Pentsa liteke Marga d’Andurainek bere garaiari aurrea hartu ziola. Baina kontraesanez betetako emakumea zen. Zerbitzu sekretu britainiarrentzat lan egin zuela esan izan den arren, ez da sekula baieztatu hori. Hogei pertsonaren heriotza egotzi zioten. Berak bi onartu zituen. Kartzela ezagutu zuen. Amaiera bizitzaren parekoa izan zuen, misterioz josia.
Xole Aramendi
2009ko Maiatzaren 22a
Espioia, Arabiako Lawrence-ren maitalea, abenturazalea... Garaiko hiltzailerik handientzat jo zuen Interpol agentziak. Marga d'Andurain errebeldiari eta sedukzioari lotuta aurkeztu izan da beti. Baina errealitatearekin bat ote dator? Abenturazalea izan zela ez dago ukatzerik, XX. mende hasierako euskal gizartea utzi eta Europa ekialdean eta Afrika aldean izandako ibilerak ezagututa. Arabiako Lawrence-ekin izandako maitasun harremanak legenda itxura dauka eta espioitza lanena, auskalo.
Ez da erraza Marga d'Andurainen profila marraztea. Bere bizitzaren nondik norakoek argi erakusten dute garai hartako gizarteak emakumeei eskaintzen zienaren aurrean ez zuela etsi; bere askatasun gosea eta luxuari zion maitasuna ez zutela ase.
Orain gutxi eman du argitara Cristina Morato kazetari espainiarrak «Cautiva en Arabia» liburua, d'Anduraini eskainia. Bere seme gazteena izan du informazio iturri nagusi Moratok. Hainbat eztabaida behin betiko argitzen lagundu zezakeen liburuak, baina ez da horrela gertatu. Ez dakigu d'Andurain Britainia Handiko inteligentzia zerbitzuen aginduetara Ekialde Ertainean aritu zen ala ez. Ezta Gestaporekin eta Erresistentziarekin zein harreman izan zuen ere.
Dena den, hainbat puntu ilun argitzen ditu liburuak. Garaiko prentsak emandako informazioa balekotzat hartuta, Eddy Bauer historialariak espioitza ingelesean parte hartze zuzena egotzi zion d'Anduraini Arabian. Lehenengo Mundu Gerran arabiarrek turkiarren aurka egin zuten altxamenduan egon zela zioen Arabiako Lawrence-en agente moduan. Hau ez zitekeen gerta 20ko hamarkada arte. Moratoren liburuak argi uzten du urte haietan Argentinan eta Frantzian bizi izan zela.
Orokorrean, d'Andurainen bizitzaren zertzeladak eleberri kutsu irudimentsuarekin kontatu izan dira espioitza liburuetan, gehiegi baieztatu gabe. Londresen, Inteligentzia Zerbitzuen Artxibategian dagoeneko katalogotik kanpo dauden dokumentuak arakatzea da hau dena segurtatzeko bide bakarra. Oraingoz inork hartu ez duena.
Baionan jaio zen Jeanne Amelie Marguerite Clerisse 1893an. Maiatzaren 29a zen, beraz, datorren ostiralean beteko da bere jaiotzaren 116. urteurrena. Maxime Clerisse eta Marie Diriarten alaba zaharrena zen Marga. Aita epailea zuen eta ama sendagile eta notario ospetsuen familiakoa.
XX. mende hasierako Ipar Euskal Herriko gizarte tradizionaleko burgesian ez zuen bere burua egokitzen. Txikitatik eskola guztietatik bota zuten, Hondarribiko Ursulinen eskolatik izan ezik. Hantxe lortu zuen ikasturte oso bat burutzea. 18 urterekin urrutiko lehengusu batekin, Pierre d'Andurainekin, ezkondu eta etxetik ihes egitea lortu zuen. Senarra bera baino 12 urte zaharragoa zen. Espainia eta Aljerian bidaiatu ondoren Argentinara jo zuten zaldiak haztera. Ez zitzaien ondo atera. Hura bezala, martxan jarri zituen negozio gehienak ustel irten zitzaizkion.
I. Mundu Gerra garaiko hainbat istorio egotzi zaizkio, egiaztatu ez direnak. Jakina dena da 1918an, gerra amaituta, Palmiran (Siria) zegoela bikotea. Zenobia erreginaren Hotela gobernatuz bizi izan ziren. Hango sarreran oraindik euskal estiloko altzariak aurki daitezke. Informazio salerosketan aritu ziren.
Espiritu nomadaren jabe, beduinoen artean kanpin-dendatan lo eginez gustura ibili zen basamortuan.
Pio eta Jacques semeak jaio ziren. Handik gutxira senarra utzi eta Ben Suliman beduinoarekin ezkondu zen. Suliman pozoituta hil zen, eta Marga kartzelatu egin zuten. 1935ean bigarren aldiz ezkondu zen Pierre d'Andurainekin. Baina aste gutxira kondea ere sastadaz hilda agertu zen Palmiran.
Azken urteak Tangerren eman zituen ezkutuko zereginetan. 1948ko azaroaren 5ean bere hilotza Tangerreko badian ur gainean aurkitu zuten. Hans Abelek, Gestapoko agente ohi eta maitaleak, botila batez burezurra hautsi zion.
Mikel Rodriguez historialariak egin zion tarte bat d'Anduraini «Espias vascos» (Txalaparta, 2004) liburuan. Garaiko prentsa idatzia arakatu zuen historialariak Marga d'Andurainen berri izateko. Baita baionarrak berak idatzitako «Le Mari-passeport» liburua ere. 1934an, Euskal Herriko gizartea asaldatu zuen «Le Courrier de Bayonne» egunkarian atalka kontatu zituen bere ibilerekin. Ondoren testuak bildu eta liburuan eman zituen argitara 1946an. Jacques d'Andurainen, Margaren semearen egunerokoa ere irakurri zuen Mikel Rodriguezek.
Historialariak baionarrari buruz duen irudia ez da batere mitifikatua. «Emakume gajo bat besterik ez zen. Mekan sartu nahi zuela jakitean pentsatzen duzu feminista izango zela, bere generoaren aldarria egin nahiko zuela, baina ez da horrela. Mekara joatearen helburua perla faltsuak Barheimen erostea zen, ondoren saltzeko», argitu du.
Marga d'Andurain eskizofrenian bizi zen Mikel Rodriguezen iritziz. «Bere barnean eredu moduan zuenaren aurka egiten zuen. Frantziar banderaren aurrean hunkitzeko gai zen, baina gero naziekin tratuak egin zituen... Askatasuna nahi zuen, kontserbadorismoa kritikatzen zuen, gizartearen konbentzionalismoak apurtu nahi zituen... baina nobleziako titulu faltsua erabiltzen zuen eta arratsaldeak maindireetan bere inizialak brodatzen ematen zituen».
D'Andurainek urteak kentzen zizkion bere buruari. «Denbora luzez ez genekien noiz jaio zen. Hasieran 1893. urtean izan zela zioen, ondoren 1895ean, 1900ean azkenik...», kontatu du.
Kontraesan ugari
«Egia da errebeldia puntua zuela, baina bizimodu konbentzionala zeraman. Islamera aldatu zen, horrek dakartzan murriztapen guztiekin. Nahiz eta pentsatu Sulimanena `ezkontza zuria' izango zela, Mekan eta Arabian zegoenean senarraren aurrean burua jaitsi beste erremediorik ez zuen izango», esan du.
Pertsonaiara hurbildu denean inkoherentzia ugarirekin egin du topo Rodriguezek. «Luxuzko bizimodua nahi zuen, baita abentura ere, baina larruzko poltsak eta otartekoak salduz biziraun zuen; hutsik zegoen hotela gobernatzen edo ofizialen emazteei manikura eginez. Sakonean, zerbait desberdina aurkitu nahian zebilen, baina ez zekien ze bizitza mota nahi zuen», azaldu du.
Bere ustez, 50eko hamarkadako soziologoek «izenik gabeko gaitza» izendatu zutenarekin bat zetorren: erdi mailako emakume eskolatuen aseezintasuna erronkarik gabeko bizitzaren aurrean. Ez dakigu gizonezkoekin izan zituen harremanak maitasunak ala interesak bultzatutakoak izan ziren. Rodriguezek azken honen alde egiten du apustu: «Badirudi bere onura bilatzen zuela».
«Le Mari-passeport» liburuaren izenburuak bigarren senarrari egiten dio erreferentzia zuzena, baina lehenengoa ere etxetik alde egin eta mundura irten ahal izateko pasaportea izan zen beretzat.
Mekako abenturak zer pentsatua ematen du. Pierre senarraz dibortziatu eta Ben Suliman beduinoarekin ezkondu zen Mekan sartu ahal izateko. Ez zuen lortu. Ordura arte mendebaldeko emakumeek ez zuten Meka zapaldu.
Senarra haren asmoen jakitun zen. «Pierre d'Andurainek bazuen Margaren planen berri eta emaztearen albora itzultzeko prest zegoen behin hura Mekara sartu ondoren. Dirudienez, adiskidetasun harremana zuten biek beste ezer baino. Egia esan, garai haietan, oso egoera deserosoa zen senarrarentzat». Emakume hotza zela dio historialariak, batez ere hilketei dagokienez. «Margari 20 heriotzatik gora egotzi zizkioten. Semeak kontatu duenez, amak bi hilketa bakarrik aitortu zituen: Sulimanena eta iloba batena, Parisko etxe bat ez ziolako itzultzen. Margak etxea saldu egin nahi zuen eta pozoitutako bonboia bidali zion ilobari. Benetan arrazoi horregatik hil bazuen, nor ez zuen hilko?», galdetu du historiagileak.
Baionarraren biktima nagusia semea izan zen. «Horixe soma daiteke bere hitzak irakurrita. Amak erabat mediatizatuta bizi zen. Alderdi Komunistatik bota zuten amaren ibileren erruz. Amari langile frantses baten hilketa aitortzen dionean amaren erantzuna zera da: `zein ondo pertsona bat hil duzula!' Sekulako hoztasuna agertzen du», jarraitu du.
Sulimanen ustezko hilketagatik Mekako kartzelan egon zen oso baldintza gogorretan. Emakume bakarra zen. «Teknikoki ez zekiten nola hil. Baziren 200 urte emakume bati ez ziotela heriotz zigorrik jarri eta ez zekiten zein bide hartu. Ordura arte harrikatuz egiten zuten. Zorionez, presio diplomatikoei esker, libratu egin zen. Arabiar batekin ezkonduta egon eta nazionalitate arabiarra izan arren, goi mailako frantziar emakumea zen eta garai hartan Frantzia eta Inglaterra ziren presio gehien egin zezaketenak».
Paris okupatuan opioarekin salerosketan aritu zen. «Gestapori laguntzea leporatu zioten eta alemaniarrei materiala eman izana. Semeak oso gainetik hitz egiten du honetaz. Merkatu beltzean alemaniarrak iritsi aurretik tratuetan aritzen zela dio. Epe laburrean irtenbide egokiak bilatzen abila zen d'Andurain, beraz, ez zitzaion gaizki aterako. Ondoren ere Marga argia izan zen. 1944an, alemaniarrak Frantziatik bota aurretik, Erresistentzia gaullistarekin harremanetan jarri nahi izan zuen. Uberuagako bainuetxean egon zen atxikita».
Baionarraren azken abenturak oso nahasian geratu dira. Tangerren bizi izan zen. Kongorekin kontrabandoa egiten saiatu zen, baina ez dirudi ezer lortu zuenik. «Marga hil ondoren itsasora bota zuten. Ez zuten inoiz aurkitu. Horregatik uste izan da heriotzarena ez zela egia, Margak berak prestatu zuela dena. Gainera, bere hiltzailea ere kartzelatik atera eta hil egin zuten».
BIOGRAFIA
1893ko maiatzaren 29an jaio zen Baionan. 5 urtetik 15era arte ikastetxe erlijioso ugaritatik pasa zen. Hondarribiko Ursulinen Eskolan lagunak Marga izenez deitzen hasi zitzaizkion. Betirako hartu zuen izena. Garaiko kroniken arabera, «ez zen ederra, baina bere adeitasunaz eta izaera indartsuaz liluratzen zituen ingurukoak». Pierre d’Andurain lehengusuarekin ezkondu zen 18 urte zituela. Bi amets bete zituen: gurasoengandik aldentzea eta bidaiatzea. 1925ean, aita hil berriak utzitako herentziari esker, Frantzia utzi eta Egipto epelerako bidea hartzea erabaki zuen senarrarekin batera. Kairon konde titulu faltsuarekin bizitza sozial bizia izan zuen. 1930ean Palmirako hotel bakarra erosi zuen. Mekara sartzen saiatu zen. Horretarako, dibortziatu eta Suliman beduinoarekin ezkondu zen. Kartzelatu egin zuten Sulimanen hilketa egotzita. Pierre d’Andurain ere hilda aurkitu zuten. Paris okupatuan naziekin tratuak izan zituen. Ondoren Erresistentziako kideengana hurbildu zen. Azken urteak Tangerren eman zituen eta Kongorekin kontrabandoa egiten saiatu zen.1948ko azaroaren 5ean hil zuen Hans Abel maitaleak. Gorpua ez zuten inoiz aurkitu.




