Irlandako ekonomia, ikaragarrizko hazkundea ezagutu ondoren, gaixo zegoela esaten genuen orain bi urte. Orain okerrera egin du, mundu osoa astindu duen krisiaren eraginez. Uhartearen kasuan, gainera, Barack Obama AEBetako presidente berriak hartu dituen hainbat neurri ekonomikok gaixotasuna larriagotu besterik ez dute egin.
Soledad Galiana-Iñaki Irigoien
2009ko Maiatzaren 15a
Orain bi urte Celtic Tiger edo Tigre Zelta gaixotzen ari zela esaten genuen. Sukarrak, krisiak, hauteskundeak, buruhausteak eta abarren ondoren, Barack Obama AEBetako presidentea gauza bakoitza bere lekuan jarri nahian iritsi da: «Atzerrian lan egiten duten AEBetako konpainiei ez diegu onartuko beste herrialde bateko zerga murrizketak beraien probetxurako erabiltzea, horien etekinak ez baitiete inolako mesederik egiten estatubatuarrei». Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako konpainia batek ez zuen zergarik ordaindu behar kanpoan lortutako etekinengatik, diru hori atzerriko ordezkaritzatan inbertituz gero. Irlandako ekonomiak asko eskertu zuen bere garaian aukera hori, baina orain gauzak erabat aldatu dira eta gaixotzen ari zena orain koma egoeran dagoela esan daiteke.
Orain bi urte idatzitakoa berriz irakurtzea oso ariketa harrigarria izaten da batzuetan. Kanpoko inbertsioak barra-barra iritsi baziren, etorri ziren bezain azkar joaten dira orain. Europa osoko konpainia ugarik Irlandan kokatu zituzten beraien bezeroei zuzendutako zerbitzuak, eta orain alde egiten ari dira, garai batean herrialdeak eskaintzen zituen erraztasunak amaitu egin ziren-eta. Konpainia multinazionalek murriztu egin dute Irlandan egiten duten produkzioa, instalazioak erabat itxi ez dituztenean. Nora joan dira? Afrikara? Asiara? Badirudi Europatik ez irtetea nahiago dutela eta Polonia aukeratu dutela beraien negozioarekin jarraitu ahal izateko. Hemendik urte batzuetara ikusi beharko dugu Polonia eta Europako ekialdeko beste estatuetatik nora joaten diren.
Gaur egin eta bihar desegin
Ekonomia ziztu bizian zihoanean ikusitako gauza batzuk ezin ahaztu. Esaterako, Irlandako ordenagailu lantegi batean lan egiten zuten hiru lagun euskaldunek kontatutakoa. Lantegia beti zegoen lanean, zerbait «ekoizten», edo horren itxura egiten behintzat. Ordenagailu bakoitzak bere zenbakia edo kodea izaten duenez, behin baino gehiagotan ikusi zuten bezperan muntatutako ordenagailua berriz desmuntatu egin behar zutela. Gaur egindakoa, bihar edo etzi desegin. Eta sekulako etekinak bildu, gainera. Zerga politikak lortutako «miraria». Litekeena al da? Nolaz?
Aldi berean, AEBetako instalazioetan sekulako ordenagailu kopurua egin eta esportatzen zuten, ia etekinik lortu gabe. Goian aipatutako AEBetako zerga politika dago fenomeno harrigarri horien atzean. «Kontularitza kreatiboa» esaten zaio gauzak horrela egiteari, ez baita legez kontrako ezer egiten, legeak eskaintzen dituen zirrikitu guztiak erabili baizik.
Tamalez, herritarrak ez die jaramonik egiten horrelako gauzei bere egoera ona bada, poltsikoan diru pixka bat izanez gero. Gauzak ondo doazenean, inork ez dio esan nahi erregeari biluzik dagoela. Baina errege hura, Irlandako ekonomiak orain urte batzuk ustez zuen sasoi paregabea, erabat biluztu da eta... orain komeriak!
«Soldata txikikoak larri, eta aberatsak primeran -idatzi genuen GAUR8n orain ia bi urte-. Irlandako Bankuak egin duen `Herrialdeko Ongizatea' izeneko txostenak ematen dituen datuen arabera, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen artean, Irlanda da, proportzionalki, dirudun gehien hartzen dituena, 30.000 inguru».
OCDE erakundeak berak oso bestelako zenbakiak eskaini berri ditu. Maiatzaren 6an ezagutarazi zituzten datuen arabera, OCDEko sei Estatuk deflazioa eduki zuten martxoan: Irlandarekin batera, AEBek, Estatu espainolak, Portugalek, Suitzak eta Japoniak. «Prezio-maila orokorraren jaitsiera» da deflazioa, Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera. Beraz, langileontzat gauza ona dirudi. Baina hiztegiak berak eransten duenak ez dirudi hain ona: «Inflazioaren kontrako fenomenoa da, eta publikoaren esku dauden aktiboak gutxitzeko politikaren ondorioz edota depresioak eraginda eskaera asko jaitsi delako gertatzen da». Beraz, deflazioak langabezia ekartzen du, eta hori, noski, beti da txarra langileontzat.
Goian aipatutako sei herrialde aberats horien artean, prezio-maila orokorraren jaitsierarik handiena Irlandak izan zuen, %2,6koa, sailkapen horretan bigarren postuan dauden AEBak (%0,4) baino askoz ere gehiago. Energiaren salneurriak behera egin izanari egotzi diote adituek deflazio hori. Islandia egongo litzateke sailkapeneko beste muturrean, bertan sekulako inflazioa izan baitzuten martxoan, %15,2koa, iparraldeko uhartean elikagaiak ikaragarri garestitu baitira, %27 baino gehiago.
Egungo Irlandako argazkia egiteko nahikoa litzateke orain urtebeteko irudi bat hartu eta hankaz gora jartzea. Lehen bankuak joaten ziren herritarren atzetik, dirua eman nahian. Kredituaren %100a lortzea ez zen hain arraroa izaten, eta kreditu txartelak lortzeko sekulako erraztasunak izaten ziren. Orain, aldiz, bankuek ez dute krediturik ematen, ezta zuzendariaren amari berari ere!
Orain urte batzuk esaten zen harrigarria zela Irlandako ekonomia horrenbeste haztea. Urtean %7,6ko hazkundea izan zuen 1993 eta 1998 artean. Hurrengo urteetan ere ekonomiak gora egin zuen: %7 inguru urtean. 1993an %10ean zegoen langabezia tasa %4ra jaitsi zen 2004rako; aurten, aldiz, %14ra iritsiko da adituen arabera, orain gora egiten ari baita tasa hori, Dublinen bertan langabetuei zuzendutako zerbitzuen bulegoetan ere ikus daitekeenez.
Orain urte batzuk nabarmentzen zen zenbat etxebizitza berri eraikitzen ari ziren. Orain, berriz, zenbat etxebizitza saldu ezinik geratzen diren zenbatzen da. Krisi garaia oso gogor dator Irlandara, agian beste inora baino gogorrago.
Irlanda Euskal Herria bezain katolikoa dela esan izan da, katolikoagoa ez bada. Euskal Herrian bezala, umeen lehen jaunartzea sekulako festa bihurtzen dute. Orain arte, krisiak gauzak aldatu dituen arte alegia, familia normal bateko haur batek 4.000 euro inguru poltsikoratzen zituen egun horretan, senideek-eta emanda. Jaia hotel bikain batean egiteko joera nagusi zen, musika 400 eurotik gora ordainduta. Zuri-zuri ezin joan, eta solariumen bat bisitatzea ia derrigorrezkoa izaten zen. Apainketa lan guztiak profesionalen esku uzten ziren, baita auzo pobreetan ere. Auzo aberatsagoetan, kopuru horiek bikoiztu edo hirukoiztu egiten ziren, normalean. Orain, berriz, «Jainkoa berraurkitu» egin dute Irlandako katolikoek: bigarren eskuko gauza ugari, festa etxetik irten gabe antolatzen da eta opari txiki batzuk egiten zaizkio umeari. Alde ederra zortzi urte iaz izan edo aurten betetzea!
Bilakaera hori migrazioaren inguruan ere oso garbi ikusten da. 80ko hamarkadan uhartetik lan bila joan ziren gazteak, kasu askotan, hurrengo hamarkadan itzultzen ziren. Berriz alde egiten hasiak dira.




