Oso bokazio gutxi daude Iñaki Sagarzazurena bezalakoak. Sentibera, bakartia eta barnekoia zen umetan. Margolaria, poeta izan zitekeen. Baina oso umetatik hasi zen ilearekin jolasean, arto-bizarrarekin txintxostak egiten, andareak orrazten. Jaio al daiteke bokazio bat inguruaren eraginik gabe? Sagarzazuri entzunda, baietz dirudi.
Joxean Agirre
2009ko Maiatzaren 15a
Baserriko bakardadean, zazpi-zortzi urteko mutikoa zela, jaio zen bere bokazioa. Iñaki Sagarzazuk kontatzen dituen haurtzaroko oroitzapenak aho zabalik entzuteko modukoak dira. «Lau mutil eta neska bat ginen etxean eta ni nintzen zaharrena. Txiki-txikitandik lasaitu nau ilea ukitzeak, bai nirea bai besteena. Beste batzuek atzazalak jaten dituzte urduri daudenean. Nik neure ilearekin edo beste batenarekin korapiloak egiten nituen. Ileak energia transmititzen du. Zerbaitengandik amarekin edo beste norbaitekin haserretzen nintzenean, artasorora joan eta arto-bizarrekin txintxostak egiten aritzen nintzen», hasi zen kontatzen.
Iñaki Sagarzazuren haurtzarotik nabarmendu beharreko beste irudi bat ere bada. «Opari bat nahi nuenean, andareak eskatzen nituen nik. Andare horiei burua kendu, ohol batean zuloak egin eta han sartzen nituen. Eskolara joan aurretik erruloak jartzen nizkien. Hari txirrikak erabiltzen nituen horretarako eta etxera itzultzeko irrikatan egoten nintzen, erruloak kendu eta ea zer forma hartzen zuten ikusteko. Plastikozko ileak ziren. Oso zaila zen ezer txukunik lortzea, baina hunkitu egiten nintzen hala ere», jarraitu zuen.
Nolanahi ere, oso zaila da ulertzen baserrian jaio eta bizi zen mutikoari nondik etorri zitzaion ilearekin lan egiteko grina. Ea amak ile bereziki landua erabiltzen al zuen galdetu genion. «Ile oso luzea zuen eta motots batean bildurik eramaten zuen. Baina ez zen ile-apaindegira inoiz joaten. Horregatik da arraroa nire zaletasun hori. Nik ez nuen inoiz ile-apaindegi bat ikusi, ezta argazkietan ere», erantzun zuen.
Baserrian
Iñaki Sagarzazuren jaiotetxea Garaikoetxea baserria da. Jaizkibelgo maldan dago, Guadalupe eta Faroaren artean. Rosa Garcia-Orellan antropologoak iaz kaleratu zuen «Encuentros creativos» liburuan bere txikitako oroitzapen sorta bat biltzen du eta gordelekuetan ezkutatzeko sentitzen zuen premiaz mintzo da. Txoriak sarearekin ehizatzeko zuten lekuan gordetzen zen amarekin haserretzen zenean. Erramu arbolen artean, baserriko ganbaran ezkutatuta, geldi-geldi egoten zen. «Errealitateari ihes egiteko modu bat zen», esaten du orain. Auzoan ez zuen apenas lagunik, ez zegoen bere adineko mutikorik. Ondoko baserriko bi neska zituen hurbilenak eta haiei ilea orrazten ematen zituen orduak.
Eskalez jantzita
Ilearekin lan egiteko grinarekin batean, mozorrotzeko gogoa zuen Iñaki Sagarzazu mutikoak. «Mozorroa irudi aldaketaren alderdi baten moduan ikusten nuela uste dut. Nik ez dakit zergatik den horrela, baina nire lanbidearekin oso lotuta dagoen gauza bat dela uste dut. Jolas egiteko modu bat ere bazen niretzat. Tarteka eskalez janzten nintzen. Gogoratzen naiz goiz batean gabardina zahar bat jantzi, trapuzko eskularru batzuk ipini, amaren edo aitaren abarka batzuk, lurrarekin aurpegia pixka bat zikindu eta baserriz baserri atera nintzela eskean. Hankak arrastaka nituela iristen nintzen baserrietara eta zakurrak zaunkaka nituela eskatzen nuen dirua. Atearen goiko aldea ireki eta pezetaren bat botatzen zidaten harrika. Hura hartu eta alde egiten nuen. Baina zerbait arraroa zegoela sumatu nuen eta beldurtu egin nintzen. Artean guardia zibilak errondak egiten ibiltzen ziren baserriz baserri eta beharbada norbaitek deitu egingo zuela sartu zitzaidan buruan. Izutu eta etxera itzuli nintzen. Dena den, mozorrotzea orain ere gustatzen zait, inauterietan batez ere, sarri joaten naiz hara edo hona», kontatu zuen.
Iñaki Sagarzazuk oso garbi izan zuen txikitandik emakumeen ile-apaintzailea izan nahi zuela. «Gizonezkoen barberiak ezagutzen nituen herrian eta banekien hor ez nuela zereginik. Niri aitak moztu ohi zidan ilea gehienetan, garai hartan erabiltzen zen ilea mozteko makina batekin; hala ere, barberiara joaten nintzenean ere antzekoa izaten zen. Gogoratzen naiz behin Los Diablos taldeko kantariaren ile mozketa egin nahi nuela. Argazki eta guzti joan nintzaion. Azalpen guztiak entzun zizkidan, nik esandakoa egingo zuela esan zidan, baina mundu guztiari bezala moztu zidan ilea eta atera nintzenean negar egin nuen», gogoratu zuen.
Hamalau urterekin hasi zen Iñaki Sagarzazu Irungo Manolo y Esther ile-apaindegian. «Maila handiko ile-apaindegia zen. Gipuzkoan aspaldidanik egon da maila handia, Frantziako eraginagatik seguru asko. Alde horretatik zorte handia izan nuen. Oso gaztea nintzela eraman ninduten Parisera desfile handiak ikustera. Alexanderren desfile batekin erabat txundituta geratu nintzen eta ohartu nintzen hura zela nik betidanik amesten nuen lana», esan zuen.
Manolo y Esther ile-apaindegian sartzeko, ordea, erraztasun gutxi izan zuen Iñakik. Amarekin eta maisuarekin joan ziren. Maisuak hitz egin omen zuen. «Eskertuko genizuke mutiko honi ile-apaintzaile izateko asmoa burutik kenduko bazenio», esan omen zion Manolori eta hau harriturik geratu omen zen, mutikoarekiko interesa piztu omen zitzaion. «Eskolan nenbilela ile-apaintzailea izango nintzela esaten nuen. Ez zegoen batere ondo ikusia, ez lagunen artean, ezta eskolan ere, baina ni oso ausarta izan naiz horretan. Etxean amak beti egin du nire alde. `Izan behar baduzu, ona izan zaitez, bestela barre egingo dizute', esan ohi zidan. Aitak arrantzan lan egiten zuen eta nahigo zuen berarekin ontzira laguntzera eramatea, baina ez zuen kontrakorik esan. Bere isiltasunak ere asko lagundu zidan», jarraitu zion Iñakik aspaldiko oroitzapenen hariari.
Hamazazpi urterekin Parisera joan zen lehen aldiz, Mentxu Galekin pintura ikasten hasi zen eta ingelesaren oinarriak ikasi zituen irakasle batekin. Parisen Alexandren desfile batekin txunditurik zegoela, pentsatu zuen Iñaki Sagarzazuk bide onetik zihoala. «Nituen zalantza guztiak ezabatu zizkidan eta lehendik erabakita banuen ere, betiko nire lanbidea hori zela erabaki nuen», esan zuen.
Pintura Mentxu Gal handiarekin ikasi zuen. «Mentxu Gal emakume bohemioa da niretzat. Egun batean mendira eraman ninduen eta patata tortilla bat jan genuen elkarrekin, izadiari buruz hizketan ari ginen artean. Adiskideek adarra jotzen zidaten. Emakume horrek niregandik zerbait nahi zuela aurpegiratzen zidaten, baina ez da egia. Ile-apaindegitik ezagutzen nuen eta nik ilea apaintzen nion bitartean pinturari buruz hitz egiten zidan, koloreei buruz, bolumenei buruz... Nik ezagutzen nuen eremua zen hura. Pintura zertxobait lantzeak asko lagundu dit nire lanean», jarraitu zuen.
70eko hamarkadan prestatu omen zen estilismoaren arloan 80koan eman zen eztanda. «1981an aurkeztu nintzen nire lehen lehiaketara. Dama de Madrid zuen izena. Gaztetan zure gaitasuna norbaitekin neurtzeko premia sentitzen duzu eta lehiaketa horretan hirugarren geratu nintzen. Artean oso gaztea nintzen. Esterrekin joan nintzen; nire lanak bukatu eta etxera itzuli nintzen, ez bainuen inolako saririk espero. Bernard izeneko ile-apaintzaile famatu bat bazen Donostian. Hark saria jaso eta ekarri egin zidan. Lehiaketako lehen hiruak taldeka jokatzen zen Europako txapelketara joan ginen. Parisko antzoki batean ikuskizun kutre samar bat eman genuen, mantilarekin jantzitako modelo eta Julio Iglesiasen musika eta guzti. Euskal Herrian beste giro bat zegoen eta izututa atera nintzen handik. Ideietan askoz ere aurreratuagoak ginen gu», jarraitu zuen kontatzen. Beste hainbat sari ere badira Iñaki Sagarzazuren ibilbidean, baina handiena Mexikon eskuratu zuen lehen sari bat izan zen. Hondarribiko udaletxean egin zioten harrera ofiziala eta ama zuen aretoaren erdian zain. Copa Revlon sariketako Fantasia arloko sariarekin zetorren Iñaki.
Bakoitzaren izaera
Ile-apaintzaileak psikologoa ere izan behar du. «Lotsatiek normalean beren burua ezkutatu nahi izaten dute eta lagundu egin behar zaie beren edertasuna agertzen». Orrazkerak izaera agertu edo estaltzen duen galdetu genion. «Ez dut uste inoiz ere izaera estali behar duenik. Batzuk diskrezioz eta dotoreziaz agertarazi behar dituzu eta besteak ausardiarekin eta fantasiarekin. Bakoitzaren izaera hartu behar da kontuan», esan zuen.
Indarrean dauden joerak zeintzuk diren ere galdetu genion azkenik. «Ni urtero mugitzen naiz batera eta bestera joera berriak ezagutzeko, baina hau ez da denda handi bat, bezero bakoitzari berea eman behar diogu. Gainera, ile-apaintzaile handi bakoitzak bere estiloa du», esan zuen.
Londres da gehien bisitatzen duen hiriburua eta han ikasitakoak erakusten ditu Estatu espainiarrean barrena ikastaroak ematen. New Yorkek ez du interesik. Parisek jarraitzen du nor izaten galako orrazkeretan eta Tokio omen da oso interesgarria. «Datorren astean goaz emaztea eta biok Salamancara joera berriak aurkeztera. Aurten? 40eko hamarkadako glamourra ikusten da berriro. Janzkerak ere joera horixe du. Eskuz egindako ondulatuak dira, oso suabeak. Gizonei beren musika gustukoenaz galdetzen diegu askotan. New mod joera modan dago; 60ko hamarkadako Londresen pijoak ziren modak, Vespan ibiltzen ziren gorbata eta guzti. Eta bazeuden baita rockersak ere. Lehenekin bat egiten dutenak kopeta-ile luzeak eramaten dituzte eta besteek jada ez dituzte gandorrak erdian eramaten, new camp estiloan baizik; gandor txikiak eta alboratuak», esan zuen.
Ez mod ez rockers ez garenoi ea zer gomendatzen digun galdetu eta errukia ondo disimulatu zuen. «Ondo zaudete, izatekotan ere glamour ukitu batzuk behar dituzue», esan zuen. Emakumeetan? «Bob ingelesaren joerak itzuli dira berriro: kopeta-ile asimetrikoak. Iaz luzeak eramaten ziren baina...». Luze jarraitu zuen hizketan ilearen mozketaz, koloreez, ilea lisatzeko japoniarrek asmatu duten metodoaz... Ez da isiltzen. Gaztetan bere lehen soldatarekin zaldi bat erosi eta ilea dindatu zion. Hogeita bi urte bakarrik zituen.




