infraganti -

Koldo Mitxelenako ganbaran sartu eta berehala halako sosegua nabaritu dugu. Dena da zuria gure inguruan. «Elurtutako" paisaia dugu aurrean. Zuhaitz biluziak egin digu ongietorria, zurezko etxetxo batetik jaiotzen den zuhaitzak. Zerurantz doaz adarrak. Zeru zurira. Txori koloredunak daude adarretan.

Xole Aramendi

2009ko Maiatzaren 07a

K olunpioan kulunkan aurkitu dugu Elena Odriozola. Gora eta behera dabil, gustura, aurrean duen zuhaitzaren adarrei, adarretan dauden txoriei, begira. Ispiluaren aurrean dago txori bat, irakurtzen bestea, bakarka hemen aurrekoa, bikotean atzekoa...

Patxadan egoteko txokoa prestatu du marrazkilariak Donostian. Propio jarritako aulkietan eserita edo prismatikoen bidez txoriak gertutik ikusiz egon daiteke bisitaria. Ekainaren 13a bitarte dago irekita «Txoritxoak» erakusketa.

Lehenengo zuhaitzaren ideia etorri zitzaion. Egurrezko etxetxoa jartzearena ondoren. Txoriak atzetik. «Pixkanaka etorri da dena», kontatu du.

Aretoaren sabaia zuriz margotuta zegoen eta espazio osoa kolore berekoa nahi zuen. «Argi nuen margotu egin behar nuela, nire txori hauentzat zuria izan behar zuela». Honela egin du zoruan jartzeko arotzak egin dizkion oholekin ere.

Marraztea da Elena Odriozolaren ofizioa eta paperetik hiru dimentsiotarako bidean Javier Malavia eskultorea eta Juanjo Elola arotza izan ditu bidelagun. Bitxia da Odriozolaren marrazkiak nola gorpuzten diren eskultorearen eskuetan. «Marrazki bat ikusi zuen Ernest Lluchen egin nuen erakusketan. `Nik zure marrazkiak bi dimentsiotan ikusten ditut', esan zidan. Marrazki bat bidali nion eta ipuin bateko neska egin zidan. Erabat harrituta gelditu nintzen, nire marrazkia zen! Aurpegiera eta dena zeukan. Koldo Mitxelenako proposamena jaso nuenean beregan pentsatu nuen. Txoriak bidali nizkion, alde guztietatik marraztuta. Iritsi zirenenean... Espresioa eta dena zuten... Magia», kontatu du.

Gero berak eskuz margotu ditu txoriak eta puntillekin apaindu. «Primeran pasa dut», dio. Jolas modukoa izan da beretzat. «Esperimentatuz joan naiz».

Gauza gutxirekin ahalik eta gehien esatea da Odriozolaren helburua. Sinpletasuna bere aldarria. «Aldi berean gustatuko litzaidake kontrakoa ere egitea, baina gauza askorekin ezin dut. Egunean batean agian aldatuko da», adierazi du.

Egindako ehun txorietatik ia denak soberan zituela pentsatzera iritsi zen hasiera batean. «Ehun txori ditut puskatzen badira ere. Hasi nintzen jartzen eta ia denak soberan nituen. Dena margotuta, zuri, ikusi nuenean etxera joan eta bakarra jarrita nahikoa nuela pentsatu nuen. Baina gero 50 jarri ditut, 15 espezietakoak. Adar gehiago ere baditut, baina ez ditut guztiak erabili».

Haurtzarora garamatza askok txikitan amestu dugun etxetxoak. Bat-batean umetan izebak berari eta ahizpei egin zien etxeaz gogoratu da. «Kartoizkoa zen. Barrura sartu eta orduak pasatzen genituen. Izeba batek oparitu zigun. Berak margotutako koadroak genituen bertan».

«Bere» ganbaran jarri duenak leiho txikietatik begiratzera gonbidatzen du bisitaria. Barruan, txikitako etxe hartan bezala, koadro txiki bat ikus daiteke. Bertan, erakusketako txori hegalari bakarra. Elena bera.

Paperetik hegan egin dute txoriek ikusi eta ukitzeraino, baina honek ez du aldaketarik suposatu beretzat.

Aske sentitu da erakusketaren prestakuntzan. Idazle baten liburuari irudiak jartzen dizkionean ere sentipen bera izaten du. «Testuan dagoena hor dago. Ilustratzea ez da testuan jartzen duena egitea, justu kontrakoa da: urrunago joan behar da eta ikusten ez dena egin, beste zerbait. Ez da zaila. `Hau hemen jarri eta beste hori hor' esango balidate, `beste norbaiti esan' erantzungo nioke. Ez dakit egiten, beste baten buruan sartzea da», azaldu du Odriozolak.

Eta beretzat ezinezkoa da. «Noren buruan? Haurra? Ze haur? Hori eginez gero lan txarra egingo duzu. Nik pozik egon behar dut egiten dudanarekin eta ni pozik banago iritsiko da irakurlearengana. Nik nire buruan eta nire tripetan dagoena bakarrik egin dezaket, ez besterik. Beste norbaiten buruan sartzea ezinezkoa da», argitu du.

Publizitate agentzia batean lana egina da zortzi urtez. Eta horrek lagundu dio esaldi soil batetik abiatuta «beste zerbait» hori, hitzez azaltzen hain zaila dena, paper zurian marraztera.

Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarretarekin oso harreman berezia dauka, baina sorkuntza prozesuan ez du harreman esturik behar idazlearekin.

Lanerako materiala oharkabean aldatuz joan da. «Urteak dira akuarela ez dudala erabiltzen. Lehen akuarela erabiltzen nuen eta inguruak plumillarekin egiten nituen. Tinta kolore gehiago sartzen hasi nintzen eta ohartzerako akuarela kaxa ahaztuta zegoen. Gero akrilikoak erosten hasi nintzen eta konturatu naiz tinta ia ez dudala erabiltzen», azaldu du. Beretzat inoiz ez da aurrez hartutako erabakia. «Aldatzeko beharra sentitzen duzu eta etorri egiten da», dio.

Koloreak bizituz joan da. «Lehen askoz apalagoak ziren. Hemen ere hasieran txori asko urdinak, grisak, eta beixak ziren. Gero gorri batzuk egin nituen pixka bat bizitzeko», dio.

Pablo Nerudadren «Oda a una estrella» du orain eskuartean. Bartzelonako Los Libros del Zorro Rojo argitaletxearentzat ari da liburua ilustratzen. Hau bukatzean zain izango ditu Juan Kruz Igerabideren poemak. «`Gorputz osorako' poemak' gazteleraz emango dira argitara, bi liburutan. Oso lan polita da», esan du.

Etxean giro artistikoa bizi izan dute txikitatik Elenak eta bere bi ahizpek. «Amaren aitak, Pedro Berastegik, pintura enpresa zeukan. Handik kanpo eszenografiak egiten zituen. Etxeetan loreak margotzen zituen». Hiru ahizpetatik Elenak bakarrik jarraitu du margotzen. Aitak, Ignaciok, artearekin loturarik ez zuen lanbidea zuen baina detaile txikien bidez bultzada txikiak ematen zizkien alabei marraztu eta margotu zezaten. «Gogoratzen dut behin aitarekin eta bere lagun batekin mendira joan ginela, gouchekin margotzera -kontatu du-. Amaren etxean lagun batek berari egindako koadro bat zegoen. Nik kopiatu egin nuen. Aitak markoan jarri eta horman ipini zuen. Eta han jarraitzen du. Aita horrelakoa zen».

Haurtzaroa garai garrantzitsua da bere ustez. «Ume guztiek margotzen dute. Iristen da momentu, ez dakit zergatik, bat moztu egiten dena. Abilezia askotan ingurukoek bideratzen dizute eta erabakitzen dute ez daukazula».