Jose Angel Oria
2009ko Maiatzaren 22a
Vietnamek Ho Chi Minhen bidearen berrogeita hamargarren urteurrena ospatu zuen asteartean, `odolaren bidearen' urteurrena, etsaiak ere goraipatu zuen bidearena. Vietnameko gerran AEBek porrot egin zuten, neurri handi batean, bide horren eraginez. Gaur egun errepide nazional bihurtuta dago», zioen France Presse agentziako berriak. Egileak Vu Xuan Vinh teniente jeneral erretiratuaren hitzak jaso zituen: «Pertsona asko hil ziren bertan». Berak ez daki zenbat hildako izango ziren, datu hori beti ezkutuan eduki baitute agintari komunistek. Herrialdeko hedabideek esan izan dute 20.000 lagun inguru hil zirela bidea eraikitzen, aurrena, eta hori zabalik edukitzen ondoren, estatubatuarrek etengabe bonbardatzen baitzuten, iparraldeko laguntza hegoaldeko ekintzaileei ez iristeko. Alfer-alferrik ordea.
Mendebaldeko hedabideetan ia ez zaio jaramonik egin hain urteurren potoloari. Prensa Latina Kubako agentziak ospakizunen berri eman du, bertan esku hartu zuten agintarien izenak aipatuta. «Maiatzaren 19an zabaldu zuten bide historikoa. Herrialdeko hegoaldea askatu nahi zuten borrokalariei hornigaiak eramatea posible egin zuen 1959tik 1975era. Bidea eraikitzeko sistema begirale guztiek goraipatu dute, baita AEBetako adituek ere, XX. mendeko ingeniaritza militarraren emaitzarik borobilena delakoan. Ibilbidean bat egiten dute Vietnameko herriaren borondatearen indarrak eta etorkizunera begiratzeko asmoak, ekitaldian esku hartu zutenek esan zutenez».
Vietnameko webgune batean ere aurkitu dugu gaiari buruzko aipamenik, gaztelaniaz. «Laos, Kanputxea eta Vietnameko herrien arteko elkartasuna» nabarmentzen du vietnamplus.vn webguneko informazioaren egileak.
Mendebaldeko etsaien aurkako borrokan herri horietako jarrera oso ondo deskribatu du agentzia frantsesak, Khoat Trong laurogei urteko beteranoaren hitzak jasota: «Nik ez nuen hiltzeko beldurrik. Hegoaldeko lagunen alde nire bizia emateko prest nengoen». Berak hamaika urte egin zituen Truong Son izeneko mendietan barrena.
Wikipediaren arabera, Ho Chi Minh bideak 16.000 kilometroko luzera zuen. Ibilbideak, Vietnametik pasatzeaz gain, Laos eta Kanputxea ere hartzen zituen. Herrialdeko buruzagirik garrantzitsuenaren izena jarri zioten. Ibilbidea mendi artekoa denez, leku maldatsu ugari zeharkatzen ditu. Toki askotan ezin zaio errepide deitu, pertsona bat pasatzeko adinako tartea besterik ez du-eta. Hala ere, milioika lagun pasatzen ziren bertatik, iparraldeko janariak, armak, munizioak, botikak eta abar hegoaldeko gerrillariei eramateko. Hasiera batean hogeita sei aste behar ziren mutur batetik bestera joateko, baina pixkanaka bidea bera hobetu egin zuten eta gatazka amaitzear zegoela hamabi aste nahikoa ziren gauza bera egiteko.
Garai hartan estatubatuarrek oso gustuko zituzten aire erasoak, gaur egun Afganistanen, esaterako, egiten duten moduan. Bonbardaketa ugari egin zituzten bidea zulatu eta hori erabiltzea ezinezko bihurtzeko. Bazirudien atzerritarrek bertakoen ahalegina zapuztea lortu zutela. Baina vietnamdarrak ez zeuden porrota hain erraz onartzeko prest. Zulo bakoitzari irtenbideren bat aurkitu, eta bidea erabiltzen jarraitu zuten. Txina eta Errusiako makineria astuna erabiltzeko aukera izan zuten batzuetan, baina normalean lan guztia eskuz egin beharra zegoen.
Gaur egun Vietnameko bi muturrak lotuko dituen errepide nazionala izateko bidean da. 2020. urterako erabat bukatuta edukitzea espero dute. Orduan 3.167 kilometroko luzera izango du. Egungo agintarientzat ikaragarri garrantzitsua da errepide berria, «herrialdea bera eta bere batasuna defenditzeko aukera ezin hobea ematen digulako», Nguyen Dinh Uoc komandante ohiak France Presse agentziari adierazi dionez.




