Xole Aramendi
2009ko Maiatzaren 15a
Tibetarra naiz, Indian jaiotako tibetarra. 1959an nire herritik alde egin behar izan zuten gurasoek. Urte hartako martxoak 10a zen. Aita garraiolaria zen, zaldiak eta behorrak hara eta hona eramaten ibiltzen zen. Indiako mendebaldera joana zen hamar lagunekin, Kalunpun herrira, hango merkatalgune ezagunera. Txinatarrak Lhasan sartu eta Potalako jauregira kanoikadak botatzen hasi zirenean, aita hirian zen; bere lagunak nola hiltzen ziren ikusi zuen.
Ama aitaren herrian zegoen, Nepalgo mugan. Katmandu alboan dago, 5.500 metrora. Nire bi arrebekin zegoen. Batek 5 urte zituen eta besteak 3. Ni jaio gabea nintzen orduan. Kezkatuta zegoen aita nola ote zegoen. Ordurako txinatarrek Tibet hartuta zuten. Aitak Tibeteko familia aberatsenarentzat egiten zuen lan. Familia hartako alaba oraindik bizirik dago terik onena egiten den herrian.
Familiaburuaren emazteak zituen aberastasun guztiak nire amaren etxean gorde zituen. Eta txinatarrek nire ama kartzelaratu egin zuten. Bitxiak non gorde zituen galdetzen zioten. Herri osoak ikusi zuen nire ama nola zeramaten kartzelara. Hori guztia amak kontatu zidan.
Tibet askatzera omen zetozen txinatarrak. Laguntzera. Dena gezurra. Laguntzera etorri izan balira ez lirateke amaren etxera bitxien bila etorriko.
Gurea ez zen demokrazia, nobleziak agintzen zuen. Nobleek txinatarrekin zuten harremana eta gertatu zena gertatu zen.
Aitak Lhasan jarraitzen zuen. Egun haietan Dalai Lamak doktoretza ikasketak amaitu zituen hiriburuan. Dalai Lamak martxoaren 17an alde egin behar izan zuen Lhasatik. Txinatarrak Dalai Lamaren bila zebiltzan. Dalai Lama nahi zuten, ez nire herria.
Indiako mugan
44 urte ditut. Indiako mugan jaio nintzen, 4.000 metrora. 2006an itzuli nintzen 30 urtez handik kanpo egon ondoren. Oraindik ez dut ezagutzen nire aitaren jaioterria. Joateko irrikaz nago. Orain ezinezkoa zait, txinatarrek fitxatuta izango naute eta. Nire aitak lau anaia zituen eta ez ditut ezagutzen. Beno, 1970. urtean, aitaren anaia bat Katmandun, Nepalgo hiriburuan, ikusi nuela uste dut; hala ere, ez dut oroitzapen oso zehatzik. Bera tibetarren ordezkaria zen Nepalen, erregearen oso laguna.
Monje ikasketak egiteko nire bila etorri zen, baina aitak ez zuen nahi izan, eskulana behar zuen etxean eta. Ni nintzen seme bakarra. Nire ametsa horixe zen, monjea izatea.
12 urte bete arte Himalaia mendilerroan bizi izan nintzen, Indiako iparraldean. Aita errepideen eraikuntzan aritzen zen, Tibet eta India lotzen zituen errepidean. Tibetarrak erabiltzen zituzten lan horretarako. Errefuxiatuak, maisuak eta monjeak. Guztiak lanean mantenuaren truke, ez baitzegoen ahora zer eramanik. 60ko eta 70eko hamarkadak ziren.
Unicef eta NBEri esker erbesteko haurrek barneko ikasle gisa ikasi ahal izan genuen. Nire arrebek ere bai. 7 urte nituen eskolara eraman nindutenean. Guztira 400 ume geunden eta inguruan nituen asko umezurtzak ziren. Gurasorik ez zutelako batzuk eta besteek lana egin behar zutelako, ez zitzaien inor etortzen bisitan. Udako eta neguko arropa ematen zieten, besterik ez. Nire aita mendian ari zen lanean eta urtean behin ikusten nuen.
13 urte egin arte egon nintzen han. Mahairik ere ez genuen ikasteko. Zuhaitz baten enborrari lotuta jartzen zituen hizkiak maisuak eta lurrean makilatxo batekin marraztuz ikasi genuen alfabeto tibetarra. Gaur egun Afrikan egiten duten moduan. Oroitzapen hauek ez ditut sekula ahaztuko. Haurtzaroan bizitakoa beti presente daukat. Gose ederra ere pasa genuen. Platerean koilarakada apur batzuk botatzen zizkiguten. Berdin zion goseak geratzen baginen.
Kanpin-dendetan bizitzen
Gurasoak kanpin-denda batean bizi ziren, Afganistan eta Pakistango errefuxiatu kanpalekuetan gaur egun ikus daitekeen bezala. Barruan bi familia bizi ziren, nire osaba-izebak umeekin eta nire gurasoak. Udan mendira igotzen ziren, 4.000-5.000 metrora, eta neguan beherantz egiten zuten, 2.000 metrora. Neguan elurra latz egiten zuen.
Aitaren lagun batzuk haitzak dinamitaz txikitzen egiten zuten lan eta gogoan dut nola bat hil egin zen eztanda baten ondorioz.
Indira Gandhiren Gobernuak Indiako hegoaldean lurrak eman zizkigun eta hara abiatu ginen familia osoa beste tibetar errefuxiatu ugarirekin batera. Guztira bost kolonia osatu genituen. Lehen aldiz hara iritsi ginenean, kamioi batean iritsi ginen. Lurra eta harriak garraiatzeko erabiltzen zen berbera. Gauez kamioian sartu eta goizean esnatzerako han ginen. Oihana zirudien. Indiarrak beltz-beltzak ziren, afrikarren modukoak. Euren dialekto propioa erabiltzen zuten eta ezinezkoa zitzaigun elkar ulertzea, nahiz nik India iparraldeko hizkuntza banekien.
Beraiek ere guri begira-begira geratzen ziren, basatiak ginelakoan. Nire aitak, adibidez, ile luzea zeraman, motots batean jasoa, eta moztu egin behar izan zuen hegoaldean egiten zuen beroagatik. Beste askori gauza bera gertatu zitzaien. Belarritakoa ere bazeraman aitak. Han janzkera aldatu genuen guztiok, galtzak soinean jantziz.
Txabola batzuk eman zizkiguten. 18 urtez gorakoei hektarea bat lur eskaini ziguten. Niri, 13 besterik ez nituenez, hektarea erdi. Gaur egun, oraindik, etxea dut han. Bost pertsona bizi ginen txabolan. Gurasoak eta hiru anai-arrebak.
Asko gustatu zitzaidan. Tarzanen pelikuletan bezala sentitzen nintzen. Goizetan aitari laguntzen nion artoa erein eta zaintzen. Txabola eraiki genuen zuhaitzen gainean, han inguruan zebiltzan elefante basatien beldur. Basurdeak ere ibiltzen ziren. Behin baino gehiagotan egin genuen han lo aitak eta biok. Banuen lagun bat, nire adin bereko neskatxa bat, eta negarrez ikusi nuen behin txabolaren azpian elefantea zegoelako. Horrelakoxea izan zen gure bizimodua urte haietan. Mundu berri bat, ordura arte guztiz ezezaguna, ireki zen gure begien aurrean.
Monasteriora Filosofia ikastera
Lehengusu bat banuen monasterio batean ikasten eta etxera egin zuen bisitaldi batean berekin hara joateko aprobetxatu nuen. Nire ilusioa horixe zen. Aitari aurpegiratzen nion 5 urte nituela bere anaiarekin joaten ez zidala utzi.
Tibetarrok zorioneko sentitzen gara monje ikasketak eginez. Nire ama ere saiatu zen bi aldiz. Filosofia budista ikasi nuen han. Lagunak ere egin nituen. Bide berriak ireki zitzaizkidan.
Europara 1994an iritsi nintzen. Ez zen nire asmoa Euskal Herrira etortzea. Ameriketako Estatu Batuetara, New Jerseyra, joan nahi nuen, ingelesa hobetzera. Nire helburua filosofia tibeteratik ingelesera zuzenean itzultzea zen.
Extremaduran egin nituen urte batzuk. Caceresen bizi da nire maisua, nire bigarren aita. Saiatu nintzen New Jerseyre joaten baina ez nuen lortu. Nire karma Euskal Herrian bizitzea zen eta onartu egin nuen. Hemen ezagutu nuen Karmele Osa, nire emaztea, eta bertan jaio zen semea. Euskaldunon seriotasuna atsegin dut. Lehenengo Euskal Herriaz maitemindu nintzen eta ondoren Karmelez.
Inoiz ez dakizu bizitzak nora eramango zaituen, baina Euskal Herrian jarraitu nahiko nuke. Itsasoaren ondoan zegoen mendi batera iristearekin egiten nuen amets eta hemen aurkitu nuen bilatzen nuena. Mendiaren berdea, itsasoa, ardiak larrean... Tibeteko ahuntzak gogoratzen ditut. Nire aita, zortzi urte zituenean, mendira bidaltzen zuten ahuntzak zaintzera. Baina ez zuen gustuko eta garraioan lanean hasi zen.
Euskaldunak eta espainiarrak zeharo desberdinak iruditu zitzaizkidan. Hemen ez zegoen hainbesteko arrazakeriarik. Zuen izaeraren ondorioz ez didazue galdetzen nongoa naizen. Hego Ameriketako pertsona asko etorri dira eta askok Kolonbia edo Ekuadorrekoa naizela pentsatzen dute. Behin zuzenean galdetu zidaten: «Kokainarik ekarri duzu?». Inork ez du pentsatu ere egiten Tibetekoa naizenik. Argibideak ematen dizkiedanean aurpegia eta jarrera erabat aldatzen dute. «Zergatik ez duzu lehenago esan?», galdetzen didate. Mendizaleei esker badakite zerbait.
Nire esperientziatik hitz egin dezaket nik, ez besterik. Elkarte bat sortu dut, Atisha, Tibeteko kultura ezagutarazteko helburuarekin. Dalai Lamaren eta maisuen bedeinkapena jaso dut. Tibeteko ordezkaria naiz. Ahalik eta jokabide zuzenena izaten saiatzen naiz nire herriaz irudi ona izan dezaten.
Euskal Herriaren etorkizuna gazteria da eta munduan zehar bidaiatu eta hizkuntzak ikastera animatzen ditut. Nik bost hizkuntza ikasi ditut. Hainbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta errazago izango da herri hau, Euskal Herria, altxatzea. Alderdikeriak alde batera utzi eta elkarrekin borroka eginez.
Europan asko ikasi dut europarren pentsamoldeaz. Amerikarrek euren ametsa dute eta europarrek berea. Europarren ametsa txaleta, autoa eta lan ona da. Amerikarrena, berriz, txalet handia, auto handia... dena handia! Guk, tibetarrok, kobazulo batean lasai bizi ahal izatea desio dugu. Jakirik ezean, inguruko belarrez elikatuz. Buruak gorputzaren gainean duen indarrari esker ez dugu goserik sentitzen. Burua erlaxatzen bada, baita gorputza ere.
Gaur egun nire semea elikatu eta nire herrira itzultzea da ametsa. Eta horren zain nago, gau eta egun. Tibetarron %99 elkartuta gaude. Bai Tibeteko mugen barnean bizi direnak, bai handik kanpo bizi garenok ere. Ez dakigu nortzuk altxatuko duten herria. Nire ustez Tibet barruan daudenek lortuko dute.
Indiako Gobernuaren babesari esker Tibeteko kultura bizirik dago erbestean ere. Monasterioetan urtero 3.000 haur jasotzen dituzte, Himalaia bakarrik zeharkatzen dutenak ikasketak burutzeko. Dharamsalan jasotzen dituzte eta bakoitzaren datuak bildu ondoren monasterioetara bidali. Itzelezko lan soziala ari dira egiten. Tibeten, lehentasunetako bat haurrek ikas dezaten da. Zentro berri bat ari dira eraikitzen neskentzat.
Dharamsalan ezindu psikikoentzat egoitza bat prestatzen ari dira eta, elkartetik, ahal dugun neurrian laguntzen ari gara. Lehen ez zen beharrik, familiaren barnean zeudelako, baina orain erbestean egonik gurasoek lan egin behar dute.
Oraintsu itzuli da India hegoaldeko monasterio batetik Jose Ramon Llavori zumaiarra, dituzten beharrak bertatik bertara ikustetik. Atisha elkartearekin elkarlanean aritzen da Llavori.
NIRE GURASOAK ERBESTERATU TIBETARRAK ZIREN ETA INDIAN JAIO NINTZEN NI. AITA LHASAN ZEGOEN TXINATARRAK SARTU ZIRENEAN
TIBETARRON %99 ELKARTUTA GAUDE. BAI BERTAN BIZI DIRENAK, BAI HANDIK KANPO BIZI GARENOK. EZ DAKIGU NORK ALTXATUKO DUEN HERRIA
1994. URTEAN IRITSI NINTZEN EUROPARA. AEB-ETARA JOAN NAHI NUEN, BAINA NIRE KARMAK EUSKAL HERRIRA BULTZATU NINDUEN




