Somaliako piraten auzia beste era batera aztertzea proposatzen digu egileak, Global Research agerkari elektronikoak banatu duen testu honetan. Gaizkileak ala bertako baliabideen zaindari bakarrak dira?
Johann Hari
2009ko Maiatzaren 22a
Nork pentsatu behar zuen munduko gobernurik indartsuenek piraten aurkako beste gerra bat abian jarri behar zutenik? Irakurlea lerro hauek irakurtzen ari den bitartean, Britainia Handiko Itsas Armada –beste makina bat herrialdetako itsasontzien laguntzarekin, Ameriketako Estatu Batuetakoak eta Txinakoak barne– Somaliako uretan sartzen ari da. Oraindik zirkoko bilau moduan ikusten ditugun gizon lorodun horien bila doaz. Aurki, Somaliako itsasontzien kontra borrokan izango ditugu. Lehorrean ere horien atzetik jarraituko dute. Somalian gertatzen ari da, Lur planetako herrialderik txikituenean. Ipuin horren nabarmenkeriaren atzean, kontatu beharreko eskandalua daukagu. «Gure garaiko mehatxurik handienetako bat» esanez gure gobernuek deskribatzen dizkiguten pertsona horiek badute zer kontatu, oso gauza aparta gainera, eta justizia eske dauzkagu.
Piratak ez dira inoiz izan guk uste genuen modukoak. Pirateriaren urrezko aroan, 1650etik 1730era, garaiko britainiar gobernuak sortu zuen gaur egun arte bizirik dirauen pirataren ideia; lapur basati eta eroaren itxura nagusitu zen. Sekulako propaganda ahalegina izan zen, eta arrakastatsua oso! Baina garai hartako pertsona askok pentsatzen zuten agintariek ez zutela egia esaten eta, behin baino gehiagotan, urkamendira bidean zeramaten pirata salbatu egiten zuten. Zergatik? Zer ikusi zuten haiek, guk orain ikusten ez duguna?
Lehen matxinatuak
«Villains of all nations» (Herri guztietako bilauak) liburuan, Marcus Rediker historialariak dauden arrastoak aztertzen ditu erantzunaren bila. Garai hartan, merkataritza ontzietan edo britainiar Itsas Armadan sartuz gero -Londreseko kaian goseak amorratzen zeundela errekrutatuta-, ur gainean ibiltzen den egurrezko infernuan bukatzen zenuen. Beti lanean, atsedenik gabe, leku estu batean, eta goseak amorratzen. Alferkerian pixka bat ibiliz gero, kapitainak berak egurtzen zintuen. Alferkerian beti ibilita, pikutara bidaliko zintuzten. Eta urteak egoera horretan egin ondoren, batzuetan ez zizuten soldatarik ere ordaintzen.
Piratak izan ziren egoera injustu horren aurkako lehenengo matxinatuak. Beraien kapitainen aurka altxatu ziren eta itsasoan lan egiteko beste era desberdin bat sortu zuten. Itsasontziaren jabe egin ondoren, piratek hautatzen zuten beraien kapitaina eta erabaki guztiak elkarrekin hartzen zituzten. Harrapatutako altxorrak elkarren artean banatzen zituztenez, Redikerek idatzi du piraten jarduera zela «hemezortzigarren mendeko egitasmorik berdintasunezkoena zeuden baliabideak aprobetxatzeko garaian». Afrikako esklaboak hartu izan zituzten eta beraien eskubide berberak zituzten beltzek. Piratek frogatu zuten, «oso era argi eta iraultzailean, itsasontzia eramateko ez zegoela marinelak gaizki tratatu beharrik, merkataritza ontzietan eta Itsas Armadan gertatu moduan». Horregatik maite zituzten herritarrek, nahiz eta inolako mesederik egiten ez zieten lapurrak izan.
Pirateriaren urrezko aro berri honetan, garai hartako pirata gazte baten hitzek merezi dute oihartzunik. William Scott britainiarra zen. Hego Karolinan urkatua izan baino lehentxeago, hurrengoa esan zien Charlestongo plazan elkartutakoei: «Egin nuena ez hiltzeagatik egin nuen. Bizirik irauteko, pirata bihurtzera behartu ninduten».
Europako hondakin nuklearrak
1991n erori zen Somaliako Gobernua. Afrikako ekialdeko herrialde honetako bederatzi milioi biztanleek gosea besterik ez dute ezagutu geroztik. Egoera horretaz jabetu ziren Mendebaldeko indarrik zitalenak eta herrialdeko janariak lapurtzeko eta gure hondakin nuklearrak beraien itsasoan botatzeko aukera paregabea ikusi zuten.
Hondakin nuklearrak, bai! Gobernua erori bezain pronto, Somaliako itsasertzera Europako itsasontziak iristen hasi ziren, misteriozko bidaiak egiten zituzten, eta upel handiak botatzen zituzten ozeanora. Inguruetako biztanleak gaixotzen hasi ziren. Hasiera batean, negalak atera zitzaizkien, gonbitalarria izaten zuten, eta gaizki osatutako umeak jaio ziren. 2004ko abenduaren 26ko tsunami ikaragarriak Somaliako itsasertza ere astindu zuen. Ehunka upel ekarri zituen itsasoak, horietako asko pitzatuta eta barrukoa botatzen hasiak zirela.
Erradiazioak pertsona asko gaixotu zituen eta gutxienez hirurehun somaliar hil egin ziren. Ahmedou Ould-Abdallah NBE Nazio Batuen Erakundeak Somaliara bidali zuen ordezkari bereziak hurrengoa adierazi zuen: «Hemen norbait gai nuklearrak botatzen ari da. Beruna eta beste material astunak ere badaude, kadmioa eta merkurioa ere bai, denetik». Arrastoek Europako erietxe eta lantegietara eramaten gaituzte; horiek Italiako Mafiari ematen dizkiote hondakinak, erarik merkenean begien bistatik kentzeko. Ould-Abdallahri galdetu nion ea Italiako gobernuek zer egiten duten fenomeno honen aurka. Berak, hasperen egin ondoren, hurrengoa esan zidan: «Ezer ez. Ezta garbitu ere. Ezer ez dute eman ordainetan eta ez dago inolako prebentziorik».
Aldi berean, Europako beste itsasontzi batzuek Somaliako itsasoak duen baliabiderik garrantzitsuena lapurtzen aritu dira: itsaskia. Gure arrantza agortu dugu gehiegizko ustiapenarengatik, eta orain somaliarrena nahi dugu. Ikaragarrizko tretzaontziek urtean 300 milioi dolar arrantza lapurtzen dute, legez kontra Somaliako babesik gabeko itsasoetan sartzean: hegaluzeak, ganbak, otarrainak... Bertako arrantzaleak bat-batean ogibiderik gabe geratu dira eta orain gosea pasatzen dute. Mohammed Hussein Marka hiriko arrantzalea da, Muqdisho hiriburutik ehun kilometrora. Reuters agentziari adierazi zionez, «ezer egiten ez bada, aurki gure uretan ez dugu inolako arrantzarik izango». Testuinguru horretan sortu dira guk «piratak» deitzen ditugun horiek. Guztiak bat datoz Somaliako arrantzale arruntak besterik ez direla esatean; aurrena hondakinak botatzen zituzten ontziak izutzeko ahaleginak egiten zituzten beraien txalupa azkarrekin; bestela, zergaren bat kobratu nahi zieten. Somaliako Kostazain Boluntarioak deitzen diete beren buruari, ulertzekoa. Telefonoz egindako elkarrizketa surrealista batean, Sugule Ali piratak hurrengoa esan zuen: «Gure asmoa gure uretan legez kontrako arrantza eta isurketak geldiaraztea da. Gu ez gara itsasoetako bidelapurrak. Lapurrak horiek dira, gure uretan hondakinak isuri, armak eraman eta arrantzan egiten duten horiek». William Scottek oso ondo ulertuko zizkion hitz horiek.
Somaliarren babesa
Horrek ez du justifikatzen inor bahitzerik eta onartu behar da itsasoan ibiltzen diren batzuk gangster hutsak direla, batez ere Nazio Batuen Erakundeko agentziak bidalitako elikagaiak lapurtu dituztenak. Era berean, jakin behar da piratek herritarren babesa dutela, eta hori zerbaitengatik izango da. WardherNews izeneko Somaliako webguneak inkesta bat egin zuen gai honen inguruan. %70ak bat egiten du pirateriarekin, herrialdeko urak babesteko tresna nazional moduan.
AEBetako Independentzia Gerran, George Washingtonek piratei dirua ordaintzen zien eskumeneko urak babes zitzaten, ez baitzeukaten ez Itsas Armadarik ez kostazainik. Estatubatuar gehienek bat egin zuten ordainketekin. Somaliakoa hain desberdina al da?




