Iņaki Soto
2009ko Maiatzaren 15a
«Erlijioa herriaren opioa da», esan zuen berriro modan jarri den Karl Marxek. Mundua asko aldatu da ordutik hona eta merkatuan substantzia berriak daude. Tartean daude droga sintetikoak, naturalak, ordezkoak, gogorrak, legalak… Futbola da droga berri horietako bat, eta aste honetan adizio honek dituen alde onak eta txarrak frogatu ahal izan ditugu euskal herritarrok.
Baina nire asmoa ez da futbolaz aritzea, ezta erlijio berriei buruz ere. Gurean, era batean edo bestean, nagusi izaten jarraitzen duen erlijioari buruz gogoeta laburra egin nahi dut, katolizismoari buruz. Izan ere, aste honetan amatxi hil zait. Lizarran bi egun eman ditut, Unamunoren eta Stephen Kingen arteko konbinazioa izan daitekeen ipuin amaigabea lehendabiziko pertsonan bizitzen. Denbora eduki dut, nire klanarekin egoteaz gain, aspaldi erlijioari buruz buruan nituen kezkak birpentsatzeko.
Duela urte batzuk, nazionalismoari buruzko kongresu batean berpiztu zitzaidan erlijioarekiko interesa, Estonian; akademiko on gisa, bertan gehienok agnostikoak, laizistak edota ateoak ginen. Gure artean bazen, ordea, bere burua katoliko gisa defendatzen zuen emakume hungariar bat. Akademiko on gisa, gehienak liberalak ziren eta gehienak Erdialdeko Europakoak zirenez, benetan liberalak ziren. Neska horrek, erabat eskubitarra izanik ere, ikuspuntu liberala defendatzen zuen bizitzaren alor guztietan, baita erlijioari dagokionean ere. Ondorioz, katolizismoaren dogma nagusiak metafora gisa ulertu behar direla defendatzen zuen, zientziaren eta gizartearen garapenekin erlijioa bateragarri egiteko bide bakarra horixe dela argudiatuz. Ohiturei dagokionez ere, Elizaren aginduak lausoki hartzen zituela onartzen zuen, birjintasunari, preserbatiboei eta bestelako gaietan Elizaren aginduei kasu handirik egin gabe. Liberalek gogor egin zioten aurre, hori katolizismoa ez baizik eta protestantismoa zela aurpegiratuz. Alegia, katolizismoaren errigorismoa eta bere agenda politikoa albo batera utzita geratzen zena protestantismo pragmatikoa zela aurpegiratzen zioten. Neskak, zuhurra eta burutsua, erlijioak tradizio kultural eta politiko gisa ere ulertu behar direla erantzun zien eta, besteak beste, Hungarian katolizismoa nazionalismoaren ezaugarrietako bat zela defendatu zuen. Aldi berean, komunismoaren huts nabarmenetako bat erlijioa dekretu bidezko axolagabekeriaz tratatzea izan zela esan zuen, Hungariak edo Poloniak argi erakusten baitute aldaketak sakonak eta estrukturalak ez badira ez direla aldaketa.
Urte batzuk beranduago, antzeko esperientzia bat izan nuen Irlandan. Irlandarrek ondo baino hobeto dakite protestantismoa katolizismoa bezain zorrotza izan daitekeela, eta, afalostean, gurekin zegoen katoliko sutsuaren kezka nagusia erlijioa agenda politiko publikotik ateratzeko joera zen. Laizismoak eta liberalismoak erlijioaren eta zehatzago katolizismoaren alderdi politikoa baztertzen zutela salatzen zuen berak, era oso liberalean nolanahi ere.
Hauek dira, besteak beste, gaur egun Eliza katolikoak dituen erronka eta kezkak, bai instituzio gisa eta bai komunitate gisa. Eztabaida, hartara, ez da teologikoa, baizik eta politikoa. Erantzunak, ondorioz, politikoa izan behar du, bere adierarik zabalenean. Alegia, ez da soilik ideologikoa izan behar eta ez da soilik termino moral edo etikoetan eman behar.
Amaitzeko, gazte katoliko haiekin izan nituen eztabaidak nire inguruneko lagun ezkertiar eta ateo jatorrekin izan ditudanak baino interesgarriagoak izan zirela aipatu nahi dut. Dogmatismoa ez baita sinestunen monopolioa eta gure artean opioa ez, baina cracka maite duen asko ikusten dut. Akaso zahartzen ari naiz, baina gure garaian esaten zen bezala, geroz eta argiago dut batzutan batak bestera eramaten duela: gurutzeak “erretzen” hasten zara eta “crack” ideologikoan amaitzen duzu. Ateismoa oso gauza serioa da. Ondorioz, Marx ez ezik Bertrand Russell ere modan jartzea komeniko litzateke.




