"El secret de la lluna". Horixe Pirritx eta Porrotxen "Ilargiaren sekretua" filmaren bertsio katalana. Asteburu honetan bertan estreinatuko da Kataluniako zazpi zinematan, Bartzelonan besteak beste. Lagun arteko kontua izan zen hasieran; «Maite zaitut" abestiaren «T'estimo molt" bertsioa etorri zen gero. Eta batak bestea ekarri zuen.
Amagoia Mujika
2009ko Maiatzaren 07a
Pirritxek eta Porrotxek katalanez hitz egiten ikasi dute. Hartara, «Ilargiaren sekretua» filma bikoiztu eta asteburu honetan estreinatuko da «El secret de la lluna» Kataluniako zazpi zinema aretotan; Bartzelonan, besteren artean.
«Ilargiaren sekretua» 2004 urte amaieran estreinatu zen Euskal Herrian. Hik Hasik, euskal heziketarako aldizkariak, ekoitzitako lanak bide arrakastatsua egin zuen. «Herriz herri izan ziren emanaldiak eta harrera oso ona izan zen. Herri batzuetan emanaldi bat baino gehiago egin behar izan genituen. Eta bide horixe egin zuen filmak, ez baitzuen bestelako laguntzarik izan, nahiz eta gerora sari bat jaso», kontatu dute Hik Hasi aldizkarikoek.
Orain, lau urte beranduago, Kataluniako zinematara iritsi da. Bidea, pausuz pausu egin da, kasik konturatu gabe bezala, baina dezente kostatuta.
Hasiera batean, Katalunian zituzten lagun batzuei oparitu zieten filma Hik Hasikoek, bestelako inolako intentziorik gabe. «Kataluniako lagunak hasi zitzaizkigun esaten beren umeek, euskararekin inolako harremanik ez zuten arren, behin eta berriz eskatzen zietela filma ikusteko. Horregatik, bagenituen datu horiek. Bagenekien hizkuntzarekin inolako harremanik izan ez arren, filmak bazituela hizkuntzetan kodifikatzen ez diren mezuak edo amuak, eta Kataluniako haurrek ere gustura ikusten zutela».
«T'estimo molt» abestia
Pirritxen eta Porrotxen «Maite zaitut» abesti famatua etorri zen ondoren. Kataluniako Lax'N'Busto musika taldeak abesti horren katalanezko bertsio bat egiteko proposatu zien pailazoei. Eta hortik sortu zen «T'estimo molt» abestia.
«Abestia Garate estudioetan grabatu zuten eta egun batzuk eman zituzten hemen, Euskal Herrian. Gu ere izan ginen gerora haiekin Katalunian eta harremana egin genuen. Eta haiei ere filma oparitu genien. Talde horretako managerrak baditu bi ume eta etxean jarri zuen filma. Eta berriz ere berdina gertatu zen; haurrek behin eta berriz eskatzen zuten filma jartzeko».
Katalunian urtero «Altres cançons de Nadal» (Gabonetako beste abesti batzuk) diskoa kaleratzen dute. Disko horretarako musika talde bakoitzak nahi duen abestia hautatzen du eta Lax'N'Busto taldeak «T'estimo molt» aukeratu zuen. Horri esker, abestia oso ezaguna egin zen eta TV3 telebista kate publikoa ere hasi zen kanta emititzen, eta harrera oso ona zeukala konturatu ziren.
«Ordurako harremana genuen RGB Management enpresarekin, Lax'N'Busto taldearen managerrekin. Umeak, hizkuntza ezagutu gabe, filmarekin engantxatu egiten zirela ikusita eta abestiaren arrakasta kontuan hartuta, filma katalanera bikoizteko proposatu ziguten. Haiek ondo ezagutzen dute musika mundua eta Kataluniako zinema zirkuitua eta baietz esan genien. Hasieratik garbi ikusi genuen», jarraitu du Hik Hasikeko kideak. «Betidanik film horri beste irteera bat eman nahi izan diogu, baina garbi genuen ez genuela gaztelaniara bikoiztu nahi. Gaztelaniaz badago lehendik ere nahikoa eskaintza umeentzat eta katalanez, euskaraz bezala, nahikoa eskasa da eskaintza. Horregatik nahiago genuen filma gurea bezalako gutxitutako hizkuntza batera bikoiztea. Guk ez dugu Kataluniako merkatua ezagutzen eta horregatik ez ginen hasieratik ausartu. Baina katalanen laguntzarekin, aurrera egitea erabaki genuen».
Ahotsik antzekoenak
«Ilargiaren sekretua» filmaren bikoizketa Bartzelonako Estudios Molinaren egin dute. «Guk euskarazko bertsioa pasatu genien, haiek parte hartzen zuten aktore guztien ahotsak entzun zitzaten. Gero, bikoizketarako ahotsik antzekoenak topatzen saiatu ziren eta lagin batzuk bidali zizkiguten, filmaren zatitxo batzuk bikoiztuta. Ahots bakoitzetik hiruzpalau lagin desberdin bidali zizkiguten, guk gustukoena aukeratzeko. Bitxia izan zen. Bidali ziguten Pirritxen lehen lagina perfektua zen, berdin-berdina. Badirudi Pirritx bera izan dela bikoizketa egin duena. Porrotxen kasuan, hiru bat lagin bidali zizkiguten eta ez zitzaizkigun gehiegi gustatu. Asko kostatu zaigu Porrotxen ahotsaren antzekorik topatzea eta azkenean, akaso ez da hainbeste hurbildu ahotsa. Izan ere, Porrotx errepikaezina da», nabarmendu dute.
Behin filmaren bikoizketa amaituta eta zinema aretoetara eramateko prest utzita, azken pausua iritsi zen, eta, azkena izanagatik, ez da errazena. «Behin produktua amaituta, nola aurkeztu hori Katalunian? Euskal Herrian oso erraza izan zen, Pirritx eta Porrotx oso ezagunak direlako. Baina, Katalunian ez dira ezagunak eta, gainera, han pailazoak beste modu batera ikusten dira. Hemen Pirritxek eta Porrotxek lortu dute ulertaraztea pailazoak ez direla bakarrik barre egiteko. Baina, Katalunian, ez da horrela gertatzen. Horregatik erabat berria den eremu batean sartzera goaz», azaldu dute heziketarako aldizkaritik.
Horregatik, «T'estimo molt» abestiaren erreferentzia baliatuko dute Pirritxen eta Porrotxen aurkezpena egiteko. Gainera, filma ikusiko den herri guztietako udalekin elkarlanean, pelikularen inguruko diptikoak helarazi dizkiete haur guztiei, informazio gehiago izan dezaten. Bartzelonako Euskal Etxea ere bidelagun izango dute proiektua zabaltzeko orduan.
Begiradaren heziketa
Momentuz proiektuak ez dauka inolako diru-laguntzarik. Hik Hasi da ekoizlea eta RGB Management, banatzailea. Ostiralean izango da lehenengo emanaldia, Euskal Etxean. Eta, igandean, hilak 10ean, zazpi zinematan eskainiko da.
«Banatzaileak, zinematan eman eta gero, filma kultur etxeetara eta eskolatara eramateko asmoa dauka. Izan ere, film hau `Begiradaren heziketa' deituriko egitasmo zabalago baten barruan dago. Irudiaren gizartean gaudela esaten da orain. Orain arte `egia' ikusten genuen irudi batean baina, orain, teknologia berriak direla-eta, irudiak ere zalantzan jarri behar dira. Eta hausnarketa hori eskoletara eramatea garrantzitsua da. `Begiradaren heziketa' produktu osoa -hor barruan dago filma- katalanez prestatu eta zabalduko dugu, aurten bertan segur aski», bukatu dute.




