Mikel Olasagasti
2009ko Maiatzaren 15a
«Bataila bat irabazi badute ere, guda ez da inondik inora amaitu, ez alde batekoentzat ez bestekoentzat?» Esaldi hori irakurtzeko aukera izan dut Frantziako prentsan. Sarea eta teknologia munduan gerrillariz jantzita ibili behar dugula dirudi, askotan konturatzen ez bagara ere frente sorta ederra dugulako borrokarako, gurean, Suedian, Frantzian, Espainian, Europan, eta gure askatasuna eta sosak alferrik gastatzeko ideia duen edozein gobernu edo legeren aurrean.
Azkeneko artikuluan HADOPI legea atzera bota zela nioen, baina berriz bozkatuzko zutela ere bai, eta oraingoan bai, oraingoan atera dute aurrera. Emaitza 296 - 233, aurrekorekin (16 - 21) batere antzik ez duena. Lobbyek bere lana bete eta herritarren nahiak entzun gabe legea aurrera atera du legebiltzarrak. Senatuak atzera botako ez balu eta auzitegiek ezer arrarorik ikusten ez badute, besteak beste sarera sarbide unibertsala eta komunikazioen pribatutasuna arriskuan jarriko dira.
Hala ere eta sarreran aipatu bezala, ez da Frantzia honelako arazoak dituen herrialde bakarra. Suedian The Pirate Bay atariaren administrariek beraien aurkako lehen epaiketa galdu zutela ere jakin genuen orain aste batzuk. Hauek betiko umore freskoz DDoS motako eraso xelebre bat prestatu dute beraien guda eremuan. Denuntzia ezarri zien abokatu taldeari 30 milioi suediar koro ordaindu behar dizkiete epaiketaren kostea dela eta, ia 3 milioi euro. Ordainketa egiteko sareko erabiltzaileoi ordainketa txikiak egitea eskatu digute, 10 xentimo euro ingurukoak (1 SEK). Lehen 1.000 transferentziak abokatuei doan irteten omen zaizkie, hurrengoak ez, 20 xentimo ordaindu beharko dituzte bakoitzagatik. Dirua irabazi ahal izateko gehiago gastatu beharko dute eta lortuko balitz abokatu talde horrek ez lituzke sekula ikusiko 30 milioi horiek. Originala, ezta?
Espainiatik gauza onak gutxitan etortzen zaizkigunez, estatistika betetzen jarraitzeko bi frente berri ireki dituzte. Alde batetik, estatuaren telebista kate publikoek bizirauteko iragarki beharrik izan ez dezaten (ohiko zergez gain, noski), besteak beste telebista kate pribatuei publizitate sarreren %3 kenduko diete eta telekomunikazio enpresei, hau da, sarera sarbidea ematen diguten enpresa horiei, irabazien %0,9 eskatuko diete. Pentsatzen jarrita, honek bi aukera irekitzen ditu: telekomunikazio enpresek gutxiago irabaziko dute edo erabiltzaileak gehiago ordaindu beharko du. Argi dago gertatzeko aukera gehien dituen aukera zein den.
Baina hau gutxi ez balitz, Jose Luis Rodriguez Zapatero jaunak 5. mailan dauden ikasle gazteei ordenagailu eramangarri bana "oparituko" omen die. Herodes aspaldi hil zela kontutan izanda, ume mordo bat direla esango nuke eta zenbait kalkuluren arabera 420.000 eramangarri inguru izango lirateke. Demagun sistema eragile lizentzia bakoitzak 60 euro inguru eta ofimatika lizentziak 50 balio dituela (prezio murriztuak, noski), har dezagun kalkulagailua eta desespera gaitezen. Ziur langabezian dauden milaka horiei izugarrizko ilusioa egingo diela diru publikoa nola xahutzen den ikusteak. Hala ere, bada ohartarazi duenik makina hauek Windows zein sistema eragile libre bat izateko aukera izango dutela eta erabiltzaileak ordenagailua abiaraztean aukeratuko lukeela zein nahi/behar duen. Kontua da aukera soil hori edukitzeko lehenago lizentziak ordaindu behar direla; beraz, "irabazi" gutxi daukagu alde horretatik.
Eta hau guztia aste honetako lehen egunetan gertatu diren batzuen adibidea besterik ez da. Sarea azkar mugitzen da eta frente berriak ditugu egunero. Gurean, gobernu aldaketak zer ekarriko duen ez dakigun honetan, espero dezagun aurreko adibideetatik desmarkatzen jakingo dutela; hori bai, kanpainan gezur mordoa bota ostean, zer espero dezakegu?




