Sareinak bloga -

Sei dira. Emakumeak, euskaldunak eta literaturzaleak. Sareinen modura, literaturan sumatzen dituzten zuloak josten dituzte kritika literarioaren hariaz, teoria feministaren jostorratzaz. Blogak bi urte egin ditu eta gogotsu daude, elkarrekin sortu duten espazioak literaturaz gozatu eta hausnartzeko bide eman dezan ahaleginetan.

Xole Aramendi

2009ko Maiatzaren 22a

Gema Lasarte, Amaia Alvarez Uria, Josune Muñoz, Iratxe Retolaza, Ainara Sarasketa eta Eli Ansa dira. Sareinak. Taldea 2006an sortu zen eta hurrengo urtean bloga jarri zuten abian (eibar.org/blogak/sareinak). Bideari eusteko kementsu ageri dira. GAUR8 lehenengo biekin, ekimenaren bultzatzaileekin, elkartu da.

Zuloak. Euskal literaturan atzematen zituztenak josten saiatu dira, sareinek egiten duten moduan. «Emakume idazleen errekonozimendu eza ikusten genuen. Euskal literatura apaizek idatzitakoa da hein handi batean, baina emakumeek betidanik idatzi izan duten arren, Bizenta Mogel besterik ez zaigu iritsi. Ez al dago besterik? Ahazturan utzi dituzte», esan du Amaia Alvarez Uriak.

Tradizioa aldarrikatu nahi dute, historia ezagutzearen garrantziaz jabetuta. «Berreskuratze lana egin nahi dugu, gure xumean. Euskal literaturaren historia femenino egiten saiatzen gara eta baita ezagutzen ditugun idazleei ikuspegi feminista batetatik begiratzen ere».

Zuloez ari garela, Sareinak taldeko kideen ustez historikoki eman den errekonozimendu eza gaur egun ere ematen da. «`Lehenengo emakume dira eta gero ikusiko dugu idazle diren' pentsatzen da. Emakume idazle bat elkarrizketatzen denean beti sortzen da galderaren bat femeninotasunaz edo intimititateaz. Idazleak pentsatzen du: `Literatura egin dut, sorkuntza lana, eta zergatik galdetu behar didate emakumetasunaz bakarrik?' -azaldu du Alvarez Uriak-. Horrek emakume hitza errefusatzera daramatza, zer esanik ez feminismoa».

Gertatu izan zaie idazle emakume bat mahai-inguru batera feminismoaz hitz egitera gonbidatu eta hark parte hartu nahi ez izatea. «Berdindu nahiak, `ni ere idazlea naiz' aldarrikatu nahiak eraman ditu fokua hortik urruntzera -zehaztu du Alvarez Uriak-. Hor sailkatuko dituzten beldur dira. Gizonek ez dute hori bizi».

Gema Lasartek hurrengoa gehitu du: «Ez dute desberdintasunik nahi emakumeen eta gizonen artean eta ez du zertan egonik, baina emakumeon kasuan atzean badago isiltasunezko eta ukapenezko ibilbide bat. Emakumea beti izango da emakumea, zirkunstantzia batzuen emaitza. Ulertzen ez dudana da identitateari, garenari eta egiten gaituenari, beldurra izatea».

Alvarez Uriak ez du uste beldurra denik, euren lanaren errekonozimendu nahia baizik. «Genero berezitu bat egingo balute bezala tratatzen dituzte; nobela historikoa edo nobela beltza egingo balute bezala. Berdin da estiloa, gaia, tratamendua...», dio.

Horri, literatura femeninoari jarri ohi zaion etiketa negatiboa gehitzen zaio. «Zenbait idazlek euren liburuen aurkezpenetan adierazi izan dute saiatu direla intimistegia, ezti-mieleroa ez egiten. Hori gizon batek egindako lanari ez zaio esango eta baloratzekotan positiboki egingo da -esan du-. Pasteloidea bezalako adjektiboek neurtzen dutena femeninotasuna da, ez lanaren kalitatea. Horregatik ukapena. Horren aurrean idazlea saiatuko da ahalik eta neutroen egiten. Baina neutroa zer da, maskulinoa? Ez dago askatasunik nahi duten moduan idazteko», nabarmendu du Alvarez Uriak.

Dena den, gauzak aldatuz doazela ikusten dute. «Egun intimismoa baloratu egiten da. Andu Lertxundiren azken liburua, adibidez, oso intimista da. Gainera, protagonista emakumea da, tratu txarren gaia azaltzen da... Gai hori tratatzeko onarpena aldatzen ari da. Baina Andu gizona da eta ez edozein gizon; kanonean puntaren puntan dago».

Zuloak josteko badute haria: literatur kritika. Orain arte ez da gehiegi landu eta bere zilegitasunak ere eztabaida sortzen du. «Literaturaren normalizazioa ez da idaztearekin bakarrik etortzen. Teorizatuz eta ikertuz ere etortzen da, eta, batez ere, irakurriz. Arazoa ez da kritikarena, ez dela irakurtzen baizik. Kritika ez da egin ez zegoelako kritikaririk. Orain badaude, gutxi baina onak. Bada zilegi ez denik pentsatzen duenik. Zein da beldurra? Normalizazioaren bidean dena da legitimoa eta zilegi», adierazi du Lasartek.

Jostorratza, berriz, teoria feminista. Sareinak taldean buru bezainbat aburu daude, nork bere formazioa izan baitu. «Teorikoki eta praktikoki korronte diferenteetakoak gara guztiok. Gure helburuetako bat korronte ugari daudela erakutsi eta teoria berriei leku egitea da -esan du Alvarez Uriak-. Emakumeek zein gizonezkoek egindako literaturari ikuspegi feminista batetik begiratu nahi diogu, kritika feminista ez delako ia erabili euskal plazan. Metodologia baliagarria dela erakustea da gure asmoa. Orain arte egon dena oso urria eta oso ildo bakarrekoa izan da. Feminista izateko modu asko daude».

Gema Lasarteren iritziz, «askori ahaztu egiten zaie feminismoak egin duen lana eta gauden puntuan horri esker gaudela. Dena den, bakoitza nahi duen tokian posizionatzen da, eta guk egiten duguna espazio bat jorratu, hitza eman eta bakoitza dagoen posiziotik hitz egitea da. Bat egiten gaitu emakume izateak. Batzuk modu batekoak eta besteak beste batekoak gara, baina denok ikusten dugu emakumeok gauden lekuan gaudela, are gehiago literaturan».

Emakumeak literaturan egiten duenari adi daude. «Badirudi izugarrizko booma dagoela, baina kopuruek diote urtean zehar euskaraz argitaratzen denaren %15 dela emakumeek idatzitakoa. Horrek erakusten du gauza bat dela oihartzun mediatikoa eta bestea produkzioa. 90eko hamarkadan emakumeen boomaz ari ziren eta hauxe zioten: `Ezin zarete kexatu, Euskadi Saria Lourdes Oñederrari eman diote'. Baina amarrua da».

Belaunaldi kontua

Belaunaldi bakoitzari bere garaia bizitzea egokitu zaio eta erantzuna ere haren araberakoa izan da. «Trantsizio garaian militantzia maila altuagoa zen. Hurrengo belaunaldiok beste garai bat bizi izan dugu. Eta erantzuna diferentea izan da, baita militantzia eta kontzientzia maila ere. Postmodernismoan indibidualismoa gailendu da, eta ukapen hori nabariagoa da. Hala ere, idazle gazteen artean ere badago etengabeko hausnarketa genero identitateaz», Amaia Alvarez Uriaren esanetan.

Elkarrekin konpartitzeko espazioa edukitzea baloratzen dute beste ezeren gainetik. «Blogaren bigarren urteurrenean zerbait baloratu banuen, azkenen emakumeak idazle izatea lortu dugula izan zen; emakumeaz hitz egiten, idazten, kritika egiten, gozatzen, barre egiten... eta espazio bat sortzen ari gara», esan du Gema Lasartek.

Bientzat eskola bat da: «Asko ikasten dugu batak bestearengandik». Debatea sortzea da emakume hauen nahia, literaturan gutxi eztabaidatzen delako. «Badugu gauzak beldurrik gabe esateko gogoa», gaineratu dute.

Irakurle taldea sortu dute orain gutxi. «Liburuak proposatu, irakurri eta tarteka iritziak trukatzeko elkartzen gara -esan du Lasartek-. Sarea hedatuz goaz. Blogari esker bi kide berri ditugu. Gehiago badatoz ongietorriak izango dira, nahiz eta jakin ez garela asko izango».