Japonian ditu sustraiak elikadura makrobiotikoak eta Euskal Herrian pixkanaka hedatuz doa. Zentzu askotan gure aiton-amonek baserrietan jaten zutenera atzera buelta egitea da, nahiz eta ezjakintasunak bultzatuta topiko asko sortu eta hedatu diren. Urdailera daramatzagun jakien bidez nork bere barne oreka lortzea da xedea, denetarik janez; hori bai, era naturalenean eta neurrian.
Xole Aramendi
2009ko Maiatzaren 15a
Lapikotik ateratzen den usain goxoa sukaldetik kanpora barreiatzen da. Euskal Herriko jatetxe makrobiotiko bakarrenetakoan gaude. Gorka Gereño gaurko menua prestatzen ari da. Laster etorriko dira jatetxeko bezeroak sabela betetzera. Eta elikatzera, ez baita gauza bera. Hauxe gaurko lezioetako bat.
Donostiako Intxaurrondo kalean gaude. Sukalde barrura sartzera gonbidatu gaitu Gereñok. 30 bazkari inguru ematen ditu egunean, igandeak ezik, 12 euroko prezioan. «Ia bezero erdiak egunero datoz eta platerak hutsak datoz bueltan», argitu du. Gainera, sukaldaritza ikastaroak ematen ditu larunbat goizetan 100 euroren truke.
Zer dugu gaur bazkaltzeko? «Tipula eta azenarioa ari naiz biguntzen dilistak prestatzeko. Hemen dudan porrua eta azenarioarekin bulgurra jarriko dut; zereala, bigarren plater moduan. Laguntzeko kalabazina frijituta eta barazkiak ditut, borraja pixka bat tipularekin eta azenarioarekin. Postrerako, berriz, arroz esnea, olo esnearekin egina», kontatu du.
Gereñok duela lau urte hartu zuen jatetxearen ardura. Eta bere esperientzia propioak eraman zuen sukaldaritza makrobiotikoa aukeratzera. «15 urte daramatzat sukaldean lanean. Arzak eta Zuberoa jatetxeetan aritu nintzen, baita Ipar Euskal Herrian ere. Osasuntsuago eta orekatuago jateko moduaren bila hasi nintzen. Toki hau ezagutu nuen eta aurreko nagusiarekin, Jesus Larretxearekin, ikasi nuen», gogoratu du.
Ondo sentitzen zen. «Eragina erabat positiboa izan zen», argitu du. Eta berak frogatutakoa bezeroei eskaintzea pentsatu zuen.
Elikadura makrobiotikoaren oinarrizko filosofia azaltzerakoan, zera esan du: «Jakiek energia daukate, kontraktiboa (yang) ala espansiboa (ying). Hori kontuan hartuta oreka bilatzen dugu. Saiatzen gara jaten duguna ez dadila izan oso muturrekoa, erdialdean dagoena baizik, puntu horretan aurkitzen baitugu oreka -azaldu du-. Elikagairik neutroena, erdi-erdian dagoena, arroz integrala da. Honekin batera zerealak, lekariak eta algak daude. Muturrean, berriz, espansiboenen artean esnea, kafea eta drogak nabarmentzen dira. Eta kontraktiboenak haragia, mariskoa eta gatza dira. Guk horiek ia ez ditugu batere kontsumitzen».
Orekatuago janez zure barne oreka lortzen da. Horixe da elikadura honen giltza. Bigarren lezioa. Denetarik jan behar dela azpimarratzen du Gereñok. «Elikadura makrobiotiko on bat denetatik janez oreka lortzen duena da. Ez ditugu ahaztu behar mineralak eta proteinak, bitaminak, gatza... Haragia astean behin jatea ondo dago, oreka lortzen laguntzen baitu. Arraina eta arrautzak ere beharrezkoak dira, baina astean behin».
Haragi gutxi jaten dutenez, proteinak lortzeko lekaleak eta zerealak nahasten dituzte. «Gaur bezala, dilistak hasieran eta bulgurra bigarren platerean janez», dio lapikokoari erreparatuz.
Hori bai, produktuek ekologikoak behar dute izan. «Ez dezala inork pentsa barazki transgenikoak janda osasuntsu egongo denik. Hori oso inportantea da. Jakiek dituzten ongarri eta pestizida guztiek kalte egiten digute», ohartarazi du Gereñok.
Bere ustez ezjakintasuna handia da. «Asteko erosketa saskian aurrezten saiatzen gara eta hor dago gakoa. Jatea oso garrantzitsua da gure osasuna bere araberakoa da eta. Gaixo asko etortzen zaizkit laguntza eske, gero eta gazteagoak gainera, baina gaixotu aurretik etorri behar da, sistema prebentibo moduan», esan du Gereñok.
Ezjakintasunak elikadura makrobiotikoa gaixotasun oso larriak dituztenentzat bakarrik dela egokia pentsatzera garamatza. «Pertsona ugari oso gaixotasun larria dutenean hasten dira dieta makrobiotiko zorrotza egiten eta, ondorioz, askok uste du zereal hutsa janez bizi garela», zehaztu du.
Omeboshi, kuzu, miso... hitz ezezagunak dira askorentzat, baina pixkanaka gure hiztegi gastronomikoan sartuz doaz. Bata bestearen alboan irakur ditzakegu jatetxearen ondoan dagoen dendako apaletan. Produktu biologikoak eta produktu makrobiotikoak saltzen ditu bertan Nekane Soriak.
Hamar urte
Intxaurrondoko denda eta jatetxea duela hamar urte inguru ireki zituzten lagun talde batek. «Frantziako Saint Gaudens herrian ezagutu zuten elkar nire amak eta beste bazkide batzuk. Europan makrobiotikari buruzko zentro bakarra zen orduan. Donostiara bueltan, ez zegoen tokirik laboreak erosteko edota bazkaltzera joateko. Elkarte gastronomiko bat ireki zuten. Ikusi zuten arrakasta izan zuela, jendea etortzen zela, eta jatetxea ireki zuten», kontatu du.
«Elikadura makrobiotikoaren oinarria zerealak dira. Baina askok uste dutenaren kontra, ez dugu bizitza arroza eta algak jaten ematen. Milaka arroz mota daude eta horrez gain kus-kusa, bulgurra, kinoa, arta txikia, garagarra, oloa, espelta... daude. Kopotan, alean edo irinetan aurki daitezke dendan», azaldu du.
«Arroz integral hutsa janez urtebetez elika zaitezke. Ibarretxek 25 kiloko arroz integral zakua jan zuela kontatu zuen lehen aldiz lehendakari kargua hartu osteko elkarrizketa batean. Tina Turnerrek ere sukaldari japoniarra darama berekin era honetako elikadura egiteko. Kirolari askok, kirola egiteari utzi ondoren ere, elikadura honekin jarraitzen dute», argitu du.
Kontua garaian garaiko jaki biologikoak, bertakoak eta integralak, jatea da. «Bakoitzak jakin behar du bere gorputza entzuten. Makrobiotikak ez du ezer debekatzen», dio.
Bere esanetan, logikak agintzen du elikadura mota honetan. «Fruta gordinik udan jaten da, neguan ez, hotz egiten duelako eta gorputza are gehiago hozten dizulako. Aldiz, fruta labetik pasatzen baduzu, zuk egin behar duzun lan hori suak egiten du. Eta gorputzak indar hori katarroak ez hartzeko, indartsu egoteko, erabiltzen du». Hirugarren lezioa.
Informazio bila jotzen du jende askok dendara. «Gu horretarako gaude. Dena den, nik katarro batentzat erremedioa emango dizut, baina ni ez naiz medikua eta osasun kontuak oso serioak dira», argitu du.
«Adinekoek hala diote: `Hau gure baserrian behiei ematen genion eta orain zopa egiten dugu'. Bueltatu gara baserrian jaten zutenera. Baratzak ematen zuena jaten zuten, eta, noizean behin, haragia, indarra hartzeko. Gaur egun animalien proteina gehiegi jaten da, abusatu egiten da», esan du.
Nekaneren ama lehenengoetakoa izan zen makrobiotikaren filosofiara eta elikadura makrobiotikora hurbiltzen, duela 30 urte. Alabak hasieran ez zion kasu handirik egin, baina ondoren onurak ikusi zituen. «Ez da arroz integral platera bat jan eta ondo sentitzea. Mirakulurik ez dago. Baina berehala nabaritzen duzu garbiketa egin duzula. Onura igartzen da ez zarelako nekatzen eta lo hobeto egiten duzulako. Horrek segitzera animatzen zaitu», kontatu du.
Soria baikor da. «Gero eta gehiago dira konturatu direnak elikadurak bere garrantzia daukala. Umeak dituzten gurasoak etortzen dira asko. Ez barazkijaleak ezta makrobiotikoak ez direnak ere badatoz».
Bezero bat sartu da. Javier Arizabalo irundarra da. «Hemen jaten dut eta erosketak egiteko aprobetxatzen dut. Lau urte dira hasi nintzela. Gaixotasun batengatik hasi nintzen. Anaia eta biok elkarrekin egiten dugu etxean eta nabaritu dut hobekuntza. Modernotasunarekin ohitura txarrak hartu ditugu, bizkortasuna eta erosotasunaren izenean. Elikadura mota honek neurri batean osasuna berreskuratzen laguntzen du. Dezente kostatzen da ikastea, mantso joaten zara. Gutako bakoitza ere desberdinak gara eta», azaldu du.
Helburua ez da gorputzak bere gain karga gehiago hartzea. «Beste elikadura mota batekin energia gehiago nabari dezakegu, baina zure immunologia sistema behar horiei erantzun bat emateko gorputzetik ari da gauzak ateratzen. Makrobiotikak, aldiz, orekatu egiten zaitu. Makalago senti zaitezke baina hori gertatzen da gorputza ez duzulako hainbeste behartzen, erlaxatuago zaude», azaldu du.
Poltsikoan izan dezakeen eraginak erreparoa sor diezaguke. «Nik eta anaiak ehun eta piko eurorekin jaten dugu hilabetean, inolako txorakeriarik erosi gabe. Beste batzuk 600 euro behar dituzte», esan du.
«Arroz integral kilo bat garestiagoa da zuria baino, baina gehiago elikatzen du eta gehiago irauten du. Hori ere begiratu egin behar da», dio albotik Nekane Soriak. Ahalik eta jaki freskoenak jaten saiatzen dira. «Aholkua ez izoztea da. Bi egunetako epean jateko erostea da onena, hozkailuetan irauten duena. Betidaniko ohitura da. Baserrietan goitegia zegoen, ez hozkailurik», zehaztu du.
«Nire amonak arroza botatzen zion dilistei. Ez zekien zergatik baina era horretan elikadura orekatzen zuen zereala eta lekaleak janez. Oso konpletoa zen. Elikadura mota hau ez da hain arraroa. Gertatzen dena zera da: Japoniatik datorrela eta ying eta yang aipatzea oso arraroa egiten zaigula», adierazi du.
Nekane Soriaren ustez, «makrobiotikara zuk zeuk hurbildu behar duzu, ez zaitu inork behartu behar. Bide asko daude makrobiotikara iristeko eta denak dira baliagarriak. Baita aldentzeko ere». Bere esanetan, familian kide bakar bat hasiz gero, oso gogorra izango da.
Elikadura bizi-filosofia bati loturik doa. «Dena bat da, elikadura eta bizi-filosofia, baina daukagun erritmoarekin ez da erraza praktikan jartzea. Gauza asko ulertzeko modua da. Asko irakurri behar duzu zertan ari zaren jakiteko. Bakarrik sentitzen zara -argitu du Arizabalok-. Erosoagoa da medikuarengana joan eta pilulak hartzea. Baina hark ez dauka denborarik zure elikaduraz arduratzeko. Karreran elikaduraz ikasten dutena oso murritza da eta ez dute lortzen gaixotasunen sintomekin lotzerik».
Arizabaloren iritziz, «medikuei eta enpresa farmazeutikoei komeni zaie gaixoak egon daitezen, baina egoera jasanezina sortzen da».
Biek gomendatzen dute asteburu pasa Saint Gaudens herriko zentrora joatea. «Handik ihesi atera zaitezke edo `hau da nik bilatzen nuena' pentsa dezakezu. Oso gomendagarria da asteburu pasa egitea. Jatorduetan beti dago euskaldunez osatutako mahai bat. Batzuk han elkar ezagutu, koadrila osatu eta hona jatera etortzen dira gero», kontatu du Soriak.




