-

Jose Angel Oria

2009ko Maiatzaren 15a

A/H1N1 gripearen aroan beste gaixotasun guztiak lotsatuta geratu direla dirudi, inork jaramonik egiten ez diela. Horrexegatik begiak zabal-zabalik jarri zizkidan Egipton bederatzi milioi lagunek C hepatitisa daukatela irakurri nuenean. Datozen urtetan horietako milaka pertsona hilko dira, gibel transplantea egiten ez bazaie, Cam McGrath kazetariak sinatu eta IPS agentziak banatutako artikulu baten arabera. Gaiari buruz datu gehiago eduki nahian, bilatzailean jarri nuen gaixotasun horren izena. Europa Pres agentziaren arabera, «bere kasa desagertuko da C hepatitisa», gaixo batek beste pertsona bat kutsatzea oso zaila omen delako. Manuel Garcia Bengoetxea Donostiako erietxeko medikuak esandakoak jaso zituen hedabideak. Gaiari buruz asko dakien pertsonak hori esan duenez, Egiptokoa ulergaitzagoa egin zitzaidan.

Horrelakoetan, informazio gehiago biltzea bezalakorik ez dago. C hepatitisa zer den berria.info webgunean aurkitu nuen, Ramon Cisterna Basurtoko ospitaleko medikuaren hitzetan, orain bost urte argitara emandako testu batean: «Batez ere gibeleko zelulei eragiten dien birus batek eragindako infekzioari deitzen zaio C hepatitisa. Izatez, nahiko birus berezia da, eragiten duen infekzioa kronikoa eta iraunkorra bilakatzen delako, arintzen ez dena. Neurririk hartzen ez bada, beraz, gibela hondatzerainoko kalteak eragin ditzake denborarekin. Hasieran eragina txikia da, sintomarik ez du, eta ez da, beraz, antzematen. Denborarekin baina, kronikoa bihurtzen da, eta 10 edo 15 urtean zirrosi bihurtzeraino hel daiteke. Hainbat kasutan, gainera, gibeleko minbizia sortzeraino garatzen da», medikuaren arabera.

Egipton orain gertatzen ari dena ulertzeko, beraz, orain urte batzuk egindako «bekatua» ezagutu behar. IPSkoek Mostafa Kamal Mohamed Kairoko Ain Shams Unibertsitateko irakaslearengana jo zuten. Berak esplikatu duenez, 60ko eta 70eko hamarkadetan egin zuten osasun kanpaina bat dago gaurko arazoaren atzean. Batez ere nekazariek jasaten zuten esquistosomiasis izeneko gaixotasunari aurre egiteko, injekzioak jarri zizkieten egiptoarrei. Garai hartan behin erabili eta botatzeko xiringarik ez zegoenez, C hepatitisarekin kutsatu zituzten milaka pertsona. 1982an amaitu zen esquistosomiasisaren aurkako kanpaina, eta handik bost urtera aurkitu zuten C hepatitisaren birusa. Beste hamar urte pasa ziren Egiptok duen gibel gaixo kopuru ikaragarria injekzio haien eragina dela jakiterako. Hala ere, egiptoar gehiago kutsatu da geroztik, «jendeak ez baitaki odolarekin aritu ahal izateko zein neurri hartu behar diren», Kamal doktoreak esan duenez. «Egiptoko birus lehergaia eztanda egitera doa. Medikuek egin dituzten kalkuluen arabera, urtean 30.000 egiptoar hiltzen dira C birusarekin lotura duten gibel arazoen eraginez, eta kopuru horrek gora egingo du», agentziak dioenez.