Joseba Unanue eta Miguel Angel Villimar munduko dardo jaurtitzaile onenekin neurtuko dira. Chicagon dute hitzordua hil honen 21etik 25era bitartean. Ez da erronka makala baina bigarrenez doaz eta eskarmentuak balioko die, batez ere ehunka pertsonen begiradapean tenplea mantentzerako orduan. Dardoen sarean harrapatuta daude.
Xole Aramendi
2009ko Maiatzaren 07a
Tabernako zereginetan aurkitu dugu Joseba Unanue oriotarra. Horrelaxe hasi zen dardotan, barra atzean egiten dituen ordu luzeei tarteak lapurtuz.
Denbora-pasa gisa hasitakoa, benetako afizio bihurtu da, ostiral batean autoz Alacanterako bidea hartu, han partida jokatu eta etxerako buelta egitera daramana. Dianaren aurrean pasatako orduek eman dute fruiturik, Europako txapeldun izan baita hiru aldiz. Eta datorren hilean Chicagora doa Miguel Angel Villimar basauriarrarekin batera, han egingo den Munduko Txapelketan lehiatzera.
Bost urte besterik ez dira pasa eta egindako bidea nabarmentzekoa da. 2004an, probatzearren, Gipuzkoako Txapelketara joan eta ezustean irabazi egin zuten Aitor Subiñasek eta biek. Horrenbestez, Alemanian egitekoa zen Europako Txapelketarako txartela eskuratu zuten. Erabakigarria izan zen. «Hara sartu eta 200 makina ikustea, bertan zegoen giroa... `Nora etorri gaituk?' esan genuen. Han bertan Donostiako beste bi jaurtitzailerekin lauko taldea osatu eta laugarren sailkatu ginen. Ez ginen galtzetan sartzen», gogoratu du.
2006an Calellan, Katalunian, egin zen Europako Txapelketa. Laugarren geratu zen Unar Taberna Bereziya taldea. «Hogeitik gora joan ginen, koadrila majoa», gogoratu du. Gainera, bikoteka, Gorka Elizondok eta biek irabazi egin zuten amateur mailan. «Arratsaldeko 3etan hasi eta goizaldeko 3etan bukatu genuen. Ohera joan, hiru ordu lo egin -Gorka ohean geratu zen- eta bakarkako lehiaketara joan nintzen. Eta irabazi egin nuen», kontatu du, lasai-lasai.
2007ko maiatzean Chicagorantz abiatu ziren Unanue eta Elizondo, Munduko Txapelketara. 33. postuan sailkatu ziren. Urrian lehen aldiz master mailan jokatu zuen Europako Txapelketa, Playa de Haron, Katalunian. Laugarren geratu zen. «Valentziako jokalari batekin eztabaidan hasi eta kontzentrazioa galdu nuen. Etsigarria izan zen, ez bainintzen egoera kontrolatzeko gai izan eta partidatik irten bainintzen. Hong Kongeko Munduko Txapelketara joateko aukera galdu nuen», esan du.
Azken Europako Txapelketa Portugalgo Taviran izan zen 2008an. Binakako master kategorian garaile izan ziren Joseba Unanue eta Miguel Angel Villimar. Han ezagutu zuten elkar. «Bera Bizkaitik eta ni Gipuzkoatik gindoazen bakarkako lehiaketara. Elkarrekin aritzea proposatu ziguten. Animatu eta irabazi egin genuen», gogoratu du.
Ez zaio askotan gertatu, baina une erabakigarrian urduritu egin zen. «Dardotan, xakean bezala, nork bere estrategia izan ohi du. Partidak aurrera zihoazen heinean joan ginen gauzak erabakitzen. Berak nik baino esperientzia gehiago duenez, nik jarraitu egin nion eta finalera iritsi ginen. Orduan pixka bat kikildu egin nintzen, aspaldian gertatzen ez zitzaidana. Hemengo finaletara ohituta nago, baina han, bostehun pertsona begira, pantaila handian zure jaurtiketa ikusten dela...», azaldu du.
Lehiaketan ez dago txantxarik. «Goizeko 8etan esnatu eta 9etarako pabiloira joaten naiz. Han ordubete pasatzen dut berotzen jokatzen hasi aurretik. Gero, agian, goizaldeko ordu biak edo hiruak arte jokatu behar izaten dut. Luze joaten da. Ordu asko dira zutik eta hankek asko nabaritzen dute nekea. Hala ere, %80ean buruak irabazten du», esan du Joseba Unanuek.
Kontzentrazioa hain luze mantentzea da zailena. Berezko dohaina duen ala ez galdetuta, hurrengoa dio: «Orduak ere sartu behar dira. Partida bat edonork irabaz dezake, baina orduak sartu gabe ezin da txapelketa bat irabazi. Ligan bai, pare bat orduko kontua delako, baina txapelketa... Nik beti esaten dut plazagizona izan behar duzula. Hor erdian jarri eta begirada guztiak gainean dituzula jokatzeko gai izan behar duzu», gaineratu du.
Kirol begiralea da Unanue eskolaz kanpoko orduetan eta umeek eskatzen dioten pazientzia bere alde du. «Familian, gainera, asko dira ehiztariak...», esan du irribarrez.
Chicagon irabaziz gero, hiru mailatan garaile izan den Euskal Herriko lehenengo jokalaria izango da.
Unanuek adineko jokalariak izaten ditu inguruan. «Bada 25 urte jolasten daramatzanik. Nik, berriz, bost ere ez daramatzat. Gehienek 40 eta 60 urte bitartean dituzte. Zailduak daude eta ez da tabernako patxanga».
Apustuak ditugu hizpide. «Azken urteotan izan duen boom-a jokoan dagoen diruak eragin du. Batez ere AEBetan, Ingalaterran, Holandan, Alemanian eta Belgikan», azaldu du. Estatu espainoleko Mediterraneoko kostaldean ere hala da, ingelesak oporretara hara joaten dira eta.
Tresneria aldetik baino gehiago, bidaiek garestitzen dute dardo jokoa. Unanuek ez du babeslerik eta, taberna berea izanik, bere poltsikotik jartzen du dirua. Orioko Udalean eskatu du laguntza, baina ez du esperotako erantzuna jaso. «Europako Txapelketa irabazteagatik 300 euro eman dizkigu federazioak. Udalean eskatu dut laguntza eta 250 euro eman dizkidate. Kontutan hartuta bidaia ia 2.000 euro direla... Nahiko triste nago Udalarekin. Orain dela bi urte sailkatu ginenean gastuen erdia ordaindu ziguten, aurten zortziren bat», kexu da.
Hainbat herrialdetan, dardo jaurtiketa kirol bezala hartzen dute. «Londresen 2010ean egitekoak diren Olinpiar Jokoetan kirol bezala jarri nahi dute dardo jaurtiketa», nabarmendu du Joseba Unanuek.
Kataluniaren kasua aipatu du. «Han kirola da eta federazio propioa ere badute. Aldiz, atzerrian lehiatzerakoan, Espainia hitzak nonbait azaldu behar du, dela elastikoan dela fitxan. Madrilgo Kirol Kontseilu Nagusiak, hala ere, ez du kirol moduan onartzen», argitu du.
Noizko euskal federazioa? «Ni neu bakarrik ikusten naiz eta lan handia dago egiteko», aitortu du oriotarrak. «Afizioa egon badago, Kataluniako edo Mediterraneoko kopuruekin konparatzerik ez izan arren. Nire tabernan 50 lagun biltzea asko da. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban badaude zaleak. Makinak saltzen dituen enpresa bakarra, berriz, Gasteizen dago. Nafarroan ez da ezagutzen dardo jokoa», azaldu du.
Unanueren esanetan, batzuk kirola kontsideratzen dute eta besteek denbora-pasa. Hor dago koska. Gauzak ofizialki egin nahi izanez gero, nazioartean indarrean dauden hainbat arau onartu beharko lirateke eta hori ere ez da erraza. «Atzerrian lehiatzen ari zarenean, hemen ez bezala, ezin duzu ez erre ez alkoholik edan -kontatu du-. Zerbait serioa egitekotan arauak zehaztu behar dituzu. Adibidez, erretzea debekatzen baduzu, agian ikusleak ez doaz eta txapelketaren babesleak, noski, egindako inbertsioa berreskuratu nahi du».
Unanuek ez du arazorik aipatu arauekin. Ez da erretzailea eta hori abantaila bilakatzen zaio lehiatzerakoan. «Txapelketan, jokalari jakin batzuen kontra lehenengo bi orduetan irabaztea zaila izango dudala baina bosgarren ordutik aurrera errazagoa izango zaidala badakit, tabakoaren menpekotasuna daukatelako», adierazi du.
Orain dela hogeita lau urte hasi zen dardotan Miguel Angel Villimar, Basaurin garai batean zegoen Barrabas tabernan. «Lagun batzuk elkar zirikatzen hasi eta talde bat ere osatu genuen. Garagardoa nork ordaindu hasi ginen jokatzen. Egun batean bi galdu, hurrengoan lau irabazi, eta pikatuz joaten zara. Ezin dut azaldu, baina konturatzen zarenerako barruan zaude».
Denbora-pasa
Basauriarrak denbora-pasa bezala hartzen du dardoen kontua. Baina gaur egun ez du bere burua ikusten dardotan egin gabe. «Ez dut sekula utzi nahi izan», adierazi du. «Ibaigane tabernan aritzen naiz. Bi ligatan hartzen dut parte (makinen operadore banak antolatzen dituzte) eta horietako batean on line jokatzeko aukera dut. Niretzat oso egokia da, horrela nire mailako beste edonoren aurka joka baitezaket bera Alemanian, Suitzan edo Portugalen egonda ere».
Ibaigane tabernako diana ordenagailuari lotuta dago eta Internet bidez ehunka kilometrora dagoen aurkariaren irudia ikus daiteke. Bizkaian horrelako makina dezente daude. «Jokalarien batez besteko puntuaketak agertzen dira. Horrela bakoitzaren joko mailaren jakitun zara eta baten edo bestearen kontra aritzea erabaki dezakezu. Ondo dago. Zaletu asko ari dira engantxatzen kanpoko jokalarien aurka ari daitezkeelako», esan du.
Denbora-pasa bada ere, ezin ukatu ordu asko eskaintzen dizkiola afizioari. «Egin kontu bi liga direla, eta astean bina partida. Horiei tabernetan egiten diren txapelketak gehitu, baita Espainiako eta Europako txapelketak...», azaldu du Villimarrek.
Chicagoko hitzordua hurbiltzen ari den neurrian prestakuntza berezia ari da lantzen. «Egunean ordubete inguru hartzen dut eta 500 jaurtiketa egiteko denbora ematen dit», esan du.
Bigarren aldiz lehiatuko da Munduko Txapelketan. Aurrekoa Las Vegasen izan zen, 2003. urtean. Zazpigarren postua eskuratu zuen taldeka. Urte berean, taldeka baita, Espainiako Txapelketa irabazi zuten.
Europan ere badu eskarmenturik. «2004an, bakarka, hirugarren gelditu nintzen Kolonian, eta iazko maiatzean irabazle, Taviran, Joseba Unanuerekin. Espainiakoan txapeldun izan nintzen bi hilabete lehenago», gogoratu du.
Chicagora dena ematera joango dira. «Ea zer gertatzen den», esan du. Oriotarra eta basauriarra elkarrekin entrenatzeko egunen bat hartzekotan dira. «Josebak serio hartzen du eta jokatzen ari denean ez da despistatzen», esan du.
Basauriko Udalak, bidaia ordaintzeko eskatutako laguntza ukatu egin dio Villimarri. «Ez gara kluba eta, ondorioz, Udalak ez digu diru-laguntzarik emango. Dena den, arropa eta dardo jokoa erosi dit. Zerbait bada behintzat -esan du-. Irrintzi eta Iratxo tabernek ere diru pixka bat eman didate».
Lagunen artean aurkaririk aurkitzen duen ala ez galdetuta, honokoa esan du: «Zaletuek gustukoa dute niri begira egotea. Jaurtitzaile onek nahiago dute nire aurka aritu, baina hain onak ez direnek ez dute nahi».
Villimarren esanetan, Bizkaian orain ari da afizioa pizten. «Basauri izango da seguruen gehien jokatzen den tokia. Esnatzen ari gara eta besteak dauden mailara iristen ari gara. Orain ez dago hainbesteko alderik. Ni lehen Benalmadenara joaten nintzen eta bertan sekulako egurra jasotzen nuen», azaldu du.
Beretzat biak uztartzen ditu dardoen jokoak, kirola eta afizioa. «Xakea kirola bada, zergatik ez dardoak?». Buruari ahalegin handia eskatzen dio jokoak. «Luzaroan aritu beharra dago, urduritasuna tartean sartzen da... Las Vegasen hiru egunez aritu ginen jokatzen, pentsa!».
Urnietako Dardoka egitasmoa primerakoa iruditzen zaio: «Garagardoekin argia eta ura ordaintzen da eta, hilean 20-30 euroko kuotarekin, lokala. Gure artean hitz egin izan dugu dardoen klub bat sortu eta Udalari tokiren bat eskatzeko aukeraz. Askok jokatu nahi dute, baina gero ez dute saltsarik nahi».




