-

Inperio boteretsuenari irabazten dion herrixka galiarraren antza du Bilboko konpartsak, eta ez kamisetengatik soilik. Inoiz baino sendoago dago eta gazte mugimendua bildu nahi du 20. urteurrenean.

Maider Iantzi

2009ko Maiatzaren 07a

«Hogei urte dira igaro / lanean ta jaietan oparo / Kaskagorri hemen dago / gazte ta gorriago», dio urteurreneko kantak. Zer aldatu da?

Txisko Jorrin: Nire ustez, aldaketarik garrantzitsuena mentalitatearena izan da: kideek jaiekiko konpromisoa hartu dute eta festetan kulturak duen garrantziaz jabetu dira. Horrek ahalbidetu du Kaskagorrik 20 urte betetzea, inoiz baino sendoago egotea eta Bilboko kulturaren eta jaien ezinbesteko motorra izatea. Bestalde, aurreko belaunaldian egiten hasi ginen aldaketa orain argiago ageri dela uste dut. Lehen festak gauez egiten ziren eta gu egunez egiten hasi ginen. Egunez beste modu batean erlazionatzen zara, ehunka ekintza egiteko aukera duzu, Kaskagorriren ekarpena ikusten duzu.

Zein oinarriri eusten diezue?

Andoni Rojo: Kaskagorri herri izaera gazte eta gorri batekin sortu zen, kulturaren herritartasun hori eta parte hartzea lortzeko, eta gaur egun balore berekin jarraitzen dugula uste dut, gazte mugimenduaren bilgune izateko eta baita kultur mugimenduan eragiteko ere.

Irati Ugalde: Konpartsako kide bakoitzak gauza jakin batzuengatik borrokatzen du, baina gero denak elkartzen gara eta azkenean borroka guztiek bat egiten dute.

Denetariko jendea biltzen zarete, ezta?

Ugalde: Emakumeak, ikasleak, ekologistak, okupak...

Nola antolatzen duzue lana hainbeste lagunen artean?

Rojo: Asanbladan erabakitzen dugu zer plangintza egingo dugun urterako, zer gai jorratuko ditugun, zelako muntaia egingo dugun... Motor bat ere badugu, bertan taldeetako ordezkariak biltzen dira eta eragile lana egiten dute. Kanpaldia egiten dugu urtero eta urtearen plangintza egiten dugu. Etortzen den jendea lan egiteko prest dago eta beti daude ideia berriak.

Zuen edabe magikoaren sekretua argituko diguzue?

Jorrin: Konpromisoa da Kaskagorri mugitzen duen motorra, gazteen konpromisoa arazoen aurrean borrokatzeko, kulturaren alde, nortasunaren alde, festaren alde, azkenean festa beste aldarrikapen bat baita. Kaskagorri konpromiso bat da gazteentzat, gizarte hobea lortzeko.

Ugalde: Kaskagorrik freskotasun moduko bat transmititzen du, giro oso polita egoten da jaietan, inauterietan, eta horrek ere batzen du jendea.

Rojo: Egingarriak dira planteatzen ditugun alternatibak, errealitatera eramaten ditugu eta jendeari horrek indarra ematen dio. Urte guztian gauzak planteatzen egoten gara eta momentua heltzen da eta egiten ditugu, gai gara hori kalera ateratzeko. Horrek, alternatiba eskain daitekeela eta eredua alda daitekeela jakiteak, jendearengan lan egiteko grina gehiago sortzen du.

Aste Nagusia da beharbada zuen erakusleihorik handiena, makina bat ekimen antolatu duzue jai horietan. Aipatu ekintza gogoangarri batzuk.

Rojo: Igerilekuarena sinbolo bat da. Goizean Kaskagorriren txosnara joaten zara eta jendea bainu bat hartzen dago edo mahai jokoetan jolasten. Orain dela bi urte mamu harrapatzaileen gaiarekin ekintza bat egin genuen kalean eta udaletxearen aurrean pankarta bat jarri genuen Azkunaren mamuaren kontra. Jendeak txalo egiten zuen. Beste konpartsekin bazkariak egiten ditugu, Kaskaerrepresaliatu Eguna urtero egiten dugu senideekin...

Abestiak ere egin dituzue.

Jorrin: Aste Nagusian txosna ixteko erabiltzen genuen abesti bat eta 15. urteurrenerako beste bat egin genuen.

Rojo: 20. urteurrenerako abestia egiteko Bilboko talde gazte bat bilatzen genuen, hazten ari zena, eta hor agertu zen Bilbomatiks. Gainera, taldekide batzuk konpartsakoak dira. Goseko Inesek, Amaiurreko Naroak eta Zea Mayseko Aiorak ere parte hartu dute eta luxu bat izan da. Taldekideentzat sekulako esperientzia izan da estudio batera sartu eta grabatzea, eta guretzat ere bai, ez genuen halakorik egina, Txiskok-eta bai, baina gazteagoak garenok ez. Azkenean abesti polita atera da, jai egitera gonbidatzen du.

Azal iezaguzue nolako jaia prestatzen ari zareten.

Rojo: Ez genuen urteurren jai bat bakarrik egin nahi, baizik eta gazte mugimendu osoa bildu, bertan sortzen diren kultur adierazpideak kaleratu eta jendeari bidea eman ekimen horietan parte hartzeko. Sei gune banatuko ditugu Alde Zaharrean: Musika gunea, Kale kultura, Herrien kultura, Kirol gunea, Gazte sorkuntza eta Azoka gunea. Hip hopa, breakerrak eta rollerrak, flamenkoa, erromeria, bideoak, tailerrak, gimnasia erritmikoa... Egitarau anitza, gaztea eta parte hartzea sustatzen duena egin dugu. Egun osoan izango da kale animazioa eta gauean kontzertua emango dute Bilbomatiks, Hesian eta Amaiur taldeek. Hori guztia kaleratuz, eskaintzen diguten kultur ereduak alternatiba baduela eta egingo dugula erakutsi nahi dugu. Pauso txikitxo bat izango da nahi dugun eraldaketa egiteko. Gazte hiri gorria irudikatuko dugu.

Ugalde eta Rojo nahiko berriak zarete konpartsan. Nolatan animatu zineten?

Ugalde: Ni duela lau urte sartu nintzen. Aurretik ere ezagutzen nuen, jaietan ibiltzen nintzelako eta beti ezagutzen dituzulako txosnak eta konpartsak. Erakartzen ninduen, baina oraindik ez nengoen sartuta. Gogoratzen dut 15. urteurrenean auzoko jendeak animatu ninduela eta apurka-apurka bertako giroa ezagutzen joan nintzela. Ez da gauza bera jaiak konpartsa baten barruan edo kanpoan bizitzea. Kanpoan zaudenean pote batzuk hartzen dituzu, zerbaitetan parte hartzen duzu, baina konpartsa baten barruan zaudenean guztiz ezberdin bizitzen dituzu jaiak, aurreko lan guztia izugarria da: egitaraua, diseinua... Uda guztian zaude Bilbon panelak margotzen, aldamioak muntatzen... Eta gero jaietan bertan pasada bat da. Ez dituzu lagunak deitzen, txosnara jaisten zara eta dagoen jendearekin zaude. Koadrila handi bat izango balitz bezala da eta ekintzak zuk antolatzen dituzunean ezberdina da, egitaraua osatzerakoan pentsatzen duzu zer egin nahi duzun eta zer eskaini ahal diozun jendeari eta gero pasada bat da jendea parte hartzen ikustea. Gure arteko harremanak ere piloa estutzen dira, ni beti auzoan ibiltzen naiz koadrilarekin eta auzoko jendearekin eta Kaskagorrik errazten duena da beste auzoetako jendearekin harremanak estutzea eta konfiantza giroa sortzea. Buruhauste piloa ekartzen dizu, baina gero asko betetzen zaitu. Jaiak bukatzen direnean, gauza guztiak desmuntatu behar ditugu eta nekagarria da hori, oso nekatuta egoten gara eta oraindik panelak jaitsi behar ditugu, garbitu... Hiru egun dauzkagu dena egiteko eta eromena da. Duela hiru urtetik guztia desmuntatzen bukatu eta afari bat egiten dugu konpartsako kideontzat, beti gustatzen zaigu aho zapore onarekin bukatzea eta egun hori oso polita izaten da.

Rojo: Ni ere 15. urteurrenean hasi nintzen pixka bat hurbiltzen eta duela hiru urtetik parte hartzen dut. Iratik esan duen bezala, hasieran pixka bat hurbiltzen zara lagunekin, zer dagoen ikustera, ikusten duzu benetan oso giro polita dagoela eta konfiantza hartzen, jendea ezagutzen eta gauzetan parte hartzen hasten zara, zurea egiten duzu konpartsa, heltzen da momentu bat benetan zurea sentitzen duzuna eta apustu egiten duzuna gauzak ondo ateratzeko. Eromena da, baina ikusten duzunean konpartsaren irudia 22 metroko dorre batean benetan harro sentitzen zara. Gazte mugimenduaren bozgorailurik handienetakoa da, hor dauzkagu gure aldarrikapenak kalean eta erabiltzen dugun eta sortu nahi dugun tresna bat da. Bestalde, hainbat arlotako jendea biltzen gara eta esperientzia truke hori sekulakoa da: agian ez nekien ezer Santutxuko neska gazteen taldeari buruz eta gaur badakit zertan egiten duten lan, zergatik borrokatzen duten. Oso aberasgarria da. Lagunak ere egiten dituzu. Irati ez nuen ezagutzen eta orain oso lagun onak gara.