Iñaki Altuna
2009ko Maiatzaren 22a
Badira datu zehatz-zehatzak: apirilaren 18an Jon Anzak trena hartu zuen Baionako geltokian, Akitaniako Tolosa bidean, eta ez zen hiri horretan ETAko norbaitekin zuen hitzordura agertu. Halaxe da. Tren batean sartu eta irten bitarteko ibilbidea egin behar zuen, Tolosan bertan baitzuen zita, baina Anza ez da inon ageri, eta txarrena susmatzeko ordua ere iritsi da; hilda dagoela, alegia. Baina, horrela balitz, non da bere gorpua? Gorpuak ez dira hala-hola desagertzen. Desagerrarazi egin behar dira, eta horretarako ere baliabideak izan behar dira. Istripua izanez gero, bere buruaz beste eginez gero, lapur batzuek eraso eginez gero... haren gorpua hortxe izango zen.
Joan den ostiralean, prokuradorearen aurrean desagertzearen berri eman ostean, familiak egindako agerraldiak erantzun baino galdera gehiago utzi zituen. Halaxe aitortu zuten familiaren abokatuak eta bertan izandako amnistiaren aldeko mugimenduaren bozeramaileak. «Non da Jon?», galdetu zuten, hipotesi guztiak irekiak zirela esanda. Izan ere, azken hilabeteotan egoera gogorra pairatu du Anzak, ezindu samar utzi duen gaixotasun larri baten ondorioz. Halere, Anza preso ohia, iheslaria eta militante abertzalea dela nabarmendu zuten, eta hori bada zerbait desagerpena dela-eta susmo txarrak izateko.
Esan bezala, erantzun baino galdera gehiago utzi zituen senitartekoek, haien abokatuak eta amnistiaren aldeko mugimenduak eskainitako prentsaurrekoak. ETAren agiriak, ordea, hipotesi bat indartu du, zalantzarik gabe. Gerra zikinaren hipotesia, hain zuzen ere. Gainera, erakunde armatuak datu operatiboak eman ditu (Anzaren militantzia, diru baten arrastoa, hitzordu baten lekua...), eta, beraz, horrelakorik egin badu, salaketa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Horrelakoak egin izan ditu lehenago ere, eta beti gertaera ilunek behartuta izan da. Adibidez, Itziarren hilik agertu zen Josu Zabala Basajaun-en pistolaren xehetasunen berri edo Indautxuko komisariatik erorita zendu zen Xabier Kalparsoro Anuk-ek helarazitako -eta datuz betetako- gutunaren berri eman zuen ETAk gertakari horiek argitzeko asmoz.
Azken agiria ezagutu baino lehenago, Baionako prokuradoreak Anzari gertatutakoaz ikerketa agindu duela jakin genuen. «Oso serio» hartu duela afera esan zion prokuradoreak «Euskal Herriko Kazeta» egunkariari. Beraz, desagerpena ezin liteke ezkutatu, hainbat hedabidek -gehiegik- egin duten moduan. Senideen aipatu agerraldiak, adibidez, ez zuen arreta handirik piztu, salbuespenak salbuespen. Indarkeria gaitzesten dutenek erraz asko eman zioten buelta lepoari beste alde batera begiratzeko. Agerraldiaren hurrengo egunetan, Google bilatzailean «Jon Anza» jartzea nahikoa zen hipokrisiak bazka askotxo duela frogatzeko. Giza eskubideak gora eta behera aritzen diren blog zaleek ere ez zioten gaiari erreparatu. GALen garaia ere gogorarazten du horrek, urteak pasata eskandalizatuta azaldu ziren askok eta askok ez baitzuten txintik ere esan hilketak gertatu ziren unean. Deigarria ere bada alderdi abertzaleek, sikiera gertatutakoa argi dadin eskatzeko, adierazpen txikiena ere egin ez izana desagerpenaren berri izan ondoren.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak eta Adolfo Ares Barne sailburuak hitz egin zuten ETAren agiriari erantzuteko. Anzaren desagerpena estatuen estoldei leporatzea «asmakeria» dela esan zuen Rubalcabak. GAL-en garaian ere PSOEko Gobernuaren kide zen oraingo Barne ministroa, eta gogoratzea besterik ez dago Gobernu hark gezurra eta inpunitatea besterik ez zituela erabili orduan ere. Rubalcabaren hitzok, beraz, susmo txarrenak handitu baizik ez ditu egin.




