TEKNOLOGIA -

Olatz Irazustabarrena eta Ibon Azpilikueta Alegiako bi gazte dira, bat fisioterapeuta eta bertzea irakaslea. Neskaren familiaren baserria, Gotzene, berezia da hainbat arrazoirengatik eta bertako bizimodua denbora gutxirako izanen dela badakitenez, jakintza bildu eta ezagutarazi nahi dute blog baten bidez, ohitura zaharrak eta teknologia berriak lotuta.

Maider Iantzi

2009ko Maiatzaren 15a

Olatz Irazustabarrenaren osaba baserritarra da, esne behiak dauzka eta hortik bizi da. Berarekin batera, jende dezentek egiten du lan; adibidez, Olatzen ama baratzeaz arduratzen da. Baserri tradizionala da Gotzene, betidanik ikasi duten bezala egiten dituzte gauzak eta daukaten teknologia gutxienekoa da, traktore bat eta gutxi gehiago. Alegia aldean blog mugimendu handi samarra dago eta gune bat ere badute lanak erakusteko, Txintxarrisfera. Bertan, denetariko blogak bisita daitezke: bertso eskolarena, abesbatzarena, eskolarena, partikularrak ere bai... Bada atal bat TxintxarriMedia izena duena eta bideoak eta argazkiak biltzen dituena.

Blog mugimendu horretan baserriei buruzko lantxo bat egitea polita izan zitekeela pentsatu zuten Olatz Irazustabarrenak eta Ibon Azpilikuetak, 28 eta 30 urteko alegiarrek. Kalekumeak dira eta bizitza hori erakutsi nahi zuten. Gainera, herrian ez dago Gotzenea bezalako baserririk, esne behiak badira Orendainen-eta, baina granja moduan lan egiten dute. Gotzenen dozena bat behi dituzte eta horien inguruan egiten den lan guztia ez da bertze inon egiten herrian. Gotzenetik blogean bertako kontuak kontatzen dituzte. Astean post bat idazten saiatzen dira, baina lanaren arabera egiten dute, garaian garaikoaren berri ematen dute; adibidez, patata bildu zutenean horri buruzko testua idatzi zuten. Baserrian dauden sendabelarren argazkiak ere lortu dituzte eta bakoitzak zertarako balio duen azaldu dute.

Aipatu bezala, dozena bat behi dituzte ukuiluan. Idiskoa jaiotzen bada, saldu egiten dute edo bertzela hazi eta haragitarako erabili. Txekor emea baldin bada eta ona baldin bada, gorde egiten dute kanpoan dagoen ukuilu batean umea izateko adinera arte, hazia jarri eta bertako behia izateko.

Oiloak eta oilaskoak dituzte, untxiak, baita faisai piloa, usoak eta usapalak ere, lehengusu baten zaletasuna delako. Behorrek, ardiek eta ahuntzek garbi mantentzen dituzte zelaiak eta arkumeak etxean jaten dituzte. Azkenik, txakurrak eta katuak dituzte. Txakurra garrantzitsua da baserrietan, kanpokoren bat etortzen bada eroen moduan jartzen da, txirrina bezala da, norbait etorri den abisatzen du. Beharrezko ikusten dute jendeak pixka bat errespetatzeko, bertzela batzuk etorri eta agian barreneraino sartzen dira.

Baratzea handia da eta denetarik daukate landatuta, porruak, zerbak, lekak, letxugak, azenarioak, tomateak, patatak... Etxerako dituzte barazki guztiak, baina soberan baldin badituzte eta Alegiako dendaren batek eskatzen badizkie, saldu egiten dituzte. Gainerakoan, autokontsumorako da baratzeko uzta guztia. Esnea, aldiz, Kaikuri saltzen diote, Euskal Herriko bertze baserritar anitzek bezala. Bi egunetik behin etortzen zaie esne biltzailea.

Behiekin osaba eta haren anaia bat aritzen dira lanean; baratzean Olatzen ama eta izeba bat. Gazteek ahal duten heinean laguntzen diete. Ekaina bukaeran ahalik eta jenderik gehien joaten da belarra egitera, traktoreak ez duelako lan guztia egiten. Nahiko leku aldapatsuak dira eta eskuz egin behar da dena, moztu, erratzarekin bildu, buelta eman...

160 urteko baserria

Orain dela 160 urte, Renfeko trena egiteko, lehengo baserria bota eta berria eraiki zuten beheraxeago. Jendearentzat ezaguna da garai edo horreo bat daukalako. Ez da hemengo arkitektura ohikoa. Kontua da trenbidea egin zutenak-eta galiziarrak zirela. Borda beharrean aletegi bat egin zuten, zutabe batzuen gainean, airean bezala dagoen eraikin bat. Hor gordetzen dituzte patata, artoa eta babarrunak, hezetasunik gabe. N-1 errepidetik ederki ikusten da garai hori.

Lehenbizi trena egin zuten; gero errepide txikia bide partikular bezala utzi zuten bertze bide bat egiteko; eta hurrena autobidea edo N-1 berria eraiki zuten. Ibaia mugitu zuten eta ondoko baratzea txikitu egin zuten. Beraz, baserria uharte batean bezala dago, errepideek eta ibaiak inguratuta.

Gazteak jakitun dira Gotzeneko bizimodua denbora gutxirako izango dela, gurasoen belaunaldia desagertzean ez dute erritmo horretan jarraituko, beren lana daukate baserritik kanpo eta ezin dute. Urte gutxitako etorkizuna dauka, beraz, oraingo bizimoduak eta argazkiak ateratzen ibiltzen dira gordetzeko eta ikasteko, bilduma lana egiten ari dira.

Bertzalde, baserriko ohiturak, bizipenak, lanak, altxor hori guztia ezagutarazi nahi dute, jendeak ez baitu horren berririk. «Kanpora oporretara joaten garenean begira egoten gara nola lan egiten duten, hemen, ordea, San Tomas eta San Isidro egunetan gogoratzen gara. Eta nik uste dut lehen sektorea garrantzitsua dela eta une honetan kontua nahiko gaizki dagoela baserritarrentzat. Behintzat, hori ezagutarazteko egin dugu bloga», nabarmendu du Irazustabarrenak.

«Txintxarrisfera sortu zuenak herri mailan kultur taldeak-eta mugitu zituen, eta hortik aurrera gure ideia izan zen baserriko kontuak pixka bat kontatzea», erantsi du Azpilikuetak. Egunen batean inprimatu eta ongi gordetzeko asmoa dute.

Interneten baserrien inguruko blogen bat topatu dute, baina denak hilda, post bat edo birekin alde batera utzita. Eta blogek konpromisoa eskatzen dute, jarraipen bat ematea, maiz samar idaztea. Gotzenetik guneak harrera ona izan du, Txintxarrisfera barruan bertze blogen bat dutenek erantzuten diete eta noizbehinka ezagunen batek ere bai. Ezezagunen erantzunik ez dute oraindik jaso. Egunean hamar bat sarrera izaten dituzte, baina izan dira egunak 60 baino gehiago ere izan dituztenak. Hemendik ibilbide luze eta oparoa izan dezatela opa diegu!