Maiatzaren 4an estreinatu zuen Mintzolako zuzendariaren bulegoa. Diseinu berriko bulegoaren balkoitik Villabonako eliza zaharra ikusten da aurrez aurre. Begirada bikoitz horrek definitzen du Mintzola ere, iragana ikertu bai, baina gaurko gizarteak ahozkotasunaren esparruan dituen premiei erantzuteko jaio baita.
Joxean Agirre
2009ko Maiatzaren 15a
Aitaren etxean, Errezilen, aurkitu ditu sustraiak, lagunak eta bere izaerari osatzeko falta zitzaion zatia. Baina Donostiako Parte Zaharrean jaio zen eta egin zituen ikasketak. Hiriburuko portua eta Kontxako hondartza utzita, zergatik joan zen Errezilera? Hor dago berriki Mintzolako zuzendari izendatu duten emakume hau ulertzeko giltzarria. Euskararekiko atxikimenduak baduela zerikusirik ematen du berarekin ordubete hitz egin ondoren.
Donostiarra zara.
Donostiako Parte Zaharrean jaio nintzen. Barandiaran lizeoan egin nuen batxilergoa eta Deustuko Unibertsitatean (EUTG) Euskal Filologiako lehen urteak; Gasteizen bukatu nuen lizentziatura. Baina txikitandik izan dut lotura estua Errezilekin, oporrak aitaren etxean, Zabale baserrian, pasatzen baikenituen. Orain han bizi naiz. Udan joaten ginen, baina udan bakarrik ez, baita asteburuetan ere amona bisitatzera. Lagunak ere beti izan ditut Errezilen. Gasteizen lizentziatura lortu ondoren bertan bizitzea erabaki nuen orain sei urte. Kultur talde bat sortu genuen herrian, etxez etxe banatzen den «Zokomian» izeneko hilabetekaria ateratzen dugu eta kultur ekitaldiak antolatzen ditugu.
Imanol Lazkanok esaten du Errezil ahozko hizkuntzaren gordailu edo erreserba natural bat dela. Horrenbesterako al da?
Ez da bakarra Imanol Lazkano. Atxukarrok ere idatzi zuen antzeko zerbait. Jendearen ateraldiak bildu zituen liburu batean eta agertzen diren errezildarren kopurua handia da. Oro har, badago Errezili buruzko antzeko iritzi bat. Hizkerarako baino gehiago, erantzuteko gaitasuna dute. Ahozko tradizioa oso bizirik duen herria dela uste dut. Hitz egiteko artea lantzen zuten lehen eta gaur egun ere lantzen dutela esango nuke.
Ikasketak Gasteizen bukatu zenituela esan duzu.
Donostiako Deustuko Unibertsitatean hasi nituen Euskal Filologiako ikasketak eta Gasteizko EHUn bukatu nituen. Baina ikasketak egiten nituen bitartean irakasle izan nintzen AEKn, bai Donostian eta bai Gasteizen. Irakasle izan naiz, baina erakutsi adina ikasten duzu lan horietan. Txikitandik izan dut argi hizkuntzaren inguruan lan egingo nuela eta AEKn hasi nintzelarik, hura ez zela lana iruditzen zitzaidan, bizitzeko esperientzia atsegin bat gehiago bezala ikusten nuen.
Noiz erabaki zenuen hizkuntzaren inguruan lan egingo zenuela?
Txikitandik izan dut oso garbi hori. Beste ikasgaietan ere oso ondo ibili izan naiz, baina euskara eta euskal literatura gustatu izan zaizkit gehien. Irakasleak saiatu ziren zientzietatik joan nendin, baina nik oso argi izan ditut ideiak. Beti izan dut lotura estua hizkuntzarekin eta baita euskara mintzatuarekin ere, Errezilgoarekin bereziki. Ez naiz inoiz saiatu Errezilgo euskara imitatzen. Gehiago gozatzen dut haiei entzuten. Nire inguruan gehienak zalantzaz beterik ikusten nituen ikasketak aukeratzeko orduan, baina nik ez dut inoiz zalantzarik izan, nahiz bide honek ez duela irtenbiderik errepikatzen zidaten.
Lizentziatura Gasteizen bukatu eta tesiari ekin zenion.
Filologia ikasketak bukatzen ari nintzela argialdi bat izan nuen eta ahozkotasunaren arloan sartzea erabaki nuen. Filologiako ikasturteetan idatzizko tradizioari lotutako ikasketak egin genituen batik bat. Lehengo eta oraingo testu idatzien inguruan ibili ginen, baina ahozko testuekin lan egiteko grina piztu zitzaidan. Norabide hori buruan oso argi nuela hasi nintzen doktoregoko ikasketak egiten eta horretan jarraitzen dut.
Zer gorde da, zer dago ikertzeko iraganetik ahozko hizkuntzari dagokionean?
Ahalegin bat egin da ikus-entzunezkoen bidez gauzak jasotzeko. Badihardugu elkarteak bultzatuta, Ahotsa.com webgunean egin da elkarrizketa bilketa bat, esate baterako. Koldo Zuazo ere tartean dabil. Irakasle izan nuen eta euskalkien arloan oso lan interesgarriak egiten ari da. Bertsolaritzaren generoan egin da, noski, lanik gehien eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan dagoen altxorra izugarria da. Baina beste generoetan apenas gauza handirik egin den. Horretarako sortu da Mintzola, hain zuzen, iragana aztertzeko eta etorkizunera begira gizarteak dituen premiei erantzuteko.
Zein dira unibertsitatean ahozkotasunari buruzko ikuspegi nagusiak?
Batzuk euskalkien ikuspegitik ari dira lanean, beste batzuk ikuspegi sozio-linguistikotik edo literaturaren ikuspegitik ari dira ikerketak bideratzen. Nirea ikuspegi sozio-diskurtsiboa da. Itziar Idiazabal da nire tesi zuzendaria eta Luis Mari Larringan da laguntzen ari zaidana.
Ba al du zureak zerikusirik Joxerra Gartziaren tesiarekin?
Zeharkako lotura bat badu, baina ez lotura osorik. Berak bertsolaritzaren baliabide poetiko-erretorikoak aztertu zituen. Eta geroztik erretorikarekin dabil. Ni helduek eta gazteek eztabaidan erabiltzen dituzten baliabideak, arrazoitzeko modua, elkarri txanda emateko erak... aztertzen ari naiz. Irratiko eta telebistako eztabaidak erabili ditut. Jardun horretan, elkar-ekintza horretan zer gertatzen den aztertzen ari naiz. Zer helbururekin? Didaktikarako balio dezake azterketak, eztabaidak nola egin ikasteko alegia.
Helduetatik gazteetara baliabide horiek urritu egin al dira?
Ondorioak orokortzea arriskugarria iruditzen zait. Oso baliabide ezberdinak erabiltzen ditu Errezilgo gazte batek eta erdalguneko batek. Hizkuntzaren osasunaren araberakoak dira baliabideak. Gero eta gehiago komunikatzen gara Internetez edo telefonoz. Telebistak ere ez digu mesederik egiten, jendearen arteko komunikazioa galarazten du. Nik, esate baterako, ez dut telebistarik jarri etxean. Nik aurreratu dezakedan ondorio seguru bakarra hau da: zenbat eta egoera ezberdinagoetan ahozko baliabideak erabili, orduan eta trebetasun gehiago izango dugu genero ezberdinetan aritzeko. Zenbat eta jende gehiagorekin hitz egin, orduan eta trebetasun gehiago izango dugu egoera ezberdinetan komunikatzeko, lagunartean nahiz egoera formaletan aritzeko eta nahi ditugun helburuak lortzeko. Unibertsitateak lantzen ez duen arloa da hau eta eskolak ere ez du apenas erakusten jendaurrean nola hitz egin.
Zein izan dira oraindainoko zure lanbideak? Non ibili izan zara lanean?
Tesiarekin ari nintzenean etorri nintzen Errezilera bizitzera eta Azpeitiko Euskara Patronatuan hasi nintzen euskarazko klaseak ematen lehenik eta Euskara Biziberritzeko Planaren barruan udaleko langileak trebatzen gero. Bien bitartean, Euskararen Transmisioa izeneko graduondokoa egin nuen UHEZIn eta bukatzean Kultura Transmisioari buruzko graduondokoa zuzentzea eskaini zidaten. Graduondo bereziak dira Eskoriatzakoak, kultura transmisioan lanean ari den jendea, administrazioko teknikariak, irakasleak, Bertsozale Elkarteko kideak ziren asko.
Zer arlo bereizten dituzue ahozko hizkuntzaren esparruan?
Ahozkoa generotan banatzen dugu. Bertsolaritza da genero bat, ipuin kontaketa, jendaurreko azalpenak, jendaurreko albisteak, elkarrizketa eta kantagintza izan litezke besteak. Denak ahozkoak dira, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Euskararen Jabekuntza eta Erabilera izeneko talde bat dugu Gasteizen, Itziar Oiartzabalek, nire tesi zuzendariak, zuzentzen duena. Ines Gartzia, Leire Diaz de Guereño eta beste hainbat kide ditut lankide.
Mintzolako zuzendari izendatu zaituzte. Nola definituko zenuke erakunde berria?
Euskararen ahozkotasunaren ikertegia izan nahi du Mintzolak: euskararen ahozko tradizioa aztertu nahi dugu eta aldi berean ahozkotasunaren arloan gizarteak gaur dituen premiei erantzun nahi diegu. Bi arlo horietan euskal gizarteari ekarpenak egitea da gure helburua.
Bertsolaritzaren generoak bidea aurreratuta daukala esan daiteke. Xenpelar Dokumentazio Zentroa, esaterako, eredugarria izango da Mintzolarentzat.
Bertsozale Elkarteak egin duen lana eredugarria da beste generoetan lan egiteko eta ekarpen garrantzitsuak egin dizkio euskal gizarteari komunikazioa ulertzeko moduari dagokionez, esate baterako. Mintzolak badu dagoeneko oinarri bat, beste generoetan ere ibilbide hori burutu ahal izateko.
Mintzola ikertegia bada, unibertsitatearekin elkarlanean egingo al ditu ikerketak edo bere baliabideak izango ditu?
Oraindik goizegi da gauza horiei erantzuteko, baina gure helburua ikertzaile sare bat sortzea da unibertsitatean ari direnak eta hemen bertan egon daitezkeenak koordinatzeko. Ezagutza eraikitzen ari diren ikerlariak koordinatu behar ditu, baina baita ezagutza aplikatzen ari direnak ere. Hasteko, ahozkotasunaren inguruan dagoenaren mapa bat osatu behar dugu egiten denaren berri zehatzagoa izateko. Gure lana, azken batean, eragitea ere izango da, su-piztaileak izatea.
Xenpelar Dokumentazio Zentroaren azpiegitura erabiliko al du Mintzolak ahozkotasunaren beste generoen tradizioa aztertu, gorde eta gizartearen esku jartzeko?
Xenpelar gaur egun bertsolaritzaren dokumentazio zentroa da, baina plaza hori zabaldu eta beste generoei leku egitea da asmoa. Eta bidenabar gizartearentzat eskuragai jartzea eta ikerketa leku bihurtzea.
Mintzola fundazio batek darama. Zein dira patronoak?
Villabonako Udalarekin batean Gipuzkoako Foru Aldundia, Bertsozale Elkartea, Kutxa eta EHU daude bertan. Euskal Herriko unibertsitate guztiekin harremanetan jartzeko asmoa dugu.
Goiz aldera inoiz esnatuko zinen egunotan. Nolakoa irudikatu duzu biharko Mintzola?
Nik neuk ere oraindik proiektua ondo barneratu gabe daukat. Bi aste bakarrik daramatzat lanean. Joxerra Gartziak egin zuen proiektuaren zirriborroa eta harekin partekatu behar dut lehenik nik ulertu dudana eta sentitu dudana.
Ezagutzen al duzu ahozkotasunaren inguruan lan egiten duen zentrorik?
Ikerketak ezagutzen ditut, baina ez zentrorik. Joxerra Gartziak aipatzen du AEBetan, Missourin, badela Oral Tradition izeneko erakunde bat, izen bereko aldizkari digital bat ere argitaratzen duena. John Foley ikerlariak darama erakundea. Nik neuk Suitzako ikerlari zenbait ezagutzen ditut. Jean Paul Broncartek, esaterako, lan asko egin du genero tradizionalak arakatu eta gaurko gizartearen premiak aztertzen. Nire tesian bere urrats batzuk jarraitzen ari naiz. Ikuspegi sozio-diskurtsibotik oso lan interesgarriak ari dira egiten. Ahozkoa nola irakatsi behar den ikusteko balio digu haien esperientziak.
Egiguzu bukatzeko baserriaren goresmen bat. Zergatik zaude Errezilen?
Leku bat aurkitu dut aitaren baserrian, iragan bat ere bai, arbasoek hitz egiten didate, aberastasun bat ere aurkitu dut, balore batzuk mantentzen direla ikusten dut, adin ezberdineko jendearekin egoteko aukera ematen dit, izadiari lotuta bizitzeko bidea ere badut, isiltasunaz gozatzeko eta beste modu batean bizitzeko aukera. Gipuzkoako bi leku ederrenetan bizitzea egokitu zaidala esan dezaket, Donostiako Parte Zaharrean lehenik eta orain Errezilen.




