Iņaki Altuna
2009ko Maiatzaren 07a
Gasteizko Legebiltzarrak Patxi Lopez izendatu zuen lehendakari, eta ekitaldi berean Juan Jose Ibarretxek politika utziko duela iragarri zuen. Albiste beraren bi aurpegiak izan ziren. Bata sartzen eta bestea irteten. Kasik hogeita hamar urtez izan du EAJk gobernua bere esku, eta egoera hori aldatzea, beste ezer kontuan hartu gabe, oso gertaera garrantzitsua da.
Lehendakari izendatuko zuen Legebiltzarraren zilegitasuna aldarrikatu nahi izan zuen Lopezek hasiera-hasieratik, eta «terrorismoa» babesten dutenak bertan ez egoteaz poztu zen. Ideiak ez direla galarazten gaineratu zuen. Independentziaren aldekoak ere bertan omen daude, Aralarri esker. Laudorio gehiegi egiten diote nazionalista espainolek alderdi horri; ezker abertzaleak pairatzen duen jazarpena justifikatzeko, gainera. Erabilera hori dela-eta, Ezenarro bera haserre agertu zen.
Tarte batean edo bestean, osoko bilkuran oso presente izan zen ezker abertzalea, nahiz eta legez kanpo egon eta bere babes sozialak eman beharko liokeen ordezkaritzarik gabe utzi duten. «Excusatio non petita, accusatio manifesta» esamoldea erabil daiteke Lopezek Legebiltzarraren zilegitasun demokratikoa defen- datzeko egindako saiakera ikusita.
Hasiera horren ondotik, Lopezek bi aipamen nagusi izan zituen: krisi ekonomikoa eta ETA. Lehenengoaz, hitz polit asko bai, baina segurtasun gutxi eskaini zuen. ETAri buruz, erakunde armatuaren deslegitimazioa lortzeko ahal bezainbeste egingo duela agindu zuen. Hortxe jarriko du indarra, eta PP gustura izango du. Begi bistakoa da PS(O)Ek hainbeste aipatzen den ETAren ahuldadearen gainean eraiki nahi duela bere estrategia, eta ez eztabaida politikoan, eztabaida politikoa erabat irekita ahuldadeak beste nonbait daudela ikusiko baikenuke.
Gainerakoan, PSEko hautagaiak alderdi guztiei eskua zabaldu zien, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko... Gobernuburu izateko orduan esan ohi dira horrelakoak. Kargua hartzeko saioei dagozkien hitzak dira.
Juan Jose Ibarretxek ezin zituen hitz berak erabili; seguru asko, bere burua aurkeztu arren, bazekielako ez zuela aukera txikienik ere. Oso tankera mingotsa izan zuen orain arte lehendakari izandakoak. Mingotsegia, azken hitzartzean politika utziko duela iragarri behar bazuen. Hamar urteko ibilbidea ixteko beste lasaitasun bat espero zitekeen, are gehiago hauteskundeak irabazi dituenean. Iragarpena egiteko moldea ere xelebrea izan zen, bozketa hasi aurretik esan baitzuen politika uzteko erabakia hartua zuela. Prozedura amaitu arte ere ez zuen itxaron. Hain izan zen xelebrea, paradoxarik ere gertatu zela: Ibarretxek ez zuela politikan jarraituko esan eta minutu gutxira, boza argitu gabe zuen taldeak (Aralarrek) EAJren ordezkariaren alde egingo zuela iragarri zuen.
Ibarretxek politika uzteak esanahi handia du, politikatik desagertzeak garai oso baten amaiera irudikatzen baitu. Lizarra-Garaziko urtean aukeratu zuten lehendakari, EAJk eta PSEk elkarrekin zuten gobernua amaitu eta gero. EAJk Lizarra-Garaziko apustua alde batera utzi bazuen ere, Ibarretxe aurreko garaira -Ardanzaren garaira, nolabait esatearren- bueltatzeko oztopo bilakatu zen, bilakatu zuten. Estatutu Politiko berriaren eta herri galdeketaren proposamenak zirela-eta, «soberanista»tzat jo zuten alderdi eta hedabide espainolistek, baita EAJko askok ere. Horientzat ere deseroso bilakatu zen Ibarretxe. Galde diezaiotela, bestela, Josu Jon Imazi. Honen ondokoari, Iñigo Urkulluri, galdetu zioten, eta aitorpena egin zuen, duela hilabete gutxi liburu batean argitaratu zenez. Orain, Ibarretxe desagertu da eta EAJko gaur egungo buruek bidea libre dute Lizarra-Garazi alde batera utzi ondoren hasitako ziaboga azken bururaino eramateko.




