Gasteizko Gobernuko Immigrazioko zuzendari izandakoak milaka istorio entzun ditu. Urruti abiatu eta urruti amaitzen diren bidaiak, txarretik hobexeagora egin nahian hasitako bideak. Orain, istorioak entzutetik istorioak kontatzera pasa da. Entzundakotik asko ikasi duelako.
Amagoia Mujika
2009ko Maiatzaren 08a
Betidanik erakarri izan du ikus-entzunekoen munduak. Hain juxtu, Euskal Herrira Informazio Zientzietako ikasketak egitera etorri zen 1991. urtean. Euskal Herriko Unibertsitatean Publizitatean lizentziatua da eta Nazioarteko Harremanetan eta Nazioarteko Kooperazioan diplomatua. Duela 43 urte Afrikako Beningo errepublikan jaioa, 2001 eta 2006 urteen bitartean Gasteizko Gobernuko Immigrazioko zuzendaria izan zen Omer Oke.
Lakuako lanak alboan utzita, zinemagintzaren munduan hastea erabaki zuen. Orain, berak sortutako Socialprod ekoizpen-etxean ari da lanean. Txarli Llorenterekin batera “Querida Bamako” filma izan da zuzendu duen lehendabiziko lana. 2007ko Donostiako Zinemaldian estreinatutako filmak ibilbide polita egin du gainera. Oraintsu, apirilaren amaieran, Kuban Gibarako Zine Pobrearen Jaialdian fikzioko luzemetraia onenaren saria lortu du. Aitzakia polita Omer Okerekin immigrazioaz hitz egiteko.
Gainera, bere bigarren filma, “La causa de Kripan” dagoeneko postprodukzio fasean dago eta iraila inguruan jaialdietan aurkezteko moduan izatea espero du.
Kuban jasotako saria garrantzitsua izan da, ezta?
Oso sari garrantzitsua da, egindako lanaren nazioarteko aitorpen bat delako. Horrek erakusten du lanaren kalitatea ona dela eta, gainera, lantzen duen gaia garrantzitsua eta izaera unibertsalekoa dela. Niretzat, pertsonalki, garrantzitsua da ikus-entzunekoen munduan hasi dudan bidea ez delako erraza. Oso mundu zaila da hau eta horrelako sariek indarra ematen dute.
Betidanik gustatu izan zaizun mundua da hala ere.
Bai, betidanik erakarri izan nau. Batez ere, niri gauzak kontatzea gustatzen zaidalako. Gauzak modu askotan konta daitezke eta nik ikus-entzunekoen lengoaia aukeratu dut. Egun, gizartean irudiak sekulako garrantzia dauka eta mezua ahalik eta publiko zabalenari iritsarazteko modu eraginkorra dela iruditzen zait. Baina asko kostatzen da, bai dirutan eta bai ahaleginean, eta dauden laguntzak eskasak dira.
Filmak Moussak Afrika «beltzetik» Europaraino egiten duen bidaia kontatzen da. Immigrazio prozesuan zati oso ezezaguna da bidaiarena.
Oso zati ezezaguna da bidaiarena. Albistegietan eta egunkarietan Gibraltarko itsasarteko istorioak agertzen dira, zenbat jende iritsi den eta zenbat hil diren kontatzen da. Eta, ondoren, etorkinak kalean ikusten ditu jendeak eta askok pentsa dezake besterik gabe autoa edo hegazkina hartu eta hemen agertu direla. Nik lan asko egin dut etorkinekin eta istorio asko eta asko entzun ditut. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua Afrika beltzetik datozenek egin duten bidaia ezagutzera ematea. Immigrazioaren zati hori kontatu egin behar da eta horrek, agian, Afrika beltzetik datozenak hobeto ulertzen lagun dezake. Izan ere, Ekuadortik datorrenak edo Afrika beltzetik datorrenak ez dute bide berdina egin behar, ez datoz errealitate berdinetik, nahiz eta gero, hemen, bizi duten egoera berdina den. Izan ere, behin helmugako herrialdera iritsita, etorkinak beste bide bat abiatu behar du; gizarteratzearen eta elkarbizitzaren bidea. Eta hori ere ez da erraza.
Etorkinak egindako bidea ezagutzea garrantzitsua iruditzen zaizu.
Bai, bidea ezagutzeak eta ulertzeak Afrika beltzeko etorkinak begiratzeko modua alda dezake. Hauek ez dira abenturazaleak, ez dute erabakitzen bat-batean goiz batean –Europako miragarriak telebistan ikusi eta gero–, abentura izugarri bat abiatzea. Bidaia luze bat ulertzeko lehendabiziko urratsa ulertu behar da lehendabizi. Lehen pausua ematea ez da batere erraza, horretara bultzatzen zaituen arrazoi oso potolo bat izan behar baita aurretik. Eta erabaki horiek, gainera, adostuak izaten dira, senideekin eta lagunekin adostuak.
Behin erabakia hartuta eta bidea abiatuta, bidearen etapa bakoitzean bada dena bertan behera utzi eta buelta emateko arrazoirik. Baina, hala ere, etorkinek aurrera jarraitzen dute. Zergatik? Bidea zaila izan arren, helmugan zain dutena atzean utzi dutena baina hobea dela uste dutelako. Jende horrek sekulako fedea dauka bere helburuetan eta beren egoera hobetzeko itxaropen itsua dauka. Horregatik jarraitzen dute aurrera bidean, nahiz eta zaila eta zalantzazkoa izan.
Nork edo zerk sortzen du itxaropen itsu hori?
Nagusiki beren herrian bizi duten egoerak sortzen ditu iguripenak. Jendea etsipen egoera izugarrian bizi da, ez du etorkizunik ikusten eta bila abiatzen dira. Egoera oso gogorra da, gurasoak gaixotzen ikusten dituzte, eta ez dute laguntzeko baliabiderik; anai-arrebak eta seme-alabak gosez ikusten dituzte, eta ez daukate nola lagundu. Aukerarik gabeko ingurune batean bizi dira eta biziraupen senak bultzatzen ditu etorkizun hobeago baten bila. Bestetik, Mendebaldeko oparotasunaren eta gehiegikeriaren gaineko informazio asko iristen zaie etengabe. Ez da ahaztu behar gaur egun komunikabideak globalizazio elementu garrantzitsuak direla. Eta, azkenik, lehendik bere herria utzi duten etorkinek dirua eta beste gauza asko bidaltzen dizkiote familiari eta horiek hobexeago bizitzea lortzen dute. Eta hori ere ikusten da. Mendebaldean aukera gehiago daudenaren ideia indartzen duten elementu asko daude.
Eta aukera gehiago al daude?
Zalantzarik gabe. Han, Afrika beltzean, ez dago batere aukerarik. Ezereza beti gaindi daiteke. Egia da, hala ere, hona iristen direnean egoera ez dela espero zutena, askoz zailagoa dela. Horregatik esaten dut behin helmugako herrira iritsita, beste bide bat hasten dela, aurrekoa bezain zaila.
Harrera herrialdean immigrazioa konpondu beharreko arazoa bezala ulertzen da. Ikuspegi nahiko okerra, ezta?
Bai, hala gertatzen da. Pentsatzen da etorkina herrian dauden laguntza sozialak jasotzera datorrela eta hori guztiz okerra da, etorkinak harrerako herriari ematen diona kentzen diona baino askoz gehiago delako.
Hala ere, herritartasun terminoetan pentsatu nahi badugu, ezin dugu hartu eta eman horietan mugitu. Gizartea bertan bizi garen guztion artean nola eraiki pentsatu behar dugu, hori da gakoa. Hori da, nire ustez, egun bizi ditugun arazoak ekiditeko modu bakarra. Eta arazoaren iturria gu eta haiek bereizten dituen pentsaeran dago. Gu eta haiek termino horietan pentsatu beharrean denen artean gizartea eraikitzeko helburua finkatuz gero, asko aurreratuko genuke.
Egia da, hala ere, politikariek ere bultzatzen dutela pentsatzeko modu hori. Eta herritarren begietara batzuek berezko eskubideak dituzte eta besteek, ez. Gizarte bat une horretan bertan bizi diren herritarrena da. Hori benetan sinistuz gero, ez genituzke ditugun arazoak izango.
Euskal Herriak egoera berezia bizi du. Zer nolako harrera herria da?
Immigrazioaren egoera berdintsua da toki guztietan. Egia da, hala ere, Euskal Herrian badirela berezko berezitasunak eta horiei esker, etorkinen kolektiboak baditu abantaila batzuk Madrilen edo Bartzelonan bizi direnekin alderatuz, adibidez. Izan ere, oraindik ere kopuruz gutxi dira hona etortzen diren etorkinak –beste herrialde batzuekin alderatuz–. Gainera, ezkutuko lana ez dago oso garatua. Egon badago, baina beste leku batzuetan baino askoz gutxiago. Horrek ez du esan nahi, hala ere, esplotaziorik eta baldintza kaskarrik ematen ez denik. Egoera txarrena etxeko-lanetan eta zaintza lanetan daudenek sufritzen dute. Izan ere, sektore horretan ez dago duintasunik, ez errespeturik. Etxeko-lanen eta zaintza lanen sektorea erregularizatuko duen eta duinago bihurtuko duen legedia baten hutsunea oso nabarmena da.
Krisiak zer nolako eragina izan du orain artean?
Politikariak oso arduragabeak izaten ari direla uste dut. Krisia etorri da eta lehenengotako neurria etorkinak bueltan bere herrietara bidaltzen saiatzea izan da, hartara, ez dute langabezia kobratuko. Baina, lan egin dute eta kotizatu egin dute. Zergatik ez dute langabezia kobratu behar? Eta ez dute lana egin bakarrik, gizarte honetan bizi dira, harremanak egin dituzte... Nola hausten dira lotura horiek egun batetik bestera? Etorkinari gizartean integratzeko ahalegina egin dezan eskatu zaio, baina, krisia etorri eta bota egin nahi da. Orduan, zertarako egin du etorkinak bertakotzeko ahalegina, orain hemengoa ez dela esateko? Gizartean zabal daitekeen mezurik arriskutsuena da hori, noiz eta herritar guztiak bereziki kezkatuta eta larrituta dauden une batean. Xenofobia eta arrazakeria zabaltzeko modu oso arriskutsua da hori. Eta, noski, galdera derrigorrezkoa da: orain arte integrazioaz eta elkarbizitzaz ari zirenak, benetan sinesten al zuten esaten zutena?
Politikariez ari zarela, zu ere izan zara Gasteizko Gobernuan. Nola gogoratzen duzu etapa hori?
Aukera asko zeuden garai bat bezala gogoratzen dut, immigrazio politika txukun bat egiteko aukera bezala. Uste dut gauza askotan asmatu genuela. Egia da, hala ere, horrelakoetan marko batean sartu beharra dagoela eta gauza asko eta asko ezin direla nahi bezain urrutira eraman. Tamalez, eremu ezkertiarrenetan eta aurrerakoienetan ere mugak jartzen zaizkio proiektu askori, ausartegiak jotzen dira. Eta, noski, galdera da ea benetan sinesten dugun esaten dugun guztia. Benetan ba ote dagoen borondaterik esaten den guztia aurrera eramateko. Politikoki zuzenaren marran geratzea gustatzen zaigu eta errealitatea beste gauza bat da.
Bide luzea al du egiteko euskal gizarteak integrazioaren norabidean?
Arazoa ez da euskal gizartearena. Gure gizartea mundu global bateko parte da eta iristen diren eraginak ez dute laguntzen aldaketaren bidean. Benetako aldaketa behar da baloreetan; bestea hartzeko moduan; nonbaitekoa izateko sentimendua bizitzeko eran; etortzen denak eskubide eta betebehar berdinak dituela ulertzean... Izan ere, etorkina noiz arte da etorkin?
«Etorkina euskararentzat arrisku bat dela uste dutenak oker daude»
Euskal Herriak badu hizkuntza propioa eta kultura propioa. Nola bizi du egoera hori hona etortzen denak?
Sektore batzuek uste dute etorkina arrisku bat dela euskararentzat eta oso oker daude. Etorkinak ez dauka bertako batek baino arrisku handiagoa euskararen egoerari dagokionez. Hizkuntzak ez dira inoren ondasun, guztien ondasun baizik. Herritarrok hizkuntza guztiak defendatu behar ditugu eta haien biziraupenaren alde lan egin behar dugu. Kontua da euskara, denon ondasun gisa beharrean, elkarren aurka aritzeko tresna modura erabiltzen dutela politikariek. Hauteskundetako arma modura erabiltzen dute. Beraz, euskararentzat benetako arriskua horiek dira, euskara enfrentamendurako tresna modura erabiltzen dutenak. Baina askok, horien kontra egin beharrean, etorkinaren kontra egiten dute, ahulenaren kontra.
Etorkinari eskaintzen al zaio euskara ikasteko modurik?
Gaur egun ez dago etorkinari harrera egingo dion hizkuntza politika txukun bat. Hezkuntza Sailak etorkinari Helduen Hezkuntzarako (HHE) zentroetan gaztelerazko aukera baino ez dio eskaintzen. Nola da posible hori? Finean, zentro horiek herriaren aurkezpen txartel modukoak dira eta horietan garbi esaten zaio etorkinari ikasi behar duen hizkuntza, hizkuntza garrantzitsuena, gaztelera dela. Politika hori ez du etorkinak diseinatzen, Hezkuntza Sailak baizik. Beraz, norena da ardura? Etorkinak ez du erabakitzen ez duela euskaraz ikasi nahi, izan ere, ez zaio horretarako aukerarik eskaintzen. ‘Bai, bai, herri honetan bi hizkuntza daude baina zuk ikas ezazu gaztelera’, esaten zaio.
Eta horrek, gainera, etorkinaren aukerak murrizten ditu.
Noski. Hizkuntza integraziorako tresna oso garrantzitsua da, bai elkarbizitzarako eta baita lan mundura begira ere. Horregatik bada garaia euskararen inguruko politika serioak martxan jartzeko. Badira borroka politikorako hamaika esparru, baina euskarak ezin du horietako bat izan. Euskara, nire ustez, Estatu gaia da, ukiezina. Egin dezagun euskara beharrezko hizkuntza bat eta lan egin dezagun guztiok hori horrela izan dadin. Baina ez dezagun euskararen etorkizunaren ardura ahulenaren bizkar gainean jarri, beste gauza askotan gertatzen den bezala.




