Iņigo Ansorena
2009ko Maiatzaren 22a
Biolentzia. Bortxakeria. Emakumeen kontrako indarkeria. Doako bortizkeri neurrigabea. Lankideen arteko liskar mingarriak. Bullyinga... Zer da hau? Zer gizarte ari gara eraikitzen? Non dago honen guztiaren jatorria eta zer egin dezakegu hau gelditzeko? Okerrera al goaz?
Nahiz eta hasiera hori oso tremendista den, ez pentsa baikorra ez naizenik. Inguruan ikusitakoak ikusita, baikorregia ez ote naizen ere galdetzen diot nire buruari, baina hobera doazen gauza asko ere ikusten ditut eta gizarte bezala sustatzen ari garen berdintasunezko baloreak, adibidez, oso kontuan hartzekoak dira. Balore horiek eta egunerokotasunean topatzen dugun errealitatea ez datoz bat eta desfase horren arrazoiak ulertu nahi nituzke, batik bat, gizasemea naizenez, gizonen artean ematen den eta ondorio latzenak dakartzan bulkada kontrol faltarena.
Gertuen dudana adibide bezala erabiliz, idatzitako lehenengo lerroak irakurtzerakoan haserretzen naizela onartu behar dut; nire bihotza azkarrago doa, eskuak berotzen zaizkit eta nire gorputzean zerbait martxan jartzen dela senti dezaket: mugimendura bultzatzen nauen indar bat. Kontziente naizen heinean, emozio horren morroi izateko aukerak murrizten doaz eta indar horrekin zer egin nahi dudan aukeratzen has naiteke, adibidez, artikulu honi forma ematen joan. Animalia bezala, planeta zoragarri honetan bizi diren kreaturak garen heinean, mementuro emozioak bizi ditugu; bizirik egoterekin batera datorkigun zerbait da. Oinarrizko emozioen artean, errabia edo amorrua dago.
Psikologian, historikoki, bi modu ezberdinetan ulertu izan da amorrua. Alde batetik, modu negatiboan, saihestu edo tapatu beharreko zerbait bezala ulertu da. Bestetik, adierazten ez baldin bada ondorioak kaltegarriagoak izango direlakoan, edozein moduan ateratzeko gonbidapena ere eman izan da. Gaur egun bi ikuspegi horien erdibidearen bila gabiltza; izan ere, biak zuzenak eta okerrak dira aldi berean. Hau da, alde batetik, amorrua baldin badugu zerbaitegatik dela eta arreta jarriz gero geure buruari buruz asko ikas dezakegula diogu, eta, ondorioz, geure bizipenak murriztea izango zelako, ez diogula haserrea sentitzeari utzi behar aldarrikatzen dugu. Bestetik, arrazionaltasuna eta emozioen artean ematen den etengabeko borroka hori faltsua dela, adimena emozioak kudeatzeko dugun erreminta hoberena dela, azpimarratzen dugu. Horregatik, emozioak ulertzen ditugunean, ez da ematen diguten aberastasuna alde batera uzteko izaten, baizik eta beraien esklabo izatera ez iristeko.
Min egin digutela sentitzen dugunean ematen da amorrua eta, beraz, minduta egotearen ondorioa dela esan dezakegu. Baina, zerk mintzen gaitu? Garenaren arlo ezberdinak izan daitezke minduak: fisikoki mindua izan naiteke, baita emozionalki ere, eta ideologikoki ere amorrura eraman nazaketen ideiengan errepara dezaket. Sentsazio hori erreala den arren, sortarazten duen gertakariak ez du zergatik horretara zuzendua egon behar, ez du zertan nire erantzunaren bila ibili behar; dena den, nahi baino gehiagotan, ituan bertan jotzen dute horretara zuzenduak ez zihoazen geziek, sentikortasun handitu batek, zaurgarriagoak egiten baikaitu. Jatorri eta ondorio korapilatsuenak, min emozionalaren inguruan ematen dira eta pertsona odolbero edo haserrekorren barruan, abandonua edota tratu txarrak pairatu zituen umearen gorrotoa aurki dezakegu.
Haserrea eta amorrua sentitzea, nahiz eta inguruari edota geure buruari min egin diezaiokegun, ez da, izatez, txarra. Emozio bezala, inguruan daudenei geure egoeraz berri emateko balio du, elkar ulertzeko, eta mehatxuen aurrean behar dugun indarra ere ematen digu. Baina pertsona batzuk azkarregi adierazten dute haserrea eta bere menpe egotera pasatzen dira, eta pertsona zakar eta desatseginak direnez, mundua toki erosoa ez denaren ideia berrindartzen dien bakardadean bukatzen dute. Beste batzuk, haurtzaroan haserrearen ondorioak ezagutu zituztelako edo, ez diote beren buruari amorrutsu egoten uzten sekula eta pertsona indargabeak izatera pasatzen dira. Amorrua gizartean okerren kudeatzen dugun emozioa dela sinetsita nago eta, horregatik, hurrengo batean, azaldutako bi mutur kaltegarri hauetan ez erortzeko estrategiak landuko ditugu.




