-

Korta oinutsik igo zen Arantzazura Kontxako Bandera irabazi zuenean. Benito Arin ordiziarra 57 urtez segidan joan zen oinez Arantzazura gaztetako promesa bat tarteko. Badira Aginagatik edo Villabonatik egun batean bi itzuli egindakoak. Korrika joandakoak gutxiago dira.

Joxean Agirre

2009ko Maiatzaren 07a

Arantzazuk badu magia moduko bat arimarentzat, baina badu baita erakargarritasun berezi bat ere kirolarientzat. Joan den hilaren 25ean hiru zarauztar iritsi ziren zazpi ordu eta hogei minutu korrika egin ondoren. Beteranoena Patxi Sanchez zen. Berrogeita hamar bat maratoi eginak omen ditu. Bost aldiz egin du Aizkorrikoa. Josetxo Larrea eta bere anaia Paulo zituen ondoan. «Egun horretan bertan Pagoetako mendi elkarteak antolatutako talde bat joan zen oinez. Azpeitian hamaiketakoa egiten ari zirela pasatu genituen», hasi zen kontatzen Paulo Larrea.

Paulo izan zen, Aizkorriko maratoirako entrenamendu gisa, bide hori egiteko aukerari buruan bueltak ematen hasi zena. «Patxiri aipatu nion eta berehala animatu zen. Gure kalkuluen arabera, 52,5 kilometro egin behar genituen. Aldiz, Zarauztik Urdainetara igo, Altzolaras jauregira jaitsi eta Aizarnara igo ginelarik, Lasaora jaitsi behar genuenean galdu egin ginen eta Zestoako Bainuetxera atera ginen; hortxe ordu erdi bat galdu genuen. Ni oinez bidea eginda nengoen, baina taldean zoazenean ez duzu arretarik jartzen», jarraitu zuen Paulo Larreak.

Urdaneta, Altzolaras, Aizarna, Zestoa, Lasao, Azpeitia, Oinatz, San Kristobal, Urretxu, Legazpi, Udanatik barrena joan ziren Oñatira. «Erritmo polita hartu genuen eta bide-galtze horren erruz ez balitz, zazpi orduan egingo genuen», erantsi zuen Patxi Sanchezek.

Goizeko zazpietan atera ziren eta ordu biak eta hogeian iritsi ziren. «Bazkal ordurako Arantzazun ginen. Askotan, jipoi handia hartzen duzunean, ez da jateko gogorik izaten, baina gu joan ginen erritmoan, mendi ibili gogor bat egitea bezala da eta arkume errea gogoarekin jan genuen. Alde horretatik Aizkorriko maratoia askoz ere gogorragoa da», esan zuen Paulok.

«Oso gustura ibili ginen eta datorren urtean errepikatu egin behar dugula esaten ari gara. Beharbada urte batzutan errepikatuko bagenu, klasiko bat bihurtuko litzateke», erantsi zuen Patxik. Patxi Sanchezek 100 kilometroko distantzian Estatu espainiarrean markarik onentsuenetakoa omen dauka. «Ultrafondista oso ona da», dio Paulok, Patxik berak ez baitu bere buruari merituak emateko asmorik. «Erritmo kontua da, erritmo egokia hartu eta eustea da kontua. Oso onak dira distantzia horiek zeure gorputza ezagutzeko», esan zuen azkenik.

Josetxo Larreak ere egina zuen bide hori oinez, baina Usurbilgo talde batekin. «Andatza, Adatzarrate, Iturriotz, Bidania aldera hartu, Murumendira jo, Ezkio, Zumarragatik barrena joan ginen. Bide luzexeagoa da», esan zuen.

Maiatzaren 24an jokatuko da Aizkorriko mendi maratoia eta egun horri begira ari dira entrenatzen. Igande honetan, esate baterako, Izarraizko maratoi erdia egitekoak ziren Patxi eta Joxetxo.

Josetxo eta Paulo zegamarrak dira jatorriz eta han dute oraindik familiako baserria eta sarritan biltzen omen dira. Patxi Sanchez umetan etorri zen Euskal Herrira Extremaduratik. «Zegamatik erromes joaten dira urtero Arantzazura eta etxean beti izan dugu giro hori. Aitona 80 urterekin joan zen Arantzazura», kontatu zuten bi anaiek.

«Nire aita artzaina zen Extremaduran eta etengabe ibiltzen ziren batetik bestera. Zortzi urte nituela etorri nintzen. Hogeita bost urterekin hasi nintzen korrika eta 52 dauzkat orain, baina ez dago mugarik gaur egun korrika egiteko. Nik ikusi ditut 80 urterekin maratoietan ibiltzen direnak. Gero eta beranduago hasten da jendea maratoiak egiten, 40 urte inguruan asko. Gazte gutxi dago. Batez besteko adina igotzen ari da», bota zuen Patxik. «40 urteko krisi existentzialagatik izango da», erantsi zuen Paulok.