudun arropa janztea bateragarriak direla», jarraitu du Sergio Gartziak.
Bakoitzak bere bezeroak
Baigorriren produktu guztiak topa daitezke Inpernuko Hauspoan eta horiek daude, Gartziaren esanetan, harrera onena izan duten produktuen zerrendan. «Hala ere, ez dago produktu izarrik, besteak baino askoz gehiago saltzen denik. Kolektibo eta talde askoren materiala dago dendan eta bakoitzak bere bezeroak dauzka. Gehien saltzen direnak kamisetak dira».
Bezero nagusia gazte jendea den arren, gero eta zabalagoa da bezeria. «Bilbo erdigunean gaude eta gero eta jende desberdinagoa bertaratzen da. Helduagoak ere dezente gerturatzen dira. Material hori erosteko taberna batera edo postu batera sekula gerturatuko ez liratekeen asko dendara sartzen dira. Eta hori oso pozgarria da. Finean, mezuak eta aldarrikapenak gehiago zabaltzeko modua eskaintzen du Inpernuko Hauspoak eta hori da asmoa», esan du.
Oraingoz, balantzea baikorra da. Dendaz gain, ekintza kulturalak antolatzea ere badago Inpernuko Hauspoaren erronken zerrendan eta horretan ari dira lanean. Bestetik, on-line denda martxan jartzea ere buruan dute eta horretarako prestatzen ari dira. Indautxukoa da lehena eta bakarra, oraingoz. Izan ere, herri denda kate bat sortzea da buruan daukaten erronka.




