Jubilazioa bizitzaren etapa bat da, norabide desberdinetan ibil daitekeen bidea. Sasoia elkartekoek garbi dute nondik jo nahi duten, aurretik marraztutako bidearen segida da haientzat erretiroa. Jubilatzea ez baita gizartearen parte pasibora igarotzeko aitzakia edo arrazoia. Eta gizarteak ere baliatu beharko luke jubilatuen talaiatik ikusten dena.
Amagoia Mujika
2009ko Maiatzaren 15a
Nafarroako biztanleen %20 jubilatuak eta pentsionistak dira. Baina, kopuru garrantzitsua izanagatik, jubilatuen eta pentsionisten ahotsak ez dauka merezitako oihartzunik. Hori uste dute, behinik behin, Sasoia elkartekoek. Eta horregatik sortu zuten duela bi urte luze ezkerrekoak eta abertzaleak diren jubilatuak eta pentsionistak biltzen dituen elkartea, «gizarte honen parte aktiboa» izan nahi dutela aldarrikatzeko. Patxi Erdozain, Sebastian Rosino eta Xabier Zubiza bertako kideak dira. Haiekin mintzatu da GAUR8 Sasoiaren aldarrikapenak, kezkak eta erronkak ezagutze aldera.
Bizitza osoa lanean eman eta gero, azkenean iristen da erretiroa hartzeko garaia. Bizitzako etapa berri horri modu desberdinetan egin dakioke aurre. «Niretzat zoriontasunerako urrats bat izan zen. Egunero goizeko zazpietan esnatu eta norbaiten mende egoteko garaia bukatu zen. Nire lana oso gustuko nuen, baina berrogei urteren buruan, errutina bat sortzen da. Gaur egin duzuna atzo ere egin zenuen, edo bihar ere egingo duzu. Niretzat askapen moduko bat izan zen jubilazioa», gogoratu du Xabier Zubizak.
«Egia da, hala ere, badela gaizki pasatzen duen jendea -jarraitu du Sebastian Rosinok-. Izan ere, aldaketa handia da. Zure lantokia da harremanetarako gunea, sindikalki borroka egiteko tokia eta, bat-batean, horrekin guztiarekin hausten duzu. Hala ere, norberaren izaeraren araberakoa da guztia. Batzuk hobeto eta beste batzuk okerxeago egiten dute aldaketa». Jubilazioa, beraz, bizitzaren etapa berri bat da, norabide oso desberdinetan ibil daitekeena.
Beharra eta obligazioa
«Bizitza osoa eman dugu militatzen eta borrokan, mugimendu sozial, sindikal eta politiko desberdinetan. Jubilatzen zarenean, badirudi militantzia hori itzali egiten dela pixka bat. Eta ez du zertan. Jubilatuak izan arren, gizartearen eta politikaren parte aktiboa izaten jarraitu behar genuela pentsatzen genuen, horretarako beharra eta obligazioa genuela. Hartara, taldetxo bat biltzen hasi ginen, gizarteko arazoez hitz egiteko. Eta hortik sortu zen Sasoia», kontatu du Patxi Erdozainek.
Izan ere, Sasoia elkartean biltzen direnak ez daude batere eroso egungo gizarteak adinekoei ematen dien tokian. «Gizarteak nagusiak aparkatu egiten ditu eta elementu pasiboak izan daitezen saiatzen da. Kontsumitu, bidaiatu, mus partidak jokatu... nolabait baztertu egiten zaituzte. Gu ez gaude batere ados planteamendu horrekin. Oraindik gazte sentitzen gara, ezkerretik eta abertzaletasunetik ekarpenak egiteko moduan», jarraitu du Sebastian Rosinok.
Egungo agintariak eta politikariak akordatzen dira jubilatuekin eta pentsionistekin, baina modu interesatuan. «Kontuan hartzen gaituzte, oso kontuan, baina kontsumitzaile modura. Bidaiak antolatzen dizkigute, dantzaldiak antolatzen dizkigute, mus txapelketak antolatzen dizkigute... dena antolatu egiten digute, baina inork ez digu iritzia galdetzen. Tokitan geratu dira garai bateko nagusien kontseiluak!», jarraitu du.
Beste egoera batean ere politikariak asko gogoratzen dira adinekoekin; hauteskunde garaian. «Nafarroan bizi dugun egoera esanguratsua da. Jubilatuak eta pentsionistak biztanleriaren %20 baino gehiago gara. Horregatik, hauteskunde garaian sektore garrantzitsua gara. Sektorea UPN alderdiak eta CAN kutxak menderatzen dute erabat, eta hori oso ondo datorkie hauteskunde garaian. Finean, akritikoa den masa zabala da eta behar dutenean, sektore horren babesa ziurtatuta dute», iritzi dio Erdozainek.
Adinekoen ardura
Politikoki zorrotz kontrolatutako sektorea dela sentitzen dute eta Sasoiak, egoera horren aurreko aterabidea izan nahi du. «Nafarroako jubilatuen elkarte eta egoitza gehienak CAN kutxarenak dira. Hartara, sektorea erabat kontrolatzea lortu dute. Bada pasadizo bitxi bat horren inguruan. Duela urte batzuk, inkesta bat egin zuten jubilatuen eta pentsionisten artean. Beren pentsioak Madrilgo Gobernuak edo Nafarroakoak kudeatzea nahi zuten galdetu zieten. Bitxia da, gehienek CANek kudeatzea nahi zutela erantzun zuten», kontatu du Rosinok.
Orokorrean jubilatuen eta pentsiodunen kritiko izateko gaitasuna ezeztatu nahia ikusten dute Sasoiakoek. «Lanean ari zarela, gizartearen parte aktiboa zara, iritzia eman dezakezu, protesta egin dezakezu. Lana bukatuta, konturatzerako, parte pasibora pasatzen zaituzte. Eta gizarteak behar gaitu, ez bakarrik jubilatuei eragiten diguten kontuetan, baita bestelako gai sozial eta politikoetan ere», adierazi du Erdozainek.
Hala ere, adinekoek ere badute ardurarik egoera honetan. «Egia da askotan, erosotasunagatik, adinekoa bera apartatzen dela bizitza aktibotik. `Jubilatu egin naiz eta deskantsatu eta ondo bizi nahi dut. Bestea, politika eta protesta, egin dezatela besteek', pentsatzen du askok. Gainera, dena egina ematen dizuten jubilatu elkarte bat izatea ere erosoa da. Eta adineko askoren desio bakarra hori da; egoitzara joan, kartetan aritu eta kafea edo tragoa merkeago ordaindu. Eta gutxi gehiago», esan du Xabier Zubizak.
Rosino ados dago horrekin, baina egoera hori bultzatu egiten dela uste du. «Agintariek erosotasun hori bultzatzen dute. Hartara, biztanleriaren %20 borrokalari eta protestari bat eduki beharrean, biztanleriaren %20 eroso bat dute. Eta hori komeni zaie. Egia da, hala ere, adin batetik aurrera jendea mugitzea asko kostatzen dela. Gu harrituta ere bagaude Sasoiak izan duen harreragatik. Hilero egiten ditugu bilerak eta 50-60 lagun biltzen gara aldiero. Eta antolatzen ditugun elkarretaratzeetan ere beti elkartzen gara 50 lagunetik gora. Agertzen ez direnak edo agertu ezin dutenak ere hor daude. Guztira ehun lagun baino gehiagorengana iristen da Sasoia. Kopuru garrantzitsua da benetan», esan du Rosinok.
Esperientziaren garrantzia
Garai bateko nagusien kontseiluak aipatu dituzte aurretik. Izan ere, asko ikusi duenak asko daki eta adineko pertsonen bizipenak eta esperientziak oso baliagarriak gerta daitezke gizartearentzat oro har. «Sistema kapitalistaren akats handi bat dela uste dut. Lan munduan bertan, esperientzia gehien dutenek bildu duten aberastasuna ez da batere aprobetxatzen. 50 urteko jendea aurrez jubilatzen ari da eta, agian, `errendimendu gehien' eskain dezakeen garaia da. Baina, noski, enpresei ez zaie errendimendu mota hori interesatzen. Baina adinekoen esperientzia galdu egiten da, inork ez du entzun nahi esperientzia dutenen ahotsa. Guk beti aldarrikatzen dugu esperientzia hori, jakintza hori, gu `guda' askotan aritutakoak garelako», iritzi dio Rosinok. «Egoera politikoa, esaterako, frankismoan bizi genuenera bueltatzen ari dela sentitzen dugu askotan. Beldurgarria da. 30 urteko pertsona batek ez du sentimendu hori, garai hura ez zuelako bizi. Baina hura bizi genuenok badakigu zer izan zen eta, tamalez, antzekotasun asko ditu egungoarekin. Etsipengarria ere bada. Borrokatu genuen, zerbait lortu genuelakoan ginen, eta, orain, tristuraz ikusten dugu gure seme-alabak berdina sufritzen ari direla», gaineratu du.
Sasoiak hilean behin edo bi hilean behin elkarretaratzeak egiten ditu aldarrikapen desberdinekin. Tartean, krisi ekonomikoa. «Soldata duinak aldarrikatzeko elkarretaratzeak egin ditugu. Izan ere, jubilatuen eta pentsionisten sektorean bada benetako miserian bizi den jendea. Eta, bitxia bada ere, asko egoera hori ezkutatzen saiatzen da. Oso egoera larriak ematen dira, eta askok ezkutatu egiten dute bizi duten larritasuna», esan du Erdozainek.
«Sistema kapitalistaren ondorioa da miseria ezkutatu nahi hori. Sistema kapitalistaren oinarrietako bat arrakasta lortu beharra da. Eta benetan tristea da 65 urtera iritsi eta ez duzula arrakastarik izan ikustea. Pentsio ziztrin bat duela eta errua berea dela sentitzen du askok. Nola onartuko du pentsio lotsagarri bat duela? Akatsa sistemarena da, ez norberarena. Baina kontrakoa ulertarazi digute», gaineratu du Rosinok. «Benetan kezkatzen gaitu adineko jende asko benetako pobrezian bizi dela. 14 urtetatik lanean jo eta su aritu eta, orain, zer? Oso larria da kasu askotan ematen ari den egoera», jarraitu du Zubizak.
Baina pentsioarena ez da adinekoek bizi duten kezka bakarra. Etxebizitzaren arazoa ere hor dago. «Adineko jende asko bizi da egokitu gabeko etxeetan eta arazo oso larriak dituzte kalera irteteko. Bestetik, zaharren egoitzak luxu pribatu izugarriak dira egunotan. Eta ikusten dugu, denboran aurrera egin eta mendeko bihurtzen bagara, sekulako arazoak izango ditugula zaintza txukun bat izateko. Egoitzak negozio bihurtu dira eta egoitza batera sartu ahal izateko sekulako dirutza behar da. Ez da zerbitzu publiko modura ulertzen, negozio borobila bezala ulertzen da», esan du Erdozainek.
Langileen solidaritatea
Sasoiakoek badute lanerako gogoa, aldarrikatzeko sasoia, noiz eta mobilizazioa galzoriko espeziea den garaian. «Egia da gizartea erabat desmobilizatuta dagoela. Langileak sufritzen ari diren egoera izugarria da eta, hala ere, mobilizazioak ez dira sekulakoak», esan du Zubizak.
«Normalean langile klaseak protesta egin izan du berari zuzenean eragiten zioten arazoak zirela medio. Hala ere, lehen solidaritatea handiagoa zen fabriken artean eta, gaur egun, ez. Guk, jubilatuen talaiatik, langileen arteko solidaritatea bultzatu behar dugu. Bide horretan, `Herria abian' ekimenarekin bat egiten dugu», jarraitu du Erdozainek.
Gertu da greba orokorrerako deia. Hiru hauek greba asko ikusitakoak dira, egungoen desberdinak seguru aski. «Desberdintasun handiena solidaritatea da. Gogoan dut Nafarroako Potasas enpresako greba. Hura sekulakoa izan zen, enpresa askok egin zuten bat grebarekin eta greba orokorrak sekulako oihartzuna izan zuen», gogoratu du Erdozainek. «Hala ere, ez genuke ezkorrak izan nahi. Gaur egun bada mobilizatzeko gaitasuna eta lanerako prest dagoen jende asko. Eta gu haiekin gaude, laguntzeko eta babesteko», gaineratu du Zubizak.
Sasoiak badu gabezia bat, konpondu nahiko luketen akats bat, Nafarroakoa baino ez dela. «Gure erronka nagusia Euskal Herri mailako elkarte bat bihurtzea da. Hartara, jubilatu guztiei deia luzatzen diegu», bukatu dute.
«Orain oso zaila dago kalean hitz egitea eta pentsatzen duzuna esatea»
Sasoia elkartearen ekintzarik bereziena eta ezagunena Sarkozy eta Zapaterori zuzendutakoa izan da. Eskutitz bana bidali zieten Estatu frantses eta espainoleko agintariei, beren burua gaixorik dauden preso politikoen truke eskainiz. Gaixo dauden presoak kalera eta Sasoiakoak, kartzelara. Hori zen eskaintza. «Hilean behin egiten ditugu bilerak, juxtu bi ordukoak. Lehen ordua politika gaien inguruan ematen dugu eta, bigarrena, bestelako gaiei buruzkoa izaten da. Kide batek bota zuen trukearen ideia, garai bateko mertzenarioek hori egiten zutela-eta. Sasoiaren sortzaileetako bat preso dago, Patxi Urrutia, eta bereziki kezkatuta gaude euskal presoek bizi duten egoerarekin», kontatu dute. Aldarrikapen hori egiteko modu berezi bat topatu nahi zuten, gizartea egoeraz ohartarazteko modu deigarri bat, eta asmatu zuten. «Sekulako oihartzuna izan zuen proposamen hark eta erantzun asko jaso genituen, batzuk onak eta besteak, ez hain onak».
Aurretik, Sasoiako hainbat kide epaituak izan ziren kartel batzuk jartzeagatik. Eta egoera horiek denak lehendik sufritu dituztenaren sentsazioa ezin dute erantzi. «Larria da esatea, baina batzuetan frankismo garaiko ezaugarri batzuk faltan sumatzen ditut. Egoera oso larria zen eta ez nuke berriz hartara bueltatu nahi, baina sekulako mugimendua zegoen, denok elkartzen ginen eta etsaia zein zen oso garbi zegoen. Denok genekien noren aurka egin behar genuen eta solidaritatea sekulakoa zen. Gaur egun, bakoitza bere bidetik joaten da eta askoz zailagoa da borroka egitea», esan du Xabier Zubizak.
«Trantsizioa sekulako traizioa izan zen eta horren ondorioak pairatzen ari gara orain. Etsipengarria da. Frankismo garaian ez ginen orain baino askoz gehiago mobilizatzen ginenak. Baina, orduan, gainontzeko herritarrak gurekin zeudela sentitzen genuen. Ez ziren mobilizatzen baina ez zuten mobilizatzen ginenen kontra egiten. Orain, berriz, oso zaila dago kalean hitz egitea eta benetan pentsatzen duzuna esatea», esan du Rosinok.




