-

Uxue Alberdi

2009ko Maiatzaren 07a

Beldurrak munstroak sortzen ditu, ez alderantziz. Umetan, gauaren erdian esnatzen nintzenean, ohetik salto egiten nuen komunera joateko. Ahalik eta jauzirik luzeena, metro eta erdi bai, munstroek orkatiletatik helduko zidatelakoan. Sinetsita nengoen ez neukala salto egitea beste irtenbiderik; ezin nuela burua ohe azpian sartu eta esan: irten zaitezte hortik, ez al duzue itolarririk sentitzen hor behean?

Munstroekin ezin baita hitz egin. Hori dute ezaugarririk behinena: haiekin ez du ezertarako balio eztabaidatzeak, negoziatzeak. Haiekin alfer-alferrik dira gure arrazoiak eta, okerragoa dena, emozioak ere bai.

Ohe azpiko munstroei buruzko eleberria da «Larrua hotz», Txalapartaren azkena. Pertsona batek ikusten duen paisaia, begiz kanpora, begiz barna ezkutatzen duenaren isla izan ohi da, irakurriko dugu. Munstroak ikusten baditugu, barrua munstroz beteta dugun seinale, alegia.

Uharte bat Antartidatik gertu (kilometro eta erdi luzetara: faro bat), edozein itsasbidetatik urrun. Aberriarekin desengainatuta, gizateriatik ihesi -egurats-teknikari lanak egitera- irlara iritsi den irlandar bat. Uhartean aurkituko duen gizaki bakarra: alemaniar basati bat. Munstroak. Hara, eleberriaren osagaiak. Bi gizaki inork aurkituko ez dituen leku batean. Ihes egitea ezinezko zaien kartzela natural batean. Urez eta gauero erasotzen dieten giza-anfibio itxurako munstroz inguratuta. Bi gizaki defentsiban. Bi gizaki inguratuta. Bi gizaki ohe batean, eta ohepea munstro asasinoz beteta. «Nola akabatu munstroak?», beste galderarik ez buruan.

Eta liburuari ginda jartzen dion elementua: munstroetako bat aberetu egin dute, maskota bihurtu. Eta are hobea: larrua jotzen diote ezkutuan, infidelitate anfibioak munstroen lurraldean. Ez barrerik egin: zuetako inork ez al dio sekula munstroren bati larrua jo? Kilimak egin? Ezetz? Ba, errazagoa da munstro batekin larrutan egitea hari begietara begiratzea baino.

Munstroak arrotzak baitira. Ez, barkatu: arrotzak munstroak baitira. Ez dakite arrazoitzen, ez dute sentimendurik, gorroto gaituzte, eta inongo logikarik gabe, gainera. Akabatuko ditugu?

Baina imajinatu, egun batez, ohean zaudela negar zotinak entzuten dituzula, haur baten intziri izutuen antzekoak. Demagun, burua ohepera makurtu eta munstro txiki bat ikusten duzula negarrez, besoekin belaunak besarkatuz, hain justu, zuk umetan egiten zenuen bezala, amak etxean bakarrik uzten zintuenean.

Larrua hotz.

Hala dugu denok. Esan dut lehenago: pertsona batek ikusten duen paisaia, begiz kanpora, begiz barna ezkutatzen duen irla izan ohi da.