Josu Juaristi
2009ko Maiatzaren 22a
Europar Parlamenturako hauteskunde kanpaina abian da. Hauteskundeotan ere, beste kontu batzuen artean, eskubideak dira jokoan daudenak. Bozkatua izateko eta bozkatzeko eskubidea da, beste behin, gurean bortxatu dena. Euskal Herri osoan, egun batez eta oraingoz behinik behin, guztiok batera eta erakunde bakar baterako bozkatzeko dugun aukera bakarra da. Guztiok batera, baina, ezinbestean, ez zerrenda bakar bati, Europar Parlamenturako hauteskundeetan zirkunskripzioak estatalak baitira. Oraingoz, Euskal Herria ahalmen eta eskubide guztien subjektu ez den bitartean, behintzat, horri ihes egiteko aukera bakarra zerrenda europar baten parte izatea izango litzateke, horrek dituen baldintza, ezaugarri edo oztopo (edota bertute, agian) guztiekin. Eta, oso kontziente izanik, nola ez, subiranotasun propioaren kontuarekin horrek ez duela zerikusirik. Alderdi politiko europar bat osatzeko, honako hauek dira baldintzak edo betebeharrak:
1.- Nortasun juridikoa duen Batasuneko estatu kidean izatea europar alderdi horren egoitza.
2.- Europar diputatuak edo diputatu estatalak edo erregionalak izatea, gutxienez, estatu kide guztien laurdenean (27ko Batasun honetan zazpi estatutan, beraz); edota, bestela, estatuen laurdenean gutxienez azkeneko Europar Parlamenturako hauteskundeetan botoen %3 lortu izana gutxienez.
3.- Europar Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzeko borondatea edo egitasmoa izatea.
4.- Europar Batasunaren printzipioak onartzea (adibidez, giza eskubideak, demokrazia...).
Hauek dira estatu ezberdinetako alderdi politikoek bete beharreko baldintzak europar alderdi politiko bezala onartua izateko (eta, ondorioz, hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, Batasunetik fondoak jasotzeko...).
Baldintza hauek bete ditu, esate baterako, Libertas izeneko alderdiak. Declan Ganley enpresari irlandarrak sortu edo bultzatu du, eta Lisboako Itunaren aurka ari da kanpaina egiten. Horretarako, Europar Batasunetik 200.000 euro jaso ditu, estatu kide guztietan kanpaina egin ahal izateko.
Irakurleak bizpahiru datu eta imajinazio pixka bat beharko lituzke horrelako kandidatura bat osatzeko zeinekin elkartzeko aukera egongo litzatekeen jakiteko: irlandarrak, eskoziarrak, alemaniar batzuk, danimarkarrak...
Oraingoz, dena dela, dokumentazio gisa besterik ez du balio honek. Hasieran esan bezala, hauteskunde hauetan ere bozkatzeko eta bozkatua izan ahal izateko eskubidea ez baitago bermatua.
Zer egin dezake Europar Batasunak horren aurrean? Begi-bistakoa denez, gauza gutxi, baina ez ezin duelako, egitura komunitarioak estatuak babesten dituelako baizik. Betiko kontua, badakizue: «Hori estatuaren barne arazo bat da». Hau izan ohi da erantzuna, edo erreakzioa horrelako zerbait Bruselara ematen denean. Baina, kasu, Batasunak, nahi duenean (estatuen arteko interesen jokoak edo korrelazioak aukera ematen duenean, eta aukera hori borondate bilakatzen denean), «barne arazo» bat europar kontu edo aukera bilaka dezake. Irlandan gertatu zen, Zipren gertatu da...
Bitartean, ordea, Europar Batasunaren kalterako, isiltasuna nagusitzen da, beti bezala, antzeko erabaki bakoitzarekin Batasunaren printzipio edo balore ospetsuak eta oinarrizko eskubideak zapuzten dituztela konturatu gabe. Estatu kide batean eskubideak urratu eta Europar Batasuna isilik gelditzen den bakoitzean (eskubide politikoak izan, edo zibilak edo sozialak) Batasunak bere balioa eta ustezko izaera galtzen ditu. Eta herritarrengandik areago urruntzen da.




