Nagore Amondarain
2009ko Maiatzaren 07a
Askok eta askok bertsoak aterako zizkiguten dagoeneko Araban bizi eta lan egiten dugunoi. Joan den aste osoa jai izan dugu lurralde honetan, batean San Prudentzio dela, bestean Maiatzaren 1a dela, azkenean bi aitzakia baino ez apirilean zortzi lanegun bakarrik izateko orotara. Etxean geratzekoak ere ez garenez, gogoz hartzen ditugu antzeko notiziak eta beti dago Interneten, orduak eta orduak sartu ondoren, hegaldi merkeren bat erosteko aukera.
Senegalerako norabidea hartu genuen apirilaren hogeita bostean. Denetarikoak egon dira han; Dakar, Thies, Saint Louis, Mauritaniako muga, hondartzako area bustitik bizikletan... Baina lekuak baino garrantzitsuagoak izaten dira, herrialde horietan, bertakoen istorioak, ohiturak, janzkerak...
Euskal Herrian lan egiten duenik ezagutzeko aukera ere izango dugu; azken hilabeteetan ohikoa den bezala, etxera bueltatu dira opor txiki batzuk hartzera hemengo lan eza ikusita. Aronaren kasua da horietako bat, Saint Louiseko kaleetan egin genuen berarekin topo, te bat hartzeko bere etxera gonbidatu eta berba askoren ostean Euskal Herrira nola iritsi zen galdetu gabe alde egin dugu. Baina egon da aukerarik beste senegaldar bati galdetzeko eta bertan arrantzarako erabiltzen diren txalupetako batean iritsi zelan aipatu digu.
Saint Louis, iraganeko Senegaleko hiriburu izandakoa, arrantzale herri bat da egun. Arrain freskoz beterik etortzen dira txalupok, piloak eta piloak biltzen dira lurrean bertako emakumeak preziorik onenean tratua egin eta lehortzera eramateko zain. Ematen ez duen arren, asko jaitsi da arrantza azkenaldian, atzerriko negozioek tokia janda, zelan ez. Tristeagoak eta alaiagoak diren istorioekin bueltatu gara Euskal Herrira.
Bidaia baten ostean beti eskertzen da norbait zain izatea. Gurasoak Gasteizeraino etorri dira alabarekin bazkaldu eta bidaiaren gorabeherak entzutera. Gurasoek, atzerrian edo etxetik kanpo nagoeneko egonaldien ostean, egunkari honetako igandetako «Zazpika» gordetzeko ohitura ona dute. Apirilaren 26koa ere gordeta zuten, zelan ez.
Normalean biltzen garen tabernara egin dut gurasoak agurtu ondoren; poltsatik astebetez zaharra den «Zazpika» gehigarria atera dut. Senegaleko erreportaje eder bat, Europara bidean itsasoan hildakoei buruzkoa. Saint Lousetik 2.000 gaztek baino gehiagok alde egin zuten 2006an Kanariar uharteetara bidean. Askok euren senitartekoen zain jarraitzen dute, jakin barik bizirik edo hilda dauden dagoeneko, pentsatuz Espainiako kartzelaren batean dituztela preso, edo koberturarik eta Internetik gabeko negutegietan lanean dihardutela. Dagoeneko antolaturiko erakundeak daude Senegalen ihesaldi hauen beste aurpegia erakusten hasi direnak, alde egiten duten gazte horiek omen dira herrialdearen etorkizuna eta gazte horien formazioan eragiten ari dira egun. Gora tabernara, konturatu orduko gero eta beltz gehiago hasi da etortzen; ohartu naizenerako alboan nituen dozena bat edo. Mendebaldeko janzkera modernoekin, oinetako deigarrienekin eta lepoko bitxienekin agertu dira euren eguneroko zitara.
Senegalen kale bazterrean eta itzaletan egingo zuten zita, Gasteizen Gora tabernan, Hala Bedi tabernan edo Parralen izaten dira bertakoekin nahasian. Nahastea handiegia zen Senegaletik iritsi berria zen honentzat, bidaiaren ajeak, bidaiako mila irudi, «Zazpika»ko erreportajea, bertako etorkinak gurean, erreportajeko protagonista izan zitezkeenak alboan kafesnea hartzen... Istorio guztiek hari mataza handi bat sortzen dute lehenengo munduaren eta hirugarren munduaren artean.




