-

Josu Juaristi

2009ko Maiatzaren 15a

Estatu espainoleko ezkerreko zerrenda bat inpugnatu du, aste honetan, PSOEren Gobernuak. Iniciativa Internacionalista orain dela aste batzuk aurkeztu zen Madrilen, Europako Parlamentura ezkerreko programa eta ikuspegia eramateko. Aurkezpeneko manifestuan (ekimenaren webgunean -http://www.iniciativainternacionalista.org/- erdaraz, asturieraz, aragoieraz, katalanez, galegoz, leoneraz eta kantabroz irakur daitekeen bezala), egun bizi edo jasaten den egoeraz balorazioa egin ondoren, honako oinarri hauek proposatzen dituzte Europako Parlamentuan defendatzeko:

1.- Justizia soziala, krisia sortu dutenek ordain dezatela filosofiarekin, langileentzat erreskate plan bat bultzatuko dutela iragarriz edo aginduz.

2.- Askatasun demokratiko osoa. «Arrazoi ideologikoak, hizkuntza eta kultura, adin edo genero arrazoiak direla eta» emandako eskubide zibilen murrizketarekin kezkatuta agertzen da Iniciativa Internacionalista. Adierazpen askatasunaren murrizketa aipatzen dute, torturak salatzen dituzte eta bozkatzeko eta bozkatua izan ahal izateko eskubidea aldarrikatzen dute. Eta, egungo sare juridiko-politikoa kritikatuz, Estatu espainolaren esparruan dauden nazio desberdinen subiranotasunak errespetatuak izan behar direla diote bigarren puntuan.

3.- «Genero diskriminazioari ez» diote hurrengoan, baina ez, gaineratzen denez, «esaldi huts bat bezala», aldarrikapen normatibo, juridiko eta praktiko gisa baizik.

4.- Eskubide politikoak ere ekimenaren oinarritzat ditu manifestuak, webgunean ikus dezakegunez. Eta eskubide horiek zehazterakoan, herri guztiek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela nabarmentzen da, autodeterminazio eskubidea dutela alegia.

5.- Eta, bosgarren puntu bezala, Europako Parlamentuan kapitalaren Europaren aurkako jarrera hartuko dutela adierazten da, «herrien Europaren alde» daudela gaineratuz. Azkeneko oinarriak NATOren aurka daudela dio (eta Espainia egitura militar horretatik atera dadila eskatzen dute). Ingurugiroaren eta elikadura subiranotasunaren alde eta espekulazioaren kontra ere azaltzen dira.

Hau da, eta ez beste ezer, Iniciativa Internacionalista alderdiaren Europako Parlamentuko hautagaitzaren Komisio Bultzatzaileak planteatzen duen programa. Manifestua 2009ko apirilaren 15ean dago sinatuta.

Alfonso Sastrek aurkeztu zuen hautagaitza Donostian, besteak beste, Iniciativa Internacinalista ekimen honen hautagaia delako bera ere, nahiz eta, berak aipatu bezala, presentzia ia sinbolikoa izan, bere 83 urte eta osasun kontuak medio. Baina bere konpromiso osoa aldarrikatu zuen, ahotsik gabekoen ahotsak Europan entzun behar direla konbentzituta. Ezker erradikala eta internazionalistaren proposamenak eta iritziak Europan entzun behar liratekeela adierazi zuen Alfonso Sastrek.

Sastrerekin batera, Iniciativa Internacionalistan Doris Benegas, Angeles Maestro eta beste asko daude, eta zerrendari babesa eman dietenen artean, berriz, Javier Sadaba filosofoa, Carlos Tena musikologoa edota Santiago Alba idazlea daude.

Orain, Gobernu espainolak jomugan jarri du Iniciativa Internacionalista, eta hori egiteko aitzakia bezala ezker abertzaleak babes lezakeela uste duela eta Sastre bertan dagoela jarri ditu. Eskubideen murrizketa honen aurrean espainiar progresiari dagokio erreakzionatzea, eta oso hitz gutxi entzun dira, gaur arte, mehatxu honen aurka, ez banakakoen aldetik ez komunikabideen aldetik. Beldur ote da PSOEren Gobernua Espainian ezkerreko ekimen honek lor dezakeen boto kopuruaz? Ez ote du ezer esango Europar Batasunak Estatu kide batek hartutako erabaki honetaz?