Garapen bidean dauden herrialdeetako hogei milioi hektarea baino gehiago erosi dituzte dagoeneko atzerriko gobernu zein konpainiek, etorkizunean nahikoa elikagai eta energia iturri edukitzeko asmoarekin. Fenomenoa iaz ikaragarri hedatu zen, elikagai krisiaren eraginez. Gardentasun eza leporatzen zaie agintariei zein erosleei.
Stephen Leahy - TIERRAMERICA
2009ko Maiatzaren 22a
Datua benetan harrigarria da: hogei milioi hektarea baino gehiago daude atzerriko gobernuen eta konpainien esku, mundu osoko herrialde pobretuetan, hau da, «garapen bidean» dauden herrialdeetan. Nekazaritza nagusi den eskualdeetan gertatzen den jabetze fenomenoa iaz ikaragarri hazi zen, orduko elikagai krisiaren eraginez.
Herrialde industrializatu eta aberats batzuek oso lur gutxi dute. Beste batzuek, berriz, gaur egun duten ura baino gehiago beharko dute hemendik aurrera. Arazo horiei aurre egiteko ari dira lur gehiago bilatzen, «beraien populazioen elikagai segurtasuna bermatzeko», Joachim von Braun IFPRI Elikagai Politikei buruzko Ikerketarako Nazioarteko Institutuko zuzendariak adierazi duenez.
«Ondasun higiezinekin egiten dituzten negozio horietan oso gardentasun gutxi dago», esan dio Von Braunek Tierramericari telefonoz Washingtonen duen bulegotik.
Von Braunek berak eta Ruth Meinzen-Dickek sinatu dute IFPRI Institutuak aurkeztu berri duen azken txostena: «Garapen bidean dauden herrialdeetan inbertitzaile atzerritarrek egindako lur desjabetzeak». Orain bizpahiru aste ezagutzera emandako lanaren arabera, dagoeneko hamabost edo hogei milioi hektarea erosi dituzte atzerritarrek, edo erosteko bidean daude.
IFPRIko adituek egin dituzten kalkuluen arabera, hektarea kopuru hori Europak dituen ereiteko moduko lurren laurden batera iristen da ia-ia. Von Braunek emandako datuetako bat da hori. Ikerketa hedabideetan argitaratutako berriak kontuan hartu eta aztertuta egin dute IFPRIko adituek.
Arlo honetan oso zaila izaten da ikerlarientzat fidatzeko moduko datuak lortzea, salerosketa horien protagonistak ez baitira gardentasunaren zale izaten. Hala ere, IFPRIkoek uste dute operazio horietan gutxienez 20.000 milioi dolar -eta gehienez 30.000 milioi dolar- jarri dituztela Txinako, Hego Koreako, Indiako eta Persiako Golkoko estatuetako inbertitzaileek. Lur gehienak Afrikan erosi dituzte. Von Braunek Tierramericari adierazitakoaren arabera, «inbertsio horien laurdena gutxi gorabehera, bioerregaiak ekoizteko landareak landatzeko erabiltzen da».
Txina orain hamar bat urte hasi zen elikagaiak ekoizteko helburuarekin lurrak beste herrialde batzuetan errentan hartzen, orduan batez ere Kuban eta Mexikon. Afrikan ere lur ugari erosi du eta kontinente horretan beste salerosketa operazio asko dauzka abian. Hektarea milioi asko erosiko ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan, Tanzanian, Ugandan, Zambian eta Zimbabwen. Gainera, txostenak nabarmentzen duenez, Afrikak milaka langile txinatar «inportatu» ditu lur horietan lan egin dezaten.
Sudan, estatubatuarren mehatxupean dagoen herrialde arabiarra, da Afrikako handiena, azalerari dagokionez. Ez da harritzekoa, beraz, Afrika osoan ereiteko moduko lur gehien atzerritarren esku dituen estatua Sudan izatea. Persiako Golkoko estatuek erosi dituzte Sudango lur horiek.
Iaz Arabiar Emirerri Batuek Pakistanekin zenbait itun sinatu zituzten helburu berarekin, eta Qatarrek ereiteko moduko lurrak eskuratu ditu Bahreinen, Birmanian, Filipinetan, Indonesian eta Kuwaiten.
Daewoo Logistics Corporation Hego Koreako konpainiak Madagaskarren 1,3 milioi hektarea azpierrentan hartzeko akordioa sinatu zuen. Korearren helburua lur horietan artoa eta palmondoak landatzea da. IFPRIko adituen lanaren arabera, Daewoo konpainia Afrikako herrialdean egoteak izan zuen zerikusirik uhartean azken bolada honetan izan diren gatazka politikoetan. Gatazka horien eraginez aurreko gobernuko kideek alde egin beharra izan zuten.
Hala ere, aipatu txostenak eman dituen datu horiek ez dute behar bezala adierazten fenomenoaren dimentsioa, begirale batzuen arabera. «IFPRI Institutuak aipatzen duen akordio kopurua baino askoz ere handiagoa da benetan gertatzen dena, lur salerosketari dagokionez. Kontuan hartu behar da bi konpainia pribaturen arteko negozioak inork ez dituela aztertzen», esan du Devlin Kuyek Grain gobernuz kanpoko erakundeko ikerlariak. Bartzelonan du egoitza Grain erakundeak.
«XXI. mendeko nekazaritza sukar» horrek badu erantzule nagusirik, Kuyekek Tierramericari esandakoaren arabera: elikagai merkataritzako konpainia multinazional handienen menpe egon nahi ez duten herrialdeak, alegia.
Edonola ere, ez dira atzerriko inbertsio publikoak herrialde pobretu horietara iristen diren bakarrak, gero eta gehiago baitira pentsio-fondoetatik datozen kapital pribatuak. Mundu osoko burtsek izan dituzten arazo larrien eraginez diru askok ihes egin du burtsetatik eta lurra erostea negozio bikaina izan daitekeela iruditzen zaie diru horren jabeei. Gauza bera esan daiteke petrolio eta metal negozioetan inbertitutako diruaren inguruan, gai horien salneurria izugarri jaitsi baita. «Australiako abeltzaintza industriako zati handi bat inbertsio elkarte baten jabetza da gaur egun -adierazi du Kuyek Grain gobernuz kanpoko erakundeko ikerlariak-. Eta Txinako bi txerri ekoizlerik handienak Goldman Sachs inbertsio banketxearenak dira orain».
Batzuentzat aurrera begira egindako urratsa dena, beste batzuentzat tragedia izan daiteke; milioika minifundista, artzain eta indigenentzat, erabiltzen dituzten lurren jabetza-titulurik ez dutenentzat. Graineko ikerlariaren arabera, ezin da baztertu pertsona horiek beraien lurretatik kanporatuak izatea.
Meinzen-Dickek nabarmentzen du Afrikan dauden ereiteko moduko lur gehienak jabetza komunalekoak izaten direla, ohiturak agintzen duen eran. «Atzerritarrak lurrak erostera iristen direnean, ohiturazko eskubide horiek ez dituzte onartzen; errespetu osoa behar duten ohiturak ez dituzte errespetatzen», erantsi du ikerlariak.
Arazo horiei aurre egiteko, IFPRIkoek beste jokabide bat garatu nahi dute, lurraren inguruan jatorrizko herriek dituzten eskubideak babesteko, salerosketa operazioen gardentasuna eta etekin banaketa egokia bermatzeko, ingurumen iraunkortasuna ziurtatzeko eta elikagai eskasiarik ez sortzeko.
Von Braunek uste du negozioak horrela eginda, herrialde pobreenetako nekazaritza eremuek hain beharrezkoa duten dirua lortuko luketela. «Txinak makina bat ikerketa zentro eratu ditu Afrikan arrozaren eta aleen errendimendua hobetzeko», jakinarazi du.
Hori bai, inbertsio horiek ez dira egiten eskualde horietako garapena bizkortzeko, etekinak bildu eta inbertsioa egin duen herrialdeko azoketara elikagaiak eramateko baizik.




