Susana Gonzalez -

Venezuelako prozesu politikoa askotan ageri da hedabide nagusietan, normalean, erabat desitxuratuta. Susana Gonzalezek bertako bilakaera margotzen digu.  

Joxemiel Etchemendy

2009ko Maiatzaren 22a

Susana Gonzalez Euskal Herrian izan da berriki, Askapenaren gomitari erantzunaz, Venezuelako prozesu bolivartarra azaltzeko. Gaur egun “Resumen Latinoamericano” aldizkariaren arduraduna da Venezuelan, eta horrez gain Hugo Chavez presidentearen PSUV alderdi politikoko eledun hautetsia ere bada, baina gazte zenetik herri mugimenduko borroka desberdinei lotua izateak bereizten du Susana Gonzalez, esku ahurra lanez bete eta ukabila borroka berrietarako eskaintzeak. 

Nor da Susana Gonzalez ?

Venezuela erdigunean dagoen Aragua izeneko herri txiki batean sortu nintzen duela 48 urte. Bi haurren ama naiz, eta oinarriko militantetzat daukat neure burua. Gero, «Resumen Latinoamericano» aldizkariaren arduraduna naiz Venezuelan, eta era berean Hugo Chavez presidentearen PSUV Partido Socialista Unido de Venezuela alderdiko hautetsia.

Ezagutzen zaituztenek diotenez, askorako eman dute 48 urte horiek...

17 urtetatik izan dut bizitza militantea eta sortu nintzen inguruneak bultzatu ninduen horretara. Diruz eroso zebilen familia batean sortu nintzen, eta hortxetik ikusi nuen Venezuelako gizartean gertatzen zen diferentzia nabarmena, batzuek dena baitzuten, besteek, berriz, ezer ez. Umeak kalean zebiltzan, jendea behartsua zen eta goseak akabatzen zegoen, eta hortxe kontzientziatu nintzen; «Liga Socialista» izeneko alderdi marxista-leninistan hasi zen nire militantzia eta gure herriaren errealitatea ezagutuz joan nintzen alderdi ezkertiar honetatik, justuki, errealitate horren aurkako kritika sendotu nuen nire barnean; Caracas hiriburuko auzoekin konprometitu nintzen, oroit dezagun bertako auzoak direla txiroenak, marjinatuenak, non ez dagoen bizitza duin bat aitzinera ateratzeko aukerarik ere, eta 1989ko otsailaren 27an Caracasetik hurbil den Guarena siderurgi auzoan gertaturikoak auzoetako borrokan engaiatzeko aukera eman zidan.

Zer gertatu zen han?

Gertakari hura «Caracazo» deitzen dugu venezuelarrok, nahiz eta inguruko herrixka batean gertatu zen. Garaiko Gobernuak politika neoliberalak ezarri zituen, zerbitzu publikoen salneurriek gorakada izan zuten, ez zen jatekorik, gasolinaren prezioa igo zen... eta herritarrak kalera atera ziren protestan, milaka jaitsi ziren auzoetatik, jende uholdea elkartu zen egoera salatzeko, eta saltokiei eraso zieten, nolabait haiek zirelako Venezuelaren irudi distiratsua. Gobernuak errepresio bortitza erabili zuen herritarren kontra eta hiru mila hildako baino gehiago izan ziren, nahiz eta Gobernuak hirurehun edo laurehun hildako izan zirela onartu. Asko desagerrarazi egin zituzten, hil eta gerora, hilobi erraldoietan ezkutatuz. Basakeria bat izan zen.

Beraz, erran genezake Hugo Chavez presidente kargura heldu aitzinetik egoera lazgarrian murgilduta zegoela Venezuela?

Zalantzarik gabe. Eta badakit ez dela erraza zuen mentalitatearekin ulertzea nolatan babestu zuten militar baten estatu kolpea beren burua iraultzailetzat zutenek eta mugimendu herritarrak oro har. Baina lehenik eta behin ulertu behar da Venezuelako Armada herritik sortua dela, eta herriarentzat. Bestetik, lehen aipatu dudan gertakariak neoliberalismo basatiaren aurkako borroka piztu zuen, klase arteko borroka sendotu egin zen, oroitu behar da Venezuela herrialde aberats gisa hartzen zela, kapitalismoaren ikurra zen, petrolio anitz zuen, baina barnean zailtasun eta pobrezia anitz zeukan, sistemak haustura ukan zuen eta herritar borroka horien erdian, 1992an, Armadatik ateratako Hugo Chavez Friasen irudia agertu zen. Garaian Carlos Andres Perez zen presidente, bigarren agintaldia hasia zuen, eta bera Venezuelako historian izan den buruzagi ilun eta krudelenetakoa izan zela erran behar dut. Accion Democratica bere alderdiaren eskutik, tortura, desagerpenak eta preso politikoak areagotu egin ziren eta haren aurkako estatu-kolpea eman zuen Hugo Chavezek.

Chavez izan zen estatu-kolpe horren arduraduna?

Erran behar da ezkertiarrak eta herritar mugimendua kolpe horren gibelean zela, babesa ematen ziola aldaketa nahi horri, nerauk ere esku hartu nuen eztabaida horretan guztian eta niretzat ere zaila izan zen, pertsona ezkertiar gisa, militar bati babesa ematea, baina ulertu nuen zerbait berria zela, ez zela eskuinaren saiakera bat jabe berri bat ezartzeko, eta esplotazio kapitalista horri amaiera emateko desio garbi bat zuela altxamendu horrek bere baitan. Estatu-kolpeak huts egin zuenean, ordea, Hugo Chavez telebistan agertu zen, erranez bere gain hartzen zuela saiakera horren erantzukizuna, eta herritar xehea ez zegoen ohituta halako erantzun batera, Venezuelan ohituegiak geundelako nehork erantzukizunik ez hartzera. Hor irabazi zuen herritarren begirune eta atxikimendua Chavezek. Ezaguna egin den «Oraingoz ez dugu lortu» erran zuen, eta garbi utzi zuen saiakerak aitzina joko zuela, herritarrari sinesmena piztu zion, eta Venezuelan barrena aritu zen ezker-eskuin, batari eta besteari entzunaz, indarrak biltzen jardun zuen herri mugimenduarekin. Izan zen beste saiakerarik Carlos Andres Perez agintetik kentzeko, baina huts egin zuen horrek ere, azkenik ikasle mugimenduak oldartu ziren, astero mobilizazioak egiten hasi ziren, langileek elkarlanari ekin zioten, ezkertiar guztiak biltzea lortu zen, eta hor agertu zen berriro ere Chavez, 1998an, oraingo honetan gobernu politikoa sortzeko intentzioarekin, hauteskundeak irabazi zituen 1999an eta geroztik hamar urteko aldaketa prozesua martxan da Venezuelan.

Nolako pertsona da Hugo Chavez, Europan anitzek deitzen baitute «diktadore» ?

Terrorismo mediatikoaren eragina da hori. Ulertu behar da gaur egun ere oraindik eskuinak agintzen duela Venezuelako hedabideetan, oposizioak nahi duena egin eta erraten du, eta bitarteko handienak eurek dituzte. Oposizioko pertsonaia batzuek publikoki erran dute presidente hau hil egin behar dela, Chavezi macaco (tximinoa) deitu izan diote eskuineko politikari zenbaitzuek, beraien arrazakeria norainokoa den frogatuz, hor adierazpen askatasunik ez dela erraten dutenek froga handi bat dute aitzinean, Estatu frantses eta espainolean baino adierazpen askatasun handiagoa dago Venezuelan, eta justuki herritar anitz kexu da gure alderdiak hori dena zergatik baimentzen duen galdetuz. 2002an Chavezen aurkako estatu-kolpea izan zenean hedabideek sortutako gezurrak sekulako oihartzuna izan zuen mundu zabalean, gezurretako errealitate bat sortu zuten, eta mundu osoari saldu zioten Chavezek Venezuela utzi eta ihes egin zuela, eta aldi berean beren esku bahiturik zeukaten gure presidente Chavez. Venezuelako eskuinak dioena Ameriketako Estatu Batuetan erraten dute, frantsesek errepikatzen dute, espainolek ere bai, baita Guatemalan edota Salvadorren ere, azken hauteskundeen aitzinean aipatu dute gure presidentearen hautagaia zela FMLNko hautagaia, nolabait haren kontrako kanpaina areagotzeko. Chavez kapitalismoaren etsai nagusia bilakatu da, baina hein berean injustizia pairatzen duten munduko herritar anitzen itxaropen ikurra ere bera da. Hugo Chavez komunikatzaile bikaina da, herriarengan sustraituta dago, bera herria delako. Herriaren eskariak ulertu eta barneratu zituen, ez hori bakarrik, defentsa argia egin eta estatuko politika bilakatu zituen. Erlazio iraunkorra du herriarekin, hitz egiten dio etengabe, igandero telebistan egiten duen «Allo presidente» saioa da horren adierazle. Bera ez da estatista bat, politika ulertezinaren hitzekin mintzo dena, zuzenean mintzo zaio herritar xeheari, xeheki, etengabe saiatzen da gauzak nola diren adierazten, Gobernuak emango dituen urratsak zeintzuk diren eta aitzinera nola aterako dituen esplikatuz. Horrexegatik sinesten du herritarrak berarengan.

Baina boterean betirako gelditu nahi duela erraten da...

Hori gezur handi bat da. Anitz jendek galdetzen digu zergatik nahi dugun Chavez boterean atxiki, badaramatzalako hamar urte, eta nerauk ere eztabaidatu dut hori ezkerreko kide anitzekin, boterean pertsona batek denbora gehiegi ematea ez delako egoki ikusten, erosotasunari men egin eta politika aurrerakoiei bidea ixten zaiela entzun dugu beti. Begira, 49 urtez ukan genuen alternantzia Venezuelan, Copellanoek agintzen zutenean eta gauzak gaizki egiten zituztenean Adecoen eskuetara heltzen zen gobernua, hauek gaizki egindakoan berriz itzultzen zen Copellanoengana. Hori al da alternantzia? Ez! Boterea hartzen zutenen aurpegiak aldatzen ziren, nehoiz ez haien politikak, eta horrek egoera tamalgarri bat bizitzera kondenatzen zuen Venezuela. Guk ez dugu inongo arazorik Chavez Frias jaunaren aurpegia ikusteko, baldin eta herriarekin eta herriarentzat gobernatzen badu. Beti erraten da Chavezek nazionalizatu duela ez dakit zein enpresa, edo berak desjabetu dituela lurjabe handiak, eta hori ez da horrela, nekazari sindikatuek eta langileek berek eskatu diote hala egiteko beren ordezkari nagusiari, Chavezek herriak eskatzen diona egiten du, herriaren besoa baita bera. Eta inoiz edo behin haren aurpegia ikusteaz aspertzen bada herria, herria bera izanen da Chavez dagoen lekutik kenduko duena.

Zer ekarri dio Venezuelari hamar urteko agintaldi horrek?

Agian tonto samarra iduriko du nire erantzunak, baina nagusiki ekarri diona zera da: autoestimua. Duintasuna berreskuratu du Venezuelak, herri gisa. Gaur egun auzoetan ez dute militante iraultzaile edo ezkertiarren laguntzaren beharrik, horiek hitz egin dezakete beren kabuz, defendatu ahal dira, eta beharrezko hobekuntzak eska ditzakete zuzenki. Emaztea aldaketa prozesuaren aktore garrantzitsu bilakatu da, eta ez dakit horren dimentsioa uler dezakezuen, baina guretzat sekulakoa izan da. Eta anitz egin dugu aitzina, baina etengabeko parte-hartze, hausnarketa eta eztabaidekin gehiago aitzinatzeko helburua dugu.

Ezagutzen duzu Euskal Herria eta bertako egoera politikoa?

Gauza bertsuekin amesten dugu, eta lokarri historikoak ere baditugu, espainolen kateetatik askatu gintuen Simon Bolivar euskaldun jatorrikoa zelako. Hiru alditan etorri naiz Euskal Herrira, baina badakit herri bat ezagutzeko, edo ezagutzen dela errateko, hori baino gehiago behar dela. Halere, Askapeneko lagunen bitartez jasotzen dut bertan gertatzen denaren berri, bestela ezinezkoa bailitzateke gertatzen dena jakitea. Irudika ezazu Venezuelako berriak nola jasotzen dituzuen zuek, eta pentsa dezakezue Euskal Herriari buruz hedabideetatik guk jasotzen duguna zer den. Halere, nahiko nuke zuengana elkartasun gehiago heltzea Venezuelatik.