Joseba Agudo Manzisidor
2009ko Maiatzaren 15a
Hasieran «txerri gripea» izenez ezagutu genuena, ondoren gripe indartsu bilakatu, eta «giza gripea» edo AH1N1 izenduna izatera igaro zen. Israel eta Alemaniako gobernuek, «gripe mexikarra» izena ere erabili zuten, arrazakeria kutsu handikoa.
Maiatzaren 8ko datuak hartzen baditugu, Mexikon gripe hau dela-eta kutsatuak 1.204 izan dira; horietako 44 hil dira, eta 1.160 sendatu egin dira. Ez hori bakarrik, Ameriketako Estatu Batuetan jada Mexikon baino kasu gehiago daude. Mexikon 110 milioi biztanle bizi badira, kutsatu kopurua 90.000 pertsonetatik batekoa izan da (datuak goraka jarraitzen dute, emeki bada ere).
Interpretazio ugari
Estatistika hauek, dozenaka iritzi ezberdin sortu dituzte. Bi nagusitzen dira guztien artetik. Batetik, Gobernuak ondo jokatu duela, eta hartu diren neurriei esker askoz baxuagoa izan dela epidemiaren hedapena. Bestetik, Gobernuak sekulako manipulazioa burutu duela, konspirazio bat, nazioak dituen arazoak estaltzeko eta nazioarteko erakunde eta estatuen partetik dirua jasotzeko. Zaila da benetan, egia borobila zein den jakitea, baina mahai gainean dauden elementu batzuk aztertzea ezinbestekoa zaigu.
Duela 15 egun idatzi genuen bezala, transnazional frantses batek, gripearen aurkako txertoa sortzeko eta merkaturatzeko kontratua sinatu zuen Mexikon. Handik gutxira, gripe berri hau sortu zen.
Tartean, apirilaren 16an eta 17an, Barack Obamaren bisita jaso zuen Mexikok. Obama joan eta astebetera, gripearen eskandalua medio guztietan azaltzen hasi zen. Handik 15 egunera, AEBek kutsatu gehiago zuten Mexikok berak baino.
Konspirazioaren teorietako batek dio Obamak Calderoni eskatu ziola gripearen iturburua Mexikon finkatzearen aldeko teoria zabaltzeko. Argi dagoen beste elementu bat da, martxotik egon direla kasuak, bai Mexikon eta bai AEBetan. Susmoak susmo, argi dagoena zera da; gripe honen iturburua AEBetan egon litekeela Mexikon adina. Eta argi dagoen bigarren puntua, hildakoen kopuru ezberdina da, izan ere, AEBetan pertsona bakarra hil da (eta gainera mexikarra), eta Mexikon, berriz, 44. Honek, Mexikoren osasun zerbitzu sistemaren porrota erakusten du modu nabarmenean (astelehena 11, 48 hildako Mexikon eta 3 AEBetan).
Bestalde, konspirazioaren teoria bultzatzen dutenek diotenez, PAN alderdiak bikain baliatu du gripearen krisia, hauteskunde inkestetan gora egiteko, komunikabideetan egunero presentzia ziurtatzeko, eta Calderon presidentearen irudia goratzeko.
Gripearen erdian, presidenteak hainbat mezu eman dizkigu telebistatik zuzenean, bere irudia indartzen lagundu dutenak. PANek bere kanpaina aldatu du, eta oraingo mezuetan, «zure presidentea lagundu ezazu» esaldia sartu dute, krisia modu zuzenean baliatuz.
Baina hipotesi guztiek bere argudio sendoak dituzten arren, egia, agian, askoz sinpleagoa da.
Mexiko huts egin duen estatu gisa aipatu izan dugu aurrekoetan. Mexikon dena doa okerrera, politika eta interes ekonomikoak guztiz lotuta daude, baina ez Estatu espainolean edo Euskal Herrian dauden eran.
Gure herrian, politikariak enpresen txotxongilo huts dira, eta Mexikon, aldiz, politikariak dira enpresariak, eta harreman eta lotura ezberdinen bidez, enpresari bakoitzak PAN, PRI edo PRD erabiliko dituen bezala, alderdiek ere enpresak erabiltzen dituzte. Gainera, negozioa egiteko modurik onena alderdi politiko bat sortzea da, IFE edo Hauteskundeetarako Batzorde Federalak sekulako dirutza ematen baitie alderdiei. Horrek, ustelkeria oraindik eta gehiago zabaltzen du, estrategia globaletarako ikuspuntua okertzen du eta kaosa bultzatzen. Kaos horretan, politikariak eta enpresariak dira etekin ekonomiko erraldoiak lortuko dituztenak.
Duela hilabete, Mexikoko estatu batean, PANek afari bat antolatu zuen bertako hautagaiaren kanpainarako dirua lortzeko. Afaltzera joan zenetako batek esan digunez, 6.000 euro eman behar izan zituzten afari horretan egoteko; 100 lagun bildu ziren, eta aurrez inork ez bazekien ere, Fox presidente ohia iritsi zen bertara, hitzaldi bat ematera.
Foxek zera esan zuen, munduan eta Mexikon, aberatsak eta pobreak zeudela, eta ez zela beren errua beraiek aberatsak izatea. Ondorioz, aberatsentzat politikak bultzatu behar zituztela, politikan inplikatu behar zutela eta PAN zela tresnarik onena horretarako.
Munduaren ikuspuntu hau dutenak dira Estatu erraldoi hau gobernatzen dutenak, krisi ekonomikoa eta gripearen krisia kudeatu dutenak.
Mexikon milaka eta milaka lagun hiltzen dira urtero gripe arrunta dela-eta (datu batzuetan 40.000 pertsona direla ikusi dugu). Populazioaren sektore ahulenak dira gripeaz hiltzen direnak. Orain ere, iduriz, hil diren pertsonak bestelako arazoak tartean direla hil omen dira, gehienak, Houstonen hil zen haur mexikarra kasu, biriketako gaitza zuena.
Hartara, gertatu dena, askoz sinpleago ere izan liteke. Guztiz desegituratuta dagoen Estatu batean, non osasungintza sistema negargarri hutsa den, gripe bortitz batek zenbait pertsona hiltzen ditu.
Ikerketa zentro egokirik ez dutenez, gripe berriaren arrastoak bilatzen denbora gehiegi galdu dute, eta konturatzerako, izuaren aurrean, gehiegizko neurriak hartu dituzte horien eraginetako asko ondo neurtu gabe. AEBetan Barne Produktu Gordinaren %3 ikerketa zientifikora bideratzen da; Mexikon , soilik %0,4, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea duten estatuen artetik azkena. Gabezia estruktural izugarria duen estatuan gertatu dira heriotzak, gripearen eztanda eta kontrol eza.
Beraz, laburbilduz, gripe krisiak agerian utzi dituen ondorio nabarmenenak hauek izan dira. Batetik, kapitalismoak pertsona ukatzeko eta ezabatzeko duen indarra agerian geratu da; honen adibide ditugu mundu mailan mexikarrei buruz sortu diren xenofobia ekintza guztiak (mexikarrek oso gaizki hartu dituzte neurri hauek guztiak. Adibide bezala, Txinak hartu duen jarreraren ondorioz jatetxe txinatarrei egin dieten boikota); baina ez hori bakarrik, Mexikoko hainbat ospitaletan jende txiroenari behar zuen tratamendua emateko izan diren arazoak; era berean, hildakoen senideen aurkako arrazakeria ekintzak izan dira. Bigarrenik, kapitalismoak berak sortzen dituen desoreka itzelak, mundu osoan; AEBetan kutsatu kasu gehiago daude baina hildakoak hiru dira; Mexikon, berriz, 50 hildakora hurbiltzen gara.
Hirugarrenik, PANek izan duen abilezia krisia kudeatzeko, bere baldarkeria ezkutatu eta hainbat helburu lortzeko. Laugarrenik, PRI eta PRD nola geratu diren guztiz joko kanpo krisiaren erdian.
Egun, bi arazo nagusi daude, gripe krisiak sortuak. Batetik, langabezia (Cancunen turismo jaitsiera dela-eta 10.000 lagunek galdu dute lanpostua). Bestetik, gripea komunitate txiroetara iristen ari dela, eta Chiapasen lehen kasua antzemana denez, aurreikustekoa da bertan dituzten baliabide eskasekin hildakoen kopuruak gora egitea. Mexikok aurrera egingo du, baita mexikarrek ere. Egunetik egunera, ohiko albisteetara itzultzen ari gara. Atzo hiru nekazari indigena hil zituen Poliziak Oaxacan; Barne Produktu Gordinak 4,5ko beherakada izango du 2009. urtean; Chiapas, Oaxaca eta Guerreron Armadak eta Poliziak nahierara jarraitzen dute, EZLNk salatu duen bezala; Beijingeko Olinpiar Jokoetan dominak irabazi zituzten mexikarrei, fondorik ez zuen txeke batez ordaindu zieten dominagatik hitzartutakoa; eta abar luze bat.
Aurrekoan genioen izugarrizko beldurra eta haserrea zirela nagusi Mexikoko kaleetan. Hauteskundeak izango dira uztailaren 5ean, eta PANek inkestetan gora egin du. Orain, beldurra gutxitu da, baina haserrea hor dago. Ohi bezala, haserre hori haizeak eramango du, hurrengo krisialdira arte.




