-

Naiara Garzia

2009ko Maiatzaren 22a

Nire aitonak herriko zentralean egin zuen lan jubilatu arte, eta diru estra bat jasotzeko aizkora kirtenak egin zituen 82 urte bete zituen arte. Esan beharrik ez dago ez zela aberastu eta ez zuela inolako kapritxo berezirik izan bere bizitza osoan zehar, ez bere urtebetetzeetan, ez Gabonetan... Ez dakit beste bizitza batekin noizbait amestu zuen. 91 urterekin hil zen eta orain ezin diot horrelakorik galdetu.

Gu berriz beste modu batetara hezi gaituzte. Gaztetan ikastolan historiaren zati bat ginela erakutsi ziguten, prozesu baten ondorio bat (eta ez nolanahiko ondorioa, beste edozein zibilizazio baino hobea), eta teorikoki XIX. mendean giza eskubideei eta lanari dagokienez Mendebaldean zer aurrerapauso eman ziren erakutsi ziguten, lanaldiaren murrizketa eta langileen egoeraren hobekuntza, besteak beste. Aurrerapenaren eta merkatu librearen eskutik gure gizarteak hobera egin zuela azaldu ziguten testu liburuek, Charles Chaplinek «Modern Times» (Garai modernoak) filmean egin zuen gure gizartearen erretratua zerbait anekdotikoan bilakatuz. Makinaren eta gizakiaren arteko oreka delikatu hori alde batetara utziz (makinaren esku gizakiak nozitu duen kosifikazioa, esaterako), aurrerapena eragozpen guzti horien gainetik zegoen, antza, eta Aldous Huxleyk «Brave new world» («Bai mundu berria») bere eleberrian azaldu zuen gizartea zientzia fikzioa iruditu zitzaigun, beste anekdota bat. Hortxe geunden gu (Europa), historiaren puntan, herrialde asko beste egoera batean egon arren.

Herri batean hezi izanak ere munduarekiko eta gizakiarekiko nuen ikuspuntu baikorrean zerikusirik izanen zuen, ziurrenik, nire etxe atzealdean zeuden baratzak kendu eta industrialde bat egin zuten arren, hau ere herriaren aurrerapenaren izenean (herriari lana ekarriko omen zion, baina urteek horrela ez dela izan erakutsi dute).

Izan ere, progresoa, neurri handi batean eta jende askok ulertzen duen bezala, makina handi eta itsu bat da: gizakiaren begietara so egitea ahaztu zaio, eta edertasuna eta natura bera unibertsoko bazter batean bueltaka dabilen eta guk ikusten ez dugun makina bat baino arrotzago zaizkio. Bitartean, gure aiton-amonak hondakinak bailiran dirutza bat ordaindu arren zahar-etxe triste batzuetan hiltzen dira, agureak zaintzen dituzten zentroak ez baino ikuskizun grotesko baten antzezlekuak diruditen eraikinetan. Etxebizitza duin bat zer den ere ahaztu egin zaigu (eta honen ondorioz, nukleo sozialak gizartearentzat duen garrantzia) azken urteetan egin dituzten hormigoizko hiri-hilerri horien ondorioz, non jendeak asteburua iristen denean lehenbailehen, kontziente izan gabe beharbada, autoa hartzen duen, beste norabaitera joateko, eta non goiko bizilaguna hil arren ez zaren apenas ohartuko, ez baituzu ezagutuko. Baina ez dio axola, zertarako kexatu, abiadura handiko trena badator eta bagoaz aurrera (nora?).

Abiadura handiko tren bat egin behar dutelako gu geu ere aberatsagoak garela sinestarazi nahi digute, progreso horren parte garela, alegia. Klase ertainera iristen ez garenok, ordea, arrazoi ekonomiko objektibo batzuengatik, eta ideia horiekin bat egiten ez dugunok aspaldi utzi genion progresoak eskaintzen digun etorkizun bat imajinatzeari, etorkizuna oraina bezalaxe ikusten dugulako, urteak joan urteak etorri: logela bat etxe batean, eta 800 (beharbada 1000) euroko soldata bat.

Abiadura handiko trena muturraren aurretik igaro arren eta asteburuetan eskiatzera joateko Pirinioetako autobia egin arren, nire buruari gizarte honen ardatza den lanaren zentzua zein den galdetzen diot, ekonomikoki, adibidez, ongizatezko gizarte honetan soldatak hain eskasak direnean. Bizitza duin bat izateko adina diru irabazteko lan egiten genuela uste nuen, baina badirudi ez dela horrela. Dirua, hori bai zientzia fikzioa.