-

Egoitz Lasa

2009ko Maiatzaren 15a

Pentsatu al duzue inoiz zein den zuen pintxorik gogokoena? Nirea patata tortillazkoa. Hori bai, dayola egon behar du. Ez esponja bat bezain lehorra. Lagun artean galdera hau egin eta denetariko erantzunak bildu ditut. Txakaduna batek, azpizunarena besteak, urdaiazpikoa eta gilda hurrenak, eta foie azkenak. Berehala sortu da eztabaida. «Txakarena lehorra egoten duk!». «Ba tortilla huevina putakin egiten dute!». «Hik ba al dakik foie hori lortzeko zer egiten duten?». «Txoko tabernan gildarik onenak!».

Gure eztabaidatxoan pintxo kontuez asko dakigula konturatu naiz. Gehiegi. Jakingo ez dugu ordea gehiegi janaren herrialdean bizirik! Laster unibertsitatea ere izango dugu eta. Basque Culinary Center. Ingelesez, giriek uler dezaten. Orduan hasiko gara prestakuntzak ematen duen harrotasunez eztabaidatzen. «Eta zu nor zara pintxo hau lehorra dagoela esateko?». «Ni Basque Culinary Centerren, pintxologia kuantiko eta txaka xehatze molekularrean doktoratua naiz». «A bueno horrela bai». Taberna zuloko txikitero eztabaida zirenak maila goreneko tertulia kulinario bilakatuko dira iraultza gastronomiko bat lortzeko bidean. Azkenean gure herriak merezitako lekua izango du munduan. Eta turistak milaka etorriko dira pintxouak jatera.

Souvenir dendetan lauburuak eta harri-jasotzaile txikiak egon beharrean pintxoen erreplikak egongo dira eta Kukuxumuxuk pintxo desberdinen kamiseta aterako du (atera al du jada?). Hainbeste pintxo lehiaketa egitearen poderioz liga bat osatuko da. Astero pintxorik onena nork egin duen jakingo dugu Teleberrietan eta Pintxo Kopako finala jokatzen denean kaleak hutsik geratuko dira. Hau guztia posible egiteko Jaurlaritzak Pintxou Researching Scholarship bekak emango ditu pintxoen ikerketa eta berrikuntzarako, eta familia numerosa dutenek pintxoak jaterakoan beherapenak izango dituzte. Espainiako Gobernuak, berriz, demokratikoki baimena emango du ikurrinean armarri gisa pintxoa jarri behar den ala ez erabakitzeko erreferenduma egiteko.

Zientzia fikzioa da bale, baina niri ditxosoko gripeak baino beldur gehiago ematen dit. Eta zer nahi duzue esatea, hurbilago ere ikusten dut. Hasteko telebistan jarri dute «Pintxos» izeneko saio bat. Ikusten ari naiz, hurrengo denboraldian «Txuletones», eta hurrengoan «Alubiadas». Aldatzen ari dira gauzak eta azkar gainera, eta Patxik ez dauka zerikusirik.

Tabernak adibidez. Lehen guztiek barrak pintxos josita zituzten eta atzean Kas Naranjaren propagandako pizarratxo bat, «kroketas, calamares, ta chorizo cocido» jartzen zuena. Orain berriz, barran pintxo gutxi eta atzean pareta guztia betetzen duen arbel beltza. Bertan kleraz idatzita irakur daiteke «Chupadedos: taco de bacalao escalfado al aroma de Idiazabal con canela chorizera y reduccion de huevas de periquito cojo». Goxoa egongo da gainera, seguru. Sukaldari onak dira. Mantal beltza jantzi eta munduan zehar predikatuko dute eta arbel handidun tabernak zerbezeri irlandarrak bezala zabalduko dira. Pintxo tabernen pandemia hasia da.

Itxura ederra eman behar dugu munduaren aurrean, ikustera etortzen direnei eskaintzen diegun gauza bakarra pintxoak eta sukaldaritza badira. Gero eta taberna normal gutxiago dago. Edateko diren horiez ari naiz. Zerbeza barraren gainean uzteko plater artean tarterik bilatu behar ez den horiez. Janari usainik gabeko tabernak nahi ditut. Munduan zehar ikusten diren taberna eder horiek nahi ditut. Horrela giriak mozkortu eta biharamunean ez dira pintxoekin gogoratuko. «¿Oye, como se llamaba esa cosa que comeis pinchada en un palo?». Ba horixe bera.