Beņat Gaztelumendi
2009ko Maiatzaren 22a
Iturribide lehortuta zegoen atzo. Udaberriak ez du lorerik ekarri apurtutako lurrera. Harri grisak harri gisa ageri dira gaur: hotz. Katxi hutsik ere ez dago kalearen ertzetan. Kalea gora, gora eta gora galtzen da Santutxura iritsi arte.
Bihurgune batek zuzentzen du bidea. Autoek beste aldera egiten dute buelta, beldur balira bezala. Guk, ostegunero, aurrera jotzen dugu. Zuhaitzetako adarrak bezala okertzen eta kiribiltzen diren etxeen artean galdu arte. Gauez, udaberria heltzen da, eta zuhaitz bihurriek ez digute zerurik ikusten ere uzten. Guk ez daukagu gora igotzeko asmorik, ordea. Zulo ilunetan galtzea maite dugu, tabako usaineko behe lainotan.
Iturribiden, kalimotxo bat eskatu eta gaua dute katxietan, itzalen hizkuntzan hitz egiten duten kamareroek. Ilunpean ez dago keinurik, ez dago eztabaidarik. Musikak belarrietan harramazka egiten du, kanpoan gertatzen dena ezkutatu nahiko balu bezala. Hormari itsatsita, beldurtuta begiratzen diegu atetik sartzen diren azken argi printzei. Guk, nahiago izaten dugu berriro barrara begiratu, eta itzalen hizkuntzan txupito bana eskatzea. Lau urte bi segundotan edateko.
Iturribide ez dago bi segundotan edaterik. Adokinak hotzegiak dira horretarako. Kalimotxoa bezala, gauari ihes egin nahi dion aparrarekin hasten da kalea. Egurrezko hesi laranja, hori, gorri eta more batek parke bat babesten du. Parke hutsa. Futbolari ametsak hormaren kontra lehertu dira ondoan. Baloiren batek bortizki kolpatu du pintura, eta atzeko horma ustela agerian jarri. Jada inor ez da berriz margotzera joaten. Tabernetarako bidean galdu den bikoteren bat soilik aritzen da jolasean parkean; zerua, etxeak edo iluntasuna gainera eroriko zaizkien beldurrez zabuetan babesten dira. Goian -goregi- daukaten karteltxoak garbi erakusten baitie etorkizuna beraiena izango dela: «BBVA zuri laguntzeko prest». Bete ezinezko ametsak bete ezinezko etxez elikatzen dira Iturribidetik kanpora. Gu ohituta gaude begirada lurrean pausatzen. Iturribidetik estoldetara doazen ardo ibaiak ikusten. Gure oinak uharte bihurtzen dira. Ardoak zapatilak higatzen dizkigu, oinak, belaunak, gerria, burua, denbora. Estoldetan galtzen da guztia, apar zurixka batek margotuta. Baina, apar hori behar dugu arnasa hartzen jarraitzeko.
Aurrerago, tela marroiz estalitako aldamio bat biluzik dago. Hilabeteak daramatza horrela, hotzak, hotsik atera gabe. Higatutako hormek laguntza eskatzen diote, «lagundu, lagundu, lagundu!». Baina, eskuak higatzen direnean, hormek hobe dute isilik egotea.
Ostegun gauean ez zen aroz zulatutako beheko ezpainik kalera atera. Burdin zati batek bi ezpainek bat egitea oztopatzen duela pentsatu nahi luke baten batek; ahoa zabaldu egin behar dela, oihu egin behar dela. Aro gogorrean aroak garrasi eginarazten duela. Baina, ostegun gauean ez zen burdinarik kalera irten. Ezpainek atseden hartu zuten ostegun gauean. Aroa eraztun ere badelako, eta garrasiarekin ezkontzen denak isiltasuna nahi izaten baitu ohe-kide.
Atzo goizean ez zen lokarri askaturik ibili Iturribiden. Hankek ez zuten ardo putzurik zanpatu. Putreak zain egongo ziren, kartelaren inguruan, kalera sartuz gero beren luma zuriei kolorea joango zitzaien beldur. Egarria gose bihurtu da azkenaldi honetan. Asteak, hilabeteak, urteak dira katxiak geroz eta hustuago daudela. Asteak, hilabeteak, urteak dira Solokoetxeko eskaileretan makuludun eskaleek txanpon hotsik aditzen ez dutela. Egunek gau zaporea daukate orain. Behe lainoa ikusten da leku guztietan. Etxeak gainera etortzen zaizkigu.
Ez. Ikatz-borda erregairik gabe zegoen atzo goizean. Baratzen lorerik ez zen ureztatu ostegunean. Udaberria iritsi baita. Baina aldamioari hostoak erortzen hasi zaizkio.




