-

Joxe Rojas

2009ko Maiatzaren 07a

Euskarazko albistegi berri baten jendaurreko estreinaldiak eztabaida interesgarria piztu zuen aurrekoan euskarazko komunikazioan diharduten zenbait lagunen artean. Ezer larririk ez (ustez, behintzat), baina bai buruari astindu bat eman eta lotan zeuden hainbat kezka eta zalantza esnatzeko beste.

Zer tamaina du euskarazko komunikazio esparruak? Zenbat espezieri eusteko ahalmena du bere «ekosistemak»? Norainoko «biodibertsitatea» jasan dezake? Aipatutako eztabaida horretan, haren antzeko beste hamaikatan bezala, bi postura nagusitu ziren: batetik, badira lehia beti onuragarri suertatzen dela defendatzen dutenak, eta beraz, ona dela merkatuan jadanik dagoen euskarazko eskaintza baten antzeko beste bat egitea.

Beste zenbaiten ustez, ordea, euskarazko komunikazio merkatua txikiegia da, eta ez du bazka nahikorik antzeko espezie biren biziraupena bermatzeko. Ikuspuntu horretatik, merkatuan dagoen eskaintza baten antzeko beste bat egiteak bientzako gosea besterik ez dakar.

Nahikoa panorama kezkagarrira garamatzate jarrera biek. Har dezagun lehenengoa: formula batek ondo funtzionatu badu, jendearen gustuko bada eta sustatzaileari nolabaiteko onura ekarri badio, zergatik ez hartu, hobetu eta haren beste bertsio bat egin, merkatuaren logikari jarraituz? Komunikazio proiektu handien atzean enpresak egoten dira normalean, eta horien helburua badakigu denok zein den... Publikoaren ikuspuntutik, baina, emaitza txarra du horrek epe ertain-luzera: gogoratu bestela telebista guztietan kulebroiak modan jarri zireneko bolada, edo gustu eta kolore guztietarako reality showak han-hemenka loratzen hasi ziren beste hura. Dagoeneko probatuta dauden formulen hamaika enkarnazio ezberdin izango genituzke horrela, hiruzpalau egunkari generalista, esate baterako, denak ere oso antzekoak.

Beste muturra ere hor dago: gure esparruaren txikiaren beldurrez aritzeak ezin ezer onik ekarri. Euskara hutsezko telebista bakar bat izatera kondenatzen gaitu bigarren jarrera horrek, egunkari bakar bat, aniztasuna eta ildo editorial ezberdinak erdaretan bilatzera... Hori ere ez da oso panorama osasungarria.

Pentsa dezagun, esate baterako, euskara hutsezko bizpahiru egunkari ditugula, ezaugarri eta ildo editorial ezberdinetakoak. Idealena, zalantzarik gabe, «espezie» bakoitzeko hainbat arraza ezberdin izatea litzateke. Irakurleek gustukoen dutena aukeratu ahal izango lukete, eta horrexegatik hain zuzen ere, eskaintza bakoitza lehiakideak baino hobea izateko ahaleginak egingo lituzke.

Baina, ai!, errealitatean nekez topatuko dugu ideala den ezer: zenbat erosle potentzial daude, demagun, euskarazko hiru egunkariren artean banatzeko? Zenbat iragarle? Zenbat profesional? Hirurak mantentzeko adina? Bi? Bakarra? Eta hirurak mantentzearen ondorioa baldin bada, esate baterako, euskarazko kirol, moda edo dekorazio aldizkaria sortzeko baliabiderik ez egotea?

Kondenatuta ote gaude, beraz, eskaintza mota bakoitzeko euskarazko ale bakar bat izatera? Merezi ote du alor bakoitzeko produktu ezberdinak ateratzeko ahalegina egitea, gure merkatuaren mugak ezagututa?

Esango nuke garaia dela horretaz dakien norbait kalkulagailua eskuan hartuta eseri eta zenbakiak egiten hasteko: euskarazko merkatuaren ezaugarriak kontuan hartuta, zer kopurutan mugitu behar da euskarazko hedabide bat bideragarria izateko? Norainoko gastuak izan ditzake? Zenbat kontsumitzaile behar ditu? Zenbateko sarrera propioak? Zelako zabalkundea? Horrelako datu zehatzik ezean, eztabaida berean trabatuta jarraituko dugu etengabe, iritzietan soilik oinarrituta eta niri neuri, behintzat, aspergarri samarra iruditzen zait.