Algara ala irribarrea -

Barreak gure gorputzeko 400 bat gihar mugitzen omen ditu. Hala diote barrearen terapia erakusten ibiltzen direnek. Baina badago beste umore mota bat gure gorputzeko gihar bakar bat mugitzen duena, ezpain ertza. Bigarren umore mota hau finagoa da. Bien artean abaniko zabala dago. Rafa Castellano, Karlos Argiñano, Andoni Egaña eta Andoni Salegi binetagilea bisitatu ditugu.

Joxean Agirre

2009ko Maiatzaren 22a

Erabat frogaturik daude barrearen onurak: estresa arintzen du, gorputzeko eta arimako tristurak uxatzeko balio du, autoestimua igotzeko edo pisua jaisteko. Barrearen ondorio fisiologikoak nabarmenak dira: gaixotasun zenbait mederatzeko elektroshock arin baten eragina du eta bizitza luzatzen laguntzen du. Indian, esate baterako, barrea praktikatzen duten leku sakratuak dituzte. Gogoetarako atari gisa erabiltzen dute. Osho izeneko guru batek «gizakiaren hegalak» deitu zion barreari.

William Fry psikiatrak hogeita bost urte eman zituen barrearen ondorioak aztertzen eta barre algara batek hiru minutuz aerobic egitea adina onura zekartzala ondorioztatu zuen. Beste hainbat ikerketek frogatu dutenez, barreak edo baita irribarre sinple batek ere endorfinak isurtzen ditu odolera. Droga natural baten ondorioak lortzen dira, beraz, barre eginez. Depresioaren edo estresaren kontra ez dago erremedio hoberik.

Baina, nola eragin barrea? Badaude txiste bat entzun eta aldartea mintzen zaienak. Badaude izen eta abizenak dituzten gertakariak eta pasadizoak bakarrik maite dituztenak eta badaude, azkenik, hitz gutxiko umorearen zale direnak. Azken hauek ironiaren aiztoa darabilte. Beren ateraldiek ez dute algararik eragiten, irribarre baten keinua gehienez ere ezpainetan. Pentsalariak eta filosofoak aritu dira umorearen sekretuak aztertzen. Inguruko adituengana jotzea nahiago izan dugu guk.

Euskaldunak serioak?

Googlen humor hitza sartzea aski da hogei bat webgunerekin topo egiteko. Webgune horietako gehienak «orokorrak» dira, baina badaude webgune espezializatuak ere: badaude webgune feministak, umore japoniarrari eskainiak edo kirolarekin lotutako umorea bildu dutenak. Azkar ohartuko da bisitaria egunero bere posta elektronikora iristen zaizkion txiste edo bineta asko eta asko webgune horietatik hartuak izan direla. Jendea dago, funtzionarioen eta administrarien artean batik bat, goizero webgune horietara bisita egin eta lagunen zerrendara txisteren bat edo beste bidaltzen duena.

Euskarazko umorea hitza jarrita ere web bakan batzuk agertzen dira, sarean gutxi dabilenak aldez aurretik uste baino gehiago. Polita da www.librezale.org/umorea.php web orria elikatzen duenak egiten duen lana, goizero euskal egunkarietan agertzen diren bineta guztiak biltzen baititu bertan eta hori eskertzekoa da.

www.argia.com web orrira sartu eta umore bila hasten denak, Kike Amonarrizen bideo batzuekin egingo du topo. Batzuetan euskal txisteak kontatzen ditu, hurrengoan txisteak asmatzeko trukuak ematen ditu eta hirugarrenean euskal umoreari buruzko adierazpen oso interesgarriak egiten ditu. «Hego Euskal Herriko biztanleak serioak gara. Andaluziarrak, berriz, umoretsuak. Seguru? Nola dakigu herri bat umoretsua ala serioa den? Galiziarrak gu baino umoretsuagoak dira? Esloveniarrak? Edo iraniarrak edo errusiarrak gu baino umoretsuagoak al dira? Ez dakigu. Dakiguna da andaluziarrak gu baino umoretsuagoak direla, eta andaluziarrak bakarrik. XIX. mendean hasi zen asmakeria da hori, eraikuntza ideologiko bat, espainiartasunaren eraikuntzarekin lotua. Hori da nire inpresioa», dio Kike Amonarrizek. Hala, XIX. mendeko bidaiari zenbaiten iritziz hain umoretsuak ginenok, «serio bihurtu gintuzten».

«Andrea Cavalierok, 1528an Euskal Herria bisitatzera etorri zen politikari veneziar batek, hau dio: `Herrialde honetako jendea oso alaia da, espainiarren guztiz kontrakoa, espainiarrek ez baitute ezer egiten serio ez bada. Euskaldunak beti ari dira barrezka edo txantxetan'. Euskal Herrian, noski, umore mota ezberdinak daude. Erriberako umorea berezia da, oso herrikoia; Gipuzkoan, baserri giroan, elipsian oinarritzen den umoreak du indarra, bertsolaritzan asko erabiltzen baita, eta badago Bizkaiko kostaldean beste umore mota bat, emakumearen presentziak oso markatua. Umorea erabiltzeko modua dute ezberdina, eta Iparraldetik Hegoaldera ere ezberdintzen da umorea», adierazten du bideoan.

Bertsolarien ateraldiak

Bertsolariak pasadizo zaleak dira. Are gehiago esan daiteke, bertsolari asko pasadizoen kontalari profesionalak izan dira. Orain dozena bat urte «Bertsolari» aldizkariak 30 bertsolariri ezagutzen zituzten pasadizorik politenak kontatzeko eskatu zien eta bakoitzak bizpahiru kontatu zituen. Kontatu zituzten pasadizo horietako askoren protagonista Lazkao Txiki zen eta beste askorena Sebastian Lizaso, biak izaeraz oso ezberdinak izanik ere. Bigarren bertsolari horri buruzko pare bat gogoratuko ditugu.

Bertsolariekin hizketan egiteko asmoz pelmaren bat hurbiltzen zaionean, Sebastianek ba omen du metodo bat uxatzeko erabiltzen duena. «Zer moduz mutilak?» galdetzen duenari, «orain artean ondo» erantzuten omen dio Sebastianek. Baina ez omen du formulak sekula funtzionatzen.

Andoni Egañak kontatzen du Gipuzkoako Zubietan gai-jartzaileak «Argizaiola» gaia jarri ziola orain urte asko. Ez omen zen gogoratzen argizaiola bat nolakoa zen eta disimuluan Sebastianengana hurbildu omen zen agerpen eske. Honek oso agerpen bitxia eman zion: «Motel, zer izango dek bada? Argizaiola, mekaguenlaostia!».

Mañukorta ere agertzen da tarteka pasadizo horietan. Egañak kontatzen duen bat polita da. «Atzeko horiek zure ikasleak dira eta galdera bana egin beharko diezu zer moduz ikasi duten jakiteko», jarri omen zuten gaia Itsasondoko jaialdi batean. Egañak amar aditzaren preterito pluscuanperfectoa ea ba al zekien galdetu zion. Ondo erantzun omen zion, Egañak ez zekiena bere bidez jakin nahi zuela eta horrelakoak esanez. Hurrengo egunean Lazkanorekin elkartu omen zen Mañukorta eta hark Itsasondon zer moduz ibili ziren galdetu omen zion. «Ondo, baina pixka bat larritu ninduan Egaña alu hori aljebraz galdezka hasi zitzaidanean», esan omen zion.

Jon Sarasuaren despisteei buruzkoak ere politak dira batzuk. Horietako bat Peñagarikanok kontatzen du. Bertsolari talde batek Tourrera joan eta bizikletan Tourmalet mendatea igotzeko ohitura zuen. Urte batean Tourmalet, Envalira eta Saint Lary mendateak igo omen zituzten. Egun batzuk han igaro eta etxera abiatzekotan zirenean, Sarasuak hurrengoa esan omen zion Peñagarikanori: «Norbaitek galdetuta ere, zein mendi igo ditugu?».

Imanol Lazkanok oso zehaztapen jakingarriak egiten ditu Uztapideri buruz: «Erabat serioa zen, ironikoa, adar-jotzaile fina; nolabait esateko, barrura barre egiten zekiena. Ez zuen Lazkao Txikik bezala txisterik kontatuko, baina umore izugarria zuen».

Karlos Argiñano, sukaldaria

«Dagoeneko 5.000 txiste kontatu ditut programan, profesionalek baino gehiago»

Urteak dira elkarrizketarik ez duela ematen. Latinoamerikako nahiz Estatu espainiarreko aldizkari eta irratiek ez zioten atsedenik ematen eta moztea erabaki zuen. «Aspertu nintzen egunero   gauza berak kontatzeaz», dio. Egun batzuk eman ditu lagun batzuekin Camarguen eta azala belztuta itzuli da.


Gaztetandik kontatu izan al dituzu txisteak?

Aita oso graziosoa zen. Amak behin eta berriz gogoratzen dit ni baino askoz ere graziosoa zela. Lagunek ere esaten didate, garai hartan telebistarik izan balitz, aita ni baino hobea izango zela. Txiste piloa kontatzen zuen. Taxilaria zen Beasainen eta bere inguruan jendea beti ijiji-ajaja ibiltzen zen. Orain halatsu ikusten dut jendea nire inguruan. Eta emazteak esaten didanez, semeak ere antzera ikusten omen ditu, inguruan jendea barrezka dutela, jatetxeko jangelan, esate baterako. Zerbait genetikoa izango da. Beste gauza batzuetarako ez dugu balioko, baina inguruan barrea eragiteko bai. Horretan gara onak argiñanotarrak.


Barrea eta irribarrea, biak eragiten saiatzen al zara telebistan?

Biak dira beharrezkoak. Telebistak, hala ere, muga handiak ditut. Badago umore mota bat lagunartean bakarrik egin daitekeena. Bikoteei buruzko txiste sail bat badut, telebistarako balio ez duena. Bost egun eman ditut kanpoan, Camarguen. Europako padurarik handiena da, Doñana baino askoz handiagoa, Probentzan, Rodano itsasoratzen den puntuan. Milaka hegazti eta abere bizi dira bertan. Ibilaldi oso politak egin ditugu oinez eta egun osoan umorea zen giroa ematen ziguna. Bost tipo ginen, hirurogei urtekoak, eta Frantzia osoaren bizkar egiten genuen barre, goizean hasi eta gauera arte. Isiltzen nintzenean zirikatu egiten ninduten. Gorabeherak izaten ditut, baina umorera jotzen dut beti.

 
Zure sukaldaritza programaren osagarri garrantzitsua da umorea.

Zalantzarik gabe. Sukaldean erabiltzen ditudan gauzekin egiten dut jolas, betaurreko eta sudurrarekin ere bai. Orain hiru eta lau urteko mutikoek erosten dituzten jostailuak eramaten hasi naiz. Nik barre egiten dut, baina nire aurrean daudenek ere bai, eta orduan ohartzen naiz 30-40 urteko jendeak nirekin barre egiten badu, telebistari begira daudenek ere egingo dutela. Nire aurrean dagoen kameralaria ere barreari ezin eutsirik ikusten dut, irudiak ez mugitzeko. 


Imitatzaileak ere badituzula esaten du jendeak?

Ez dakit, ez diet erreparatzen. Neu naiz kantarien imitazioak egiten ditudana, baina hitzak neuk asmatuta!  


Batzuetan ematen du nahita kantatzen duzula gaizki, grazia gehiago egiteko-edo?

Argentinan kantari onenaren saria eman zidaten eta jasotzera ere joan nintzen. Oso graziosoak dira herrialde horretan. Tarteka, taldeko teknikariren bat etortzen zitzaidan programa bukatzean eta «hay que ver la capacidad que tenes vos para componer», esan ohi zidan. Gogoratzen naiz Canal 13n nire promo bat egiten zutela, oso ona; «Al mediodía su mujer está con otro» esaten zuen eta nire barre txiki bat entzuten zen.


Nola biltzen dituzu kontatzen dituzun txisteak?

Asko kalean kontatzen dizkidate edo idatziz bidaltzen dizkidate. Asko ezin dira kontatu. Orain dokumentazioan Iruñeko neska bat ari da, Amaia, eta pilo bat lortzen dizkit. Egunero kontatu behar ditut bat edo bi. Behin kalkulua egin nuen eta 5.000 baino gehiago kontatu ditudala ikusi nuen. Gaur Getariara bidean pentsatzen joan naiz oso jende gutxi egongo zela telebistan nik adina txiste kontatu duenik.


Txisteak kontatzea ere arte bat da.

Hala ematen du. Txiste txarrak eta luzeak kontatzen dituenari isiltzeko esan behar  zaio. Txisteak oso motza izan behar du. Neure buruari egin behar diot grazia. Neure burua aspertzen badut, nola entretenituko ditut nire begira dauden bi milioi eta piku ikusle? Motza eta graziosoa behar du denak. Abesti batekin hasten banaiz, sei edo zortzi segundo kantatuko dut. Bakoitzak jakin behar du zer gaitasun duen. Nire muga zortzi segundokoa da eta ez naiz muga horretatik pasatuko.

 

Andoni Salegi, marrazkilaria

«Gaztetxeen munduan ibili izan naiz eta ikuspegi horretatik egiten ditut binetak»

Berako institutuan ari da lanean eta Baztango herrixka batean, Anizen, jarri dira bizitzen neska eta biak, umea izateko zorian baitaude. Asteburuetan, hala ere, Azpeitira itzultzen dira askotan. Bertako “Uztarria” herri aldizkarian hasi zen binetak egiten 1999an. Bineta horietako protagonistak, Otsobeltzek, liburu bat egiteko adina ere eman zion. Eta aldizkariak kolaboratzaileei blog bana izateko aukera eman zielarik, bere blogerako binetak eta marrazkiak egiten ere hasi zen. Bere umorea sarkastikoa baina freskoa da, akrata samarra ikuspegi aldetik. Azpeitiartasuna definitzen duten ezaugarriak salatzen ditu (eliza, ohiturak, danborrada...), baina badirudi horren aitzakian euskalduntasuna ulertzeko modu bat kritikatu nahi duela.


Arte Ederrak ikasi zenituen. Noiz bukatu zenituen ikasketak?

Hogeita hamalau urte egin behar ditut. Orain dozena bat urte hasi nintzen ikasketa horiek egiten, baina tarte batez utzita ere eduki nituen. Pintura landu nuen gehienbat. Txikitandik egin dut marrazkia. Behar bat izan da. Marrazkilari fama itzala bezala eraman dut nirekin eta, “Uztarria” aldizkarikoek deitu zidatenean, binetak egiten hasi nintzen. Azpeitiko armarrian bi otso agertzen dira eta hortik hartu nuen Otsobeltz pertsonaia. Ni beti izan naiz anarkista samarra eta kolore beltzak ere badu bere esanahia. Ardi beltzak dauden bezalaxe, otso beltzak ere egon daitezkeela pentsatu nuen. Pertsonaia ironikoa da, sarkastikoa ere badela esango nuke, oso bere erara ibiltzen dena. Bestalde, otsoak basatiak dira, baina beren artean taldeak osatzen dituzte eta sozialak dira. Baina gizarte honetan otsoak ez du lekurik eta alde horretatik pertsonaiarekin erraz identifikatzen nintzen.


Zure binetetan azpeitiartasuna kritikatzen duzula esan izan da.

Nik Azpeitia oso herri tradizionala dela uste dut edo hala izan da behintzat. Begiratu besterik ez dago zenbait eliza dauden herri honetan. Ni beti gaztetxeen munduan ibili izan naiz, beti utopiak buruan ditudala. Ikuspegi horretatik egiten ditut binetak. Gai oso orokorrak erabiltzen ditut, eliza, morala eta horrelakoak, baina sartzeko aukera handiak ematen dizkidate. 

Komiki liburuarena gero etorri zen.

“Uztarria” aldizkaria eramaten duen elkarteak liburuak ere ateratzen ditu eta aukera eskaini zidaten. Azpeitiko armarrian agertzen den eltzetik Otsobeltz jarri nuen azpeitiartasuna sinbolizatzen duten objektuak ateratzen. Egitura bat eman nahi izan nion liburuari eta gai solteak, hala nola lana, aberria, ohiturak, egoskortasuna, sexua, eliza edo danborrada, egitura horren barruan jorratu nituen. Danborrada ere azpeitiartasunaren osagarri garrantzitsua da, jatorriz Donostiakoa bada ere, Azpeitiak beti izan baitu eredu moduan Donostia. Hori da nik bizi izan dudan irudipena, ez dakit zenbateraino izango den egia. Niri Bilbo, esate baterako, askoz ere gehiago gustatzen zait; zalantzarik gabe.

Geroago hasi zinen blogarekin.

Denboraldi bat “Uztarria” utzita egon nintzen. Granadara joan nintzen neska batekin bizitzera eta ondoren Grezian ere egon nintzen ikasten. Otsobeltz hiltzea erabaki nuen. Kamioi handi batek harrapatu zuen. Berriro etxera itzuli nintzelarik, Otsobeltz piztea gomendatu zidaten eta orduan proposatu zidaten bloga zabaltzea. Marrazkilariak edo komikilariak beti izaten du jendearen erantzunaren beharra eta horren bila zabaldu nuen bloga uztarria.com atariaren barruan. Hasieran oso gogotsu hasi nintzen eta bineta piloa egin nuen blogerako. Gero, poliki-poliki alfertzen joan naiz. Azken aldi honetan hiru dimentsiotan egiten ditut marrazkiak, animazioa gero eta gehiago interesatzen zaidalako.

 

Rafa Castellano, kazetaria

«‘Egin’ itxi zutenean umorearen inguruko gehigarri bat prestatzen ari nintzen»

“Egin” egunkaria itxi zutenean umoreari buruzko gehigarri bat prestatzen ari zen. «Hemen daukat oraindik gordeta karpeta batean. Marrazkigileen eta idazleen zerrenda egina nuen eta aurrekontua ere bai. Lana oso aurreraturik genuen ixtera etorri zirenean», dio bere langelan txukun-txukun pilaturik dituen artxibategiei begira. Urte gutxi lehenago “Los vascos también ríen” liburua kaleratu zuen. Hamar bat urte eman zituen herriz herri umorearen inguruan hitzaldiak ematen eta jardun horretan landutako ideiak bildu zituen liburuan. Hala ere, “Egin” egunkarian egunero idazten zuen  “Hala Jainkoa!” atalagatik gogoratuko du Rafa Castellano adin pixka bat duen jendeak. Debako bere etxean hartu gaitu eta itsas bista aurrean dugula jardun genuen hizketan.

Zuk bi gauzak egin dituzu: umorearen bilketa lana egin zenuen urte askoan eta umore horren inguruan teorizatu zenuen.
Hogeita hamar bat urte eman nituen eta, hasieratik, jende arruntak kontatzen zuena biltzea interesatu zitzaidan gehienbat. Garai hartan tertuliak egiten ziren tabernan, plazan, kalean eta jendeak gertaerak kontatzen zituen. “Hala Jainkoa”atalean hasi nintzen pasadizo horiek izen-abizen eta guzti kontatzen. Ondoren umoreari buruzko hitzaldi batzuk eman nituen herriz herri eta hitzaldi horietan oinarritako saio bat izan zen liburua.

Zuri txistea edo pasadizoa gustatzen zaigu gehiago?
Nire bilketa lana beti egon da lotuagoa pasadizoari edo gertakariei, nahiz eta kontalariak gertatua gero izugarri puzten duen. Pertsonaia bati lotutako gertakariak dira, izen eta abizenak dituztenak. Pertsonaia horiek desagertzen ari dira. Koadrila askotan egongo da oraindik ateraldiak egiten dituen norbait eta haren kontura barre egingo dute, baina ez da lehen bezala, lehen landu egiten zen hori. Gaurko zahar gehienek dute umorea lantzen zen garai horren nostalgia. Iraungitzen ari den espeziea da umorea lantzen zuten pertsonaiena. Nik bildu nuen umore mota hori galtzen ari da. Orain taberna batera zoaz eta jendea telebistari begira ikusiko duzu, lehen bezala elkarri zirikatzen aritu beharrean. Umorea lantzeko ezinbestekoa da gauden lekuan gaudela telebista itzaltzea. Egunkarietan ere desagertu egin da umorea. Hasten zara egunkari bat irakurtzen eta “Apokalipsia” irakurtzen ari zarela ematen du: dena da krisia, gripea eta gerra. 

Euskaldunen umorea eklektikoa dela esan izan duzu.
Euskal Herritik erromatarrak, bisigodoak, arabiarrak, juduak eta zeltak pasatu dira eta denek utzi dute arrastoa. Kultura horietatik gehien gustatu zaiguna hartu dugu.

Hala ere, euskal umorean zelten eragina nabarmendu izan duzu.
Komunikatzeko gaitasuna berezkoa du gizakiak eta unibertsala da. Umorea komunikazio modu bat da, kodifikazio sozio-kulturala duen komunikazio modu bat, eta hori da herri batetik bestera aldatzen dena. Gure umorearen eragin nagusiena zeltena dela uste dut. Mozkortzea eta bere mozkorraldiez barre egitea da irlandar baten denbora-pasarik gustukoena. Irlandar batek bere burua antiheroi moduan irudikatzen du; pobre, mozkorti eta tripontzi. Horretan euskaldunak ere antzeko gara. Hor dago Olentzero. Irlandarrek figura hieratikoei barre egiten diete. Batez ere abadeekin, elizarekin, sartzen dira. Orain elizak galdu egin du bere lekua, baina horrela izan da mendeetan. Irlandarrak eta euskaldunak beti ibili dira apaizen atzetik, kandela eskuetan dutela baina makilarekin egurra emateko edo barre egiteko prest.

“La Codorniz” aldizkarian satira politikoa egiten zenuten askatasunik ez zenean. Gaur egun egiten al da?
Udalen aurka, Renferen aurka, egiten genuen umorea. Ez dakit satira politikora iristen zen. Gaur binetak badaude, baina lehengo ironia, lehengo sarkasmoa, lehengo tonu hura falta da.
Nik tarteka “Punto y Hora” begiratzen dut, eta askoz ere ironia eta askatasun gehiago sumatzen ditut orrialde horietan gaurko egunkarietan baino. Suarezen garaitik izugarri murriztu dira arlo honetan askatasunaren mugak. Sinesten ez duenak ez du hemerotekara jo besterik.

Zuk blogean idazten jarraitzen duzu. Zer umore dabil sarean?
Ingelesez umore oso ona egiten da Interneten. Jende gazte oso ona dago. Irribarrea eragiten duen umorea da. Sekulako parodiak egiten dituzte. Atzo, esate baterako, Wikipediaren parodia eginez idatzitako lan bat irakurri nuen, oso ona. Stumble Upon webgunea, esate baterako, oso ona da. AEBetakoa da. Jende gaztea eta ona dago hor. Ia egunero sartzen naiz begirada bat emateko. Gazteleraz ez dut hain atari onik ezagutzen, baina seguru badaudela.

 

Andoni Egaña, bertsolaria

«Umorea egitekotan, kaustikoa, laburra, hitz gutxikoa dut gogoko; haria daramanaren kontrapuntu»

Badago umore mota bat euskaldun askok bereziki maite dutena: hitz gutxikoa, kaustikoa, komikotasunik gabea. Umore mota horrek ironiaren aizto zorrotza erabiltzen du eta entzuleak irribarre batekin eskertu ohi du. Horientzako umorea adimenaren erakusgarri izaten da. Halakoak hurkoa adina larrutu ohi du bere burua. Estilo horretakoa da Andoni Egañaren umorea. Iñaki Muruak kontatzen du saio batetik bueltan elkarrekin zetozela iruzkin ironiko bat egin zuela Egañak eta berak biharamunean ulertu zuela.

Txistea, pasadizoa, ironia... Zein da zure arlo gustukoena?
Txistea batek kontatzetik besteak kontatzera alde handia dago. Eta txistetik txistera ere bai. Pasadizoak inguruari lotuagoak egoten dira, gertakari errealetan oinarrituak baitaude. Ez dakit zer dudan nahiago. Niri umorea gustatzen zait. Eta ez dauka txistearekin zerikusirik. Txistea, gehienez ere, umorearen historiaurrea da. Txiste batean barre egiten zaio honako edo halakori,  honako edo halako sudurra duelako. Umoreak barre egiten die giza-emakumeei, guztiei, non eta aurpegiaren erdian halako koskatzarra izateagatik. 

Zure umorea hitz gutxikoa dela esan daiteke beharbada, ironian oinarritzen dena?
Ez naiz ez txiste kontalari ez pasadizo kontalari handia. Fokuaren pean bestela ere egoten naiz nahikoa, bertsotan ari naizelarik. Ertzetik entzuten egotea nahiago izaten dut, eta umorea, egitekotan, kaustiko egin, labur, hitz bat, keinu bat; haria daramanaren kontrapuntu. Ironiak urrutiratzea eskatzen du, fokutik urrun egotea, eta hartara bakarrik zertzelada batek har dezake koadroak adinako indarra. 

Bertsotan bakarrik ez, lagunartean ere landu behar izaten duzue askotan umorea.
Mahai-inguruko hitzezko tiki-taka horretan moldatzea garrantzitsua da bertsolariarentzat. Honi adarra jo, besteari erantzun, gezur txiki bat asmatu… Azken finean mahaian eserita ordu asko ematen ditugu eta bertsolariak jakin behar du, bere buruarengatik eta besteengatik, ordu horiek ahalik eta atseginen nola pasa.

Nolakoa zen, hiru bertsolari handi aipatzearren, Lazkao Txikiren, Uztapideren edo Lazkanoren umorea?
Uztapide ez nuen ezagutu aurrez aurre. Lazkao-txiki bai. Txistea asmatzen zen ona Joxemiel. Kontatzea gustatzen zitzaion, baina berria edonoiz asmatzeko trebetasuna zuen. Lazkano berriz, pasadizo kontalari nekagaitza da. Hitzak zer eta zenbat balio duen Imanolen ondoan ikasten da. Gozatu egiten du uneoro hitz prezixuaren bila eta entzuleak ere gozatu egiten du, jakina.